Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Legebiltzarrak bihar onartuko duen Udal Legeak «erakundeen babes eta berme demokratiko eztabaidaezina» duela adierazi du Erkorekak

2016.eko apirilak 06

Onda Vasca irratian elkarrizketatu dute Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburua

Bihar Eusko Legebiltzarrean ziur aski onartuko duten Udal Legeak «erakundeen babes eta berme demokratiko eztabaidaezina» duela adierazi du Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak. Horrez gain, araudi hori aurrera ateratzeko egindako ahalegina txalotu du, EAEko udalei eskumenak zehazteko aukera emango baitie. Adierazpenok egin ditu gaur gauean Onda Vasca irratian emandako elkarrizketan.

Jaurlaritzaren bozeramaileak gogorarazi duenez, Legea babesten duten bi alderdiek, EAJk eta EH Bilduk, % 65eko ordezkaritza dute Eusko Legebiltzarrean eta % 70ekoa udal-gobernuetan; azken horietan EAEko biztanleen % 80 bizi dira, halaber. Horrenbestez, akordioaren zilegitasuna «egundokoa» dela nabarmendu du. «Ikuspegi horretatik ez du inolako defizitik, aitzitik, erakundeen babes eta berme demokratiko eztabaidaezina du», gehitu du Erkorekak, eta beste alderdi batzuek akordio horrekin bat egitea ere ez du baztertu. «Ahal izan dugun guztia egin dugu gehiengo egonkor eta sendoa lortzeko», erantsi du.

Gobernu Programa 2013ko apirilean aurkeztu zutenetik igarotako 1.000 egunak betetzean gaur Lehendakaritzan eginiko ekitaldia ere aipatu du Erkorekak. Balantzea egiteko ez ezik, legegintzaldiaren amaiera diseinatzeko ere balio izan du aipatutako ekitaldiak. Horri buruz, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak gogora ekarri du abian jarritako neurri guztiak –600 baino gehiago– gorabehera, jarduketa batzuk amaitu gabe daudela oraindik; hortaz, «ez gaude inola ere legegintzaldiaren zabor-minutuetan, ezta hurrik eman ere», adierazi du.  Horri jarraikiz, «gelditzen diren minutuak orain arte igarotakoak bezain garrantzitsuak eta baliagarriak» direla azpimarratu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)