Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Edurne Pasabanek eta Alberto Iñurrategik parte hartuko dute Eusko Jaurlaritzak antolatutako Ekintzailetzaren Lehen Foro Nazionalean

2010.eko irailak 20

 

"Emprende 2010" foroaren helburu nagusia ekintzailetza-topagune bat sortzea da, jarduera ekintzailea bultzatzearen aldeko erreferentzia eta eredua izateko.

Laguntzeko eskaintza publikoa eta pribatua bildu egingo dira "ekintzailetzaren leihatila bakarra" bihurtu den ekimen aitzindari horretan.

Ekintzaileari laguntzeko lehen foro nazionala urriaren 18an eta 19an egingo da BEC Bilbao Exhibition Center zentroan.

Eusko Jaurlaritzak, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren mendeko SPRI sozietate publikoaren bitartez, Ekintzailetzaren Lehen Foro Nazionala antolatuko du irailaren 18an eta 19an, BEC Bilbao Exhibition Center zentroan. "Emprende 2010" izena eman zaion ekimenean maila handiko jendeak parte hartu eta hitz egingo du, Edurne Pasaban eta Alberto Iñurrategi mendizaleek, besteak beste.

"Emprende 2010" foroaren helburu nagusia ekintzailetzarako topagune nazionala sortzea da, jarduera ekintzailea bultzatzearen aldeko erreferentzia eta eredua izango dena. Hala, "ekintzailetzaren leihatila bakarra" izango da. Laguntzeko eskaintza publikoa eta pribatua bilduko dira bertan, baita ingurune ekintzailearen aldeko konpromisoa hartu duten kolektiboak ere, hala nola enpresa bihur daitezkeen ideien sustatzaileak, azken ikasturteko ikasleak, autonomoak eta enpresa bat sortzeko asmoa duten enpresa-profesionalak. Foroak iraungo duen bi egunetan bertaratuko direnei erantzun egokia emango zaie beren zalantza eta kezkak argitzeko, eta gainera lehen eskutik ezagutuko dituzte ekintzaile eta sustatzaileen esperientziak.

Parte hartzeko guneak

"Emprende 2010" foroak zenbait bilgune eskainiko ditu harreman profesional zein pertsonalak errazteko: sustatzaileek beren proiektua saltzeko aukera izango dute "Speakers Lunch" eta "Posters" guneetan; "Networking" merkataritzako gaitasun eta trebetasunen garapena hizpide hartzeko gunea izango da, eta "First Tuesday", berriz, agente, inbertitzaile eta ekintzaileen topagune alternatiboa.

Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk bultzatutako ekimen hau aitzindaria da, eta lehen aldiz bilduko ditu Euskadin ekintzailetzarekin zerikusia duten agente guztiak. Autonomia-erkidego guztietako garapen-agentzietako ordezkariek parte hartuko dute foroak iraungo duen bi egunetan, guztiek ere bat egiten dutelako kultura ekintzailea indartzeko helburuarekin, aberastasuna sortzeko funtsezkoa den heinean.

www.emprende2010.net

Vitoria-Gasteiz, 2010eko irailaren 20a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko