Berriak Lehendakaritza
Eu

Lan-eskaintza publiko guztiek “itxarongo” dute baliokidetza dekretu berria atera arte euskara probak egiteko

2010.eko irailak 21

Hezkuntza Sailak azaroa bukatu baino lehen dekretu berria prest izango du eta “hizkuntza eskola ofizial guztietako” ziurtagiri eta tituluak barne hartuko ditu

 

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak “baliokidetza dekretu berriak” dagoeneko hasita dauden Lan-eskaintza Publikoen prozesuari nola eragingo dien jakiteko “Jaurlaritzaren sailetara deitzen” ari diren ehunka pertsonak “lasaitu” nahi izan ditu. Azaroa bukatu baino lehen Hezkuntza Sailak prest izango du euskararen gaineko ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien baliokidetzari buruzko dekretu berria, “hizkuntza eskola ofizial guztiak barne hartuko dituena”, azaldu du Jaurlaritzaren bozeramaileak. Mendiaren hitzetan, “martxan dauden lan-eskaintza publikoen prozesu guztiek itxarongo dute dekretu berria argitaratu arte euskararen gaineko ezagutza ziurtatzeko probak egiteko”.

Astero egiten den Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan Idoia Mendia bozeramaileak Kontseiluan hartu diren erabaki nagusiak aztertu ditu eta egun-eguneko gai batzuk berrikusi ditu.

Mendiak Patxi López lehendakariak Eusko Legebiltzarrean ostegunean egingo den Politika Orokorrari buruzko Eztabaidan emango duen hitzaldiaren ildo nagusiak azaldu ditu, eta hain zuzen ere, ETA desagerraraztea lortzeko "azken ahalegina" egin behar dela eta terrorismoaren amaiera "hurbil" dagoela azpimarratuko du. Lehendakariaren hitzaldiak aztertuko duen beste gai garrantzitsu bat Euskadik dagoeneko krisialditik ateratzeko bideari ekin diola da, “langabeziaren igoera gelditu da-eta”.

Bestalde, kazetarien galderei erantzunez, Eusko Jaurlaritzaren eledunak esan du Gobernu zentralak eta EAJk “edozein unetan lor dezaketela” lan arloko politika aktiboen transferentziari buruzko akordioa, eta jeltzaleek “hausturaren bidea” uztea eta Gernikako Autonomia Estatutuaren bidera itzultzea erabaki dutela-eta pozik dagoela azaldu du. Mendiak gogorarazi du Patxi López lehendakariaren gobernuak hilabeteak daramatzala transferentzia hori lortzeko lanean eta bere ustez, EAJrekin “akordioa lortzeko marjina dago”, eta “transferentziak gobernuen artean sinatu eta adosten direla” ohartarazi du. Akordioaren baldintzei dagokienez, Mendiak adierazi du “Gizarte Segurantzaren kutxa bakarra haustea eragiten ez duen guztia barne har dezakeela transferentziak”.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2010-09-14)

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Idoia Mendia, bozeramailea