Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Ikaskuntzak euskal autogobernuari buruzko lan- eta gogoeta-jardunaldia antolatu dute

2016.eko apirilak 16
  • Jardunaldiak «Euskal autogobernuaren etorkizuna: ereduen analisi konparatua eta Europako dimentsioa» izena du eta apirilaren 20an egingo da Gasteizko Europa jauregian
  • Jardunaldi horretan nazioartean ospea duten adituek hartuko dute parte eta botere politikoaren lurralde-banaketari buruzko Europako lau eredu azalduko dituzte: Bavaria, Eskozia, Flandria eta Suitza. Beste bi adituk Europar Batasunak eredu-heterogeneotasunaren aurrean zein eginkizun duen aztertuko dute.
  • Jardunaldian, halaber, Eusko Legebiltzarrean ordezkatutako bost alderdi politikoak, EAJ, EH-BILDU, PSE, PP eta UPyD, arituko diren eztabaida antolatu da.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak eta EHUko Nazioarteko Zuzenbideko katedradun Juan José Álvarezek aurkeztu dute gaur goizean «Euskal autogobernuaren etorkizuna: ereduen analisi konparatua eta Europako dimentsioa» lan-jardunaldia.  Apirilaren 20an Gasteizko Europa jauregian egingo da jardunaldia, ikuspegi anitzeko gogoeta egiteko, gizarteari irekia, Euskadiko politika- eta lurralde-antolamenduaren etorkizunari eta horrek Europar Batasunean izan dezakeen lekuari buruz.

Horretarako, Josu Erkorekak eta Juan José Álvarezek azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Ikaskuntzak antolatu duten lan-egitarauan bi zati bereizi dira:

  • Batetik, goizean, nazioartean ospea dute adituek botere politikoa banatzeko Europako lau eredu azalduko dituzte: Bavaria, Eskozia, Flandria eta Suitza. Lau autogobernu-esperientziak konparatuko dira, eta kasuko gobernu zentralarekiko harreman-esparruak, Alemania, Erresuma Batua, Belgika eta Suitza hurrenez hurren. Ondoren, Europar Batasunaren jarrera aztertuko dute, eskualdeek Europan duten eginkizunaren ikuspegitik, eta barne-hedapenaren erronka jorratuko dute. Goizeko saioan Leire Arrieta arituko da moderatzaile-lanetan.
  • Bestetik, arratsaldean, Eusko Legebiltzarrean ordezkatutako bost alderdi politikoen liderrak –EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzar, EH Bilduko legebiltzarreko bozeramaile Hasier Arraiz, PSEko idazkari nagusi Idoia Mendia, PPko legebiltzarreko bozeramaile Borja Sémper eta UPyDko Gorka Maneiro– eztabaidan jardungo dira Estatutu-garapenaren balantzeari buruz, lorpenak, eguneratzeko oinarriak, etorkizuneko proposamenak, etab., aztertuta. Moderatzaile-lanak Juan José Álvarezen ardura izango dira.

Iñigo Urkullu lehendakariak emango dio amaiera jardunaldiari, 19etan inguru.

GOBERNU PROGRAMA

Jardunaldia «1.000 egun» izeneko gobernu-programaren barne dago. Eusko Jaurlaritzaren hirugarren konpromisoak, «Estatus politiko berria Euskadirentzat» izenekoak, gaur, José Antonio Aguirre lehendakari izandako lehen Eusko Jaurlaritzaren egoitza izan zen Carlton Hotel ezagunean aurkeztu direnen gisako nazioarteko jardunaldiak egitea aurreikusten du. 

Eusko Jaurlaritzak oraingoan ere Eusko Ikaskuntzaren esku utzi du hitzordu garrantzitsu hori antolatzeko ardura, sentsibilitate desberdinak batzeko gaitasuna eta neutraltasuna direla medio, eta ibilbide zein esperientzia handiak dituelako euskal autogobernuaren esparruan. Eusko Ikaskuntza 1918an sortu zen eta pieza gakoa izan da bertako politikagintzaren historian; esaterako, Autonomia Estatutuaren lehen proiektua idatzi zuen, Lizarrako Estatutu gisa ezagutzen dena, eta Euskal Estatuko Estatutu Orokorra izena zuena. II. Errepublika aldarrikatu ondoren, Eusko Ikaskuntzak Autonomia Estatutuaren aurreproiektua prestatu zuen, sentsibilitate politiko guztiek eta lau lurraldeetan onartzekoa zatekeena.

Informazio gehiago: www.eusko-ikaskuntza.eus

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)