Berriak Segurtasuna
Eu

Trafiko Zuzendaritzaren Neguko Bidezaintza Plana (NBP), orotara, hamaika aldiz aktibatu da, baina ez da aparteko arazorik sortu euskal errepide-sarean

2016.eko apirilak 13
Orotara, 11 aldiz aktibatu da NBP, elur-maila 1.000 m-tik behera jaisteagatik
 
Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak hamaika aldiz aktibatu du Neguko Bidezaintza Planaren segimendu eta informazio fasea azarotik apirilera bitartean, elur-maila 1.000 metrotatik behera zegoelako. Beste 8 aldiz abiarazi behar izan du fase operatiboa, elur maila 700 metrotik behera jaitsi zelako.
 
2014/15 neguan, fase operatiboa 9 aldiz aktibatu behar izan zen, baina aurten, 2015/16 honetan, 8 aldiz. Aktibatzeen kopurua ere jaitsi egin da aurreko ekitaldiaren aldean: 2014/15 aldian 12 aktibatze egin ziren, aurten, 11.

Lehen elur-agerraldia azaroaren 21ean eta 24an izan zen: elur-maila 700-900 inguruan kokatu zen, aire polarreko masa bat iritsi zelako, eta termometroa 0 ºC-tik behera erori zen Araban, ordura arteko azaroko asteak abuztuko tenperaturekin joan baziren ere. Opakua, Herrera, Bernedo, Urduña eta Zaldiaran mendateak kamioientzat itxita egon ziren tarte batzuetan, eta autoek kateak edo neguko gurpilak erabili behar izan zituzten. Elurteak arazoak eragin zituen A-15 Leitzarango autobidean, Pagozelaiko zerbitzugunearen parean, kamioi bat bidean gurutzatuta geratu zelako Iruñeko norabidean.

Bigarren elur-agerraldia 2016ko urtarrilaren 14tik 16ra bitartean gertatu zen. Elur-maila 600-800 metro artean kokatu zen, tarteka, 500 metrora jaitsi bazen ere, fase operatiboa abian jartzera behartuz. Abendua eta urtarril hasiera eguraldi ez-ohiko paregabearekin joan ondotik, prezipitazio mardulak eta txingor-ekaitzak gertatu ziren, eta tenperaturak, gehienez, 5-7 ºC-koak izan ziren barnealdean, eta 10 ºC-koak kostaldean. Opakua, Herrera, Urduña eta Altube mendateetan nahitaezkoak izan ziren kateak edo neguko gurpilak ibilgailu mota guztientzat.

Hirugarren elur-agerraldia otsailaren 6an eta 7an izan zen. Elur-maila 800 metrora jaitsi zen, baina ez zuen zirkulazio-arazorik sortu, berehala igaro zelako eta prezipitazioak txikiak izan zirelako. Hala ere, 2 egun geroago besterik ez, otsailaren 9an, N-634 errepidea itxi behar izan zen Zumaia eta Zarautz artean, bide-segurtasunerako arriskua zirelako olatuen altuera eta inpaktuak itsasgoran.

Negua egiatan iritsi zen Euskadira laugarren elurtearekin, zehazki, otsailaren 14an eta 16an. Elur maila 200-300 metro artean kokatu zen. Opakua, Azazeta, Kurtzeta, Urduña, Bernedo eta Herrera mendateak itxita egon ziren ibilgailu guztientzat, eta lurra zein harkaitzak jausi ziren bigarren mailako errepideetan. Halaber, A-15 Leitzarango autobidea bi norabideetan itxita egon zen bi orduz otsailaren 15ean, Nafarroako zatian elurra zegoelako errepidean.

Otsaila amaitu aurretik, beste 2 elur-agerraldi gertatu dira: 17aren eta 19aren bitartean eta 26aren eta 29aren bitartean. Bietan aktibatu behar izan zen fase operatiboa eta, bigarren kasuan, garabi astun bat mugiarazi behar izan zen A-1ean, Agurain parean. Otsailaren 27tik 29ra, gainera, Larrialdietako Plan Bereziaren hasierako fasea aktibatu zen uholde-arriskuagatik, eta arroen egoeragatik, batez ere, Zadorraren kasuan.

Martxoan, beste 3 elur-agerraldi gertatu ziren: 4tik 8ra, 9tik 11ra eta 16tik 17ra bitartean, hain zuzen. Lehen bi kasuetan fase operatiboa aktibatu zen, elur-maila 500-600 metrora jaitsi zenez. Gogor jo zuen txingorrak eta istripu bana eragin zuen Gipuzkoako GI-20 eta GI-636 errepideetan martxoaren 7ko goizean. Martxoaren 10eko goizean, N-634 errepidea itxita egon zen zenbait orduz Zumaia eta Zarautz artean, olatuek eragindako arriskuagatik eta kostako errepide horren alboko mendi-hegaletik harkaitzak jausteko arriskua zegoelako. Gainera, Arabako mendaterik garaienak eta Gipuzkoako Arlaban eta Elgeta mendateak ibilgailu guztientzat itxita egon ziren hainbat orduz martxoaren 10eko goizean. Bestalde, martxoaren 17an elur-maila 700 metrora jaitsi zen arren, ez zen zirkulazio-arazorik sortu errepide-sarean prezipitazioak ahulak izan zirelako.

Martxoaren 31tik apirilaren 4ra bitartean aktibatu da denboraldi honetan azkenaurrekoz Neguko Bidezaintza Plana, eta apirilaren 7tik 8ra bitartean, aldiz, azkenekoz. Kasu bietan elur-maila 800 metroa jaitsi zen, baina prezipitazioak ahulak zirenez, ez zen gorabehera nabarmenik gertatu euskal errepideetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)