Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Eragile instituzional, ekonomiko eta sozialek ekarpenak egin dizkiote Euskadiko Enplegu-estrategiari

2016.eko apirilak 13

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak 2020rako Euskal Enplegu Estrategiari buruz aritzeko eragileak eta adituak bildu dituen jardunaldia antolatu du. Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toña izan da ekitaldiaren buru.

 

100 parte-hartzaile inguru: eragile instituzionalak, ekonomikoak eta sozialak, modu batera edo bestera Euskadiko enpleguarekin zerikusia dutenak, Eusko Jaurlaritzak 2020rako Euskal Enplegu Estrategia sustatzeko antolatu duen lan-jardunaldi batean bildu dira. Erakundeen, enpresa-elkarteen, sindikatuen, klusterren, hezkuntza-erakundeen, gizarte-erakundeen eta unibertsitateen ordezkariek eta adituek hartu dute parte. World Cafe metodologia erabilita (lankidetzarako elkarrizketa-sarea sortuta), parte-hartzaileek ekarpenak egin dituzte gaur Euskalduna Jauregian.

2020rako Euskal Enplegu Estrategiaren helburua da datozen urteetan enplegu-politikek jarraitu beharko dituzten gidalerroak finkatzea, ekonomia-, gizarte-, demografia- eta ekoizpen-inguruabar berriak «errezeta berriak» eskatzen dituela oinarritzat hartuta. Estrategia berri horrek Europa 2020 Estrategiarekin lerrokatuta egon nahi du. Europako estrategiak Europar Batasunaren helburuak eta jarduteko ildo lehenetsiak zehazten ditu, enplegu-hazkundeari dagokionez, egungo krisi ekonomikoa eta finantzarioa gainditzeko ez ezik, gure hazkunde-ereduaren gabetasunak murrizteko eta hazkunde adimentsu, jasangarri eta integratzaileak behar dituen baldintzak sortzeko.

2020rako Euskadiko Enplegu Estrategia osatzeko konpromisoa hartu zuen Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa sozialerako mahaian. Izan ere, eragile ekonomikoen eta sozialen parte-hartzea da prozesu honen alderdi garrantzitsuenetako bat.

Enpleguaren gaineko ikuspegia zabaltzeaz gain, enpleguari loturiko beste politika batzuk ere garrantzitsuak dira, hezkuntzakoa eta sustapen ekonomikokoa kasu, enpleguan eragin oso handia dutelako.

 

Jardunaldia

Europako Batzordeko Enplegu, Gizarte Gaiak, Gaitasunak eta Mugikortasuneko Zuzendaritza Nagusiko policy officer Ignacio González-Vázquezek eta aldaketaren, gizarte-berrikuntzaren eta pertsonen arloetako aholkulari espezialista Juan José Goñik hitzaldi bana eskaini dute; «2020rako Euskal Enplegu Estrategia eta kualifikazio berrien aurreikuspena» eta «Gizarte digitala eta laugarren iraultza sozioekonomikoa. Ondorioak eta lan- zein enplegu-aukerak maila geoekonomikoan, antolaketan eta gizarte-mailan» hurrenez hurren.

Ondoren, World Cafe formatuan, bertaratuek jarduteko proposamenak egin dituzte Euskadik enpleguan dituen erronka hauetarako:

  • Aktibatzea. Egungo jarduera-maila txikia handitzea eta enpresen eskariari erantzuteko zein ongizate-estatuari eusteko populazio landun nahikoa ez izatearen arriskua gutxitzea.
  • Kualifikazioa eta gaitasunak. Ekoizpen-ehunaren egiazko beharren araberako gaitasunak eskuratzea, barne hartuta ezagutza teknikoak, gaitasun sozialak, hizkuntzen ezagutza, etab.
  • Aukerak sortzea. Garapen ekonomikoaren bidez aukerak sortzea eta gure ekonomiak enplegua sortzeko duen gaitasuna erabat aprobetxatzea.
  • Aukera berdintasuna. Lan-merkatu inklusiboa lortzea, merkatuko kolektibo eta talde guztientzako aukera ekitatiboak eskainiko dituena.
  • Kalitatezko enplegua. Kalitate handiagoko enplegua eskainiko duen lan-merkatua lortzea.
  • Sistema eraginkorra eta efizientea, baliozko zerbitzuak eskainiko dituena. Egungo euskal enplegu-sistema hobetzea, enpleguan eragina duten politika guztiak integratuta eta pertsonen zein enpresen beharretara hobeto doitutako zerbitzuak eskainita.
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)