Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

2016ko Auzolandegiak programan izena emateko epea irekitzera doa

2016.eko apirilak 05
  • Euskadik 602 plaza eskaintzen ditu, 18-26 urte bitarteko gazteentzat
  • Izena ematea www.gazteaukera.euskadi.eus atariaren bidez egin ahal izango da, apirilaren 6 tik 12ra bitartean

Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak Auzolandegiak programan izena emateko epea irekiko du bihar asteazkena, apirilak 6, eta halaxe egongo da apirilaren 12ra arte. Aurten 602 plaza eskaintzen ditu Euskadik (iaz baino 125 plaza gehiago): horietatik 360 Euskadiko auzolandegietan izango dira; 150 Estatuko gainerako Autonomia Erkidegoetan, eta 92 atzerrian, Europa, Afrika, Asia eta Amerikako herrialdeetan.

Programan izena eman ahal  izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta dauden 18 eta 26 urte bitarteko gazteek. Nazioarteko auzolandegietan parte hartu nahi duten gazteek, gainera, ingelesa ongi menperatu beharko dute, ahoz behintzat. Programan parte hartzeko aukeratuak izaten diren gazteek (notario aurreko zozketa bidez egingo da hautaketa) 110 euroko kuota ordaindu beharko dute. Izen ematea www.gazteaukera.euskadi.eus atarian egin ahal izango da, eta eskaera bakarra onartuko da pertsonako. Izena emateko unean gazteek ez dute oraindik helburu izango duten auzolandegia edo herrialdea aukeratzen, ez lehentasunik azaltzen. Izena eman besterik ez dute egiten.

Auzolandegiak programan parte hartzen dutenek, oro har, lauzpabost orduz egiten dute lan astegunetan, goizez. Era berean, auzolandegi gehienetan irteera kulturalak ere egiten dira, asteburuetan. Programak ostatua, mantenua, asegurua eta aisia-jarduerak hartzen ditu barne.

Zer da auzolandegi bat?

Auzolandegietan leku askotako gazteak biltzen dira, euren borondatez eta ordainetan ezer jaso gabe, aldi batez elkarrekin bizitzeko eta gazteak hartzen dituen komunitatearentzat onuragarria den proiektu batean —eta jarduera osagarrietan— parte hartzeko asmotan. Proiektua burutzea balio jakin batzuk —elkarbizitza, tolerantzia, elkartasuna, parte hartzea, kultura aniztasunean heztea, etab.— sustatzeko bide bat da. Aldi berean, mundu zabaleko herrien izaerak eta kulturak ezagutzeko bidea ere eskaintzen dute auzolandegiek.

Lan-motaren arabera, era askotako auzolandegiak daude. Hauek dira, besteak beste, auzolandegien lan-arloak: arkeologia; ingurumena; artea eta sormena; nekazaritza; kultura-ondarea berreskuratzea; ondare arkitektonikoa berreskuratzea; gizarte arloa: ezgaitasuna duten pertsonekin, haurrekin nahiz adinekoekin lan egitea; komunikazio arloa; edo festibalak antolatzea.

Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak 31 urte daramatza programa hau antolatzen. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko udalen eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuen lankidetza izaten du. Bestalde, gainerako Autonomia Erkidegoekin, Espainiako Gazteriaren Institutuarekin eta atzerriko beste erakunde batzuekin koordinatuta, plazak trukatzen dira, gure gazteek atzerrian edo beste erkidego batean lan egin dezaten.

2016ko AUZOLANDEGIAK PROGRAMAREN PLAZAK

Euskadik hamar auzolandegi antolatuko ditu aurten, hiru lurraldeetan banaturik eta eskaintza zabala emanez. Auzolandegi bakoitzak 14 egun arteko bi txanda izango ditu, Bergarakoa eta Elgoibarkoa izan ezik, horiek txanda bakarrekoak izango baitira

EUSKADIN: 360 plaza  (hauetatik 96 plaza Euskadiko gazteentzat)

Esparrua: nazioartekoak (18-26 urte/ingelesez)

  • Gesaltza-Añana (Araba): “Añanako Gatz Haranaren berreskurapena eta mantentze-lanak” (ondare berreskuratzea eta ingurumena) . Egunak: uztailak 18 - abuztuak 1 eta abuztuak 1-15. Plaza-kopurua, 20 txandako.
  • Busturialdea (Bizkaia): “Kulturak eta naturak ingelesez egiten dute Busturialdean” (gazteen dinamizazioa). Egunak: uztailak 4-18 eta uztailak 18 – abuztuak 1. Plaza-kopurua, 20 txandako.
  • Lemoa (Bizkaia): “Memoria historikoa. Gerra Zibila Lemoatxen” (arkeologia eta ondare berreskuratzea). Egunak: uztailak 18 - abuztuak 1 eta abuztuak 1-15. Plaza-kopurua, 20 txandako.

Esparrua: Estatukoak (18-26 urte)

  • Agurain (Araba): Pedroko Hezegunearen eta Aguraingo ingurune berdearen berreskurapena, garbiketa eta errebalorizazioa (Ondare naturalaren kontserbazioa). Egunak: uztailak 4-18 eta uztailak 18 – abuztuak 1. Plaza-kopurua, 20 txandako.
  • Maeztu (Araba): Indusketa lanak Korres asfaltoen fabrika zaharrean (Arkeologia eta ondare berreskuratzea). Egunak: uztailak 4-18 eta uztailak 18 – abuztuak 1. Plaza-kopurua, 20 txandako.
  • Galdames (Bizkaia): Antonio Trueba ingurunean San Gines bidea egokitzea (ondare berreskuratzea). Egunak: uztailak 18 - abuztuak 1 eta abuztuak 1-15. Plaza-kopurua, 20 txandako.
  • Lekeitio (Bizkaia): Hirugarren adinekoentzako animazioa Uribarren Abaroa egoitzan (hirugarren adinekoen pertsonen gizarte-dinamizazioa). Egunak: uztailak 18 - abuztuak 1 eta abuztuak 1-15. Plaza-kopurua, 20 txandako.
  • Bergara (Gipuzkoa): Belaunaldi arteko trukaketa Mizpirualde egoitzan (hirugarren adinekoen pertsonen gizarte-dinamizazioa). Egunak: uztailak 4-18. Plaza-kopurua: 20.
  • Elgoibar (Gipuzkoa): Hormen egokitzapena grafiti teknikak erabiliz. Mendi bideetako seinaleen hobekuntza (Ondare berreskuratzea eta ingurumena). Egunak: uztailak 4-18. Plaza-kopurua: 20.
  • Urretxu (Gipuzkoa): Irimo proiektuaren barne Sarralde eraikuntzaren egokitzapena (Ondare berreskuratzea). Egunak: uztailak 18 - abuztuak 1 eta abuztuak 1-15. Plaza-kopurua, 20 txandako.

ESTATUAN

150 plaza eskainiko dira guztira, honako autonomia-erkidegoetan: Andaluzia, Aragoi, Balear Uharteak, Kanariar Uharteak, Kantabria, Gaztela Mantxa, Gaztela eta Leoi, Katalunia, Ceuta, Extremadura, Galizia, Errioxa, Madril, Melilla, Murtzia eta Valentziako Erkidegoan.

ATZERRIAN

92 plaza eskainiko dira lau kontinentetan: Europan, Afrikan, Asian eta Amerikan.

Informazio gehiago nahi izanez gero:  www.gazteaukera.euskadi.eus

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Superamatxu
    2016.eko apirilak 12

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Último día! Inscripción para el programa #Auzolandegiak 2016 ➡ https://t.co/U7EbFQrbAU https://t.co/OcsOqpN3Ea

  • @anibalpedreno
    2016.eko apirilak 12

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Último día! Inscripción para el programa #Auzolandegiak 2016 ➡ https://t.co/U7EbFQrbAU https://t.co/OcsOqpN3Ea

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)