Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak eskainitako Biktimari Laguntzeko Zerbitzuak indarkeria matxistaren biktima izan ziren 1.412 emakume lagundu zituen iaz

2016.eko apirilak 05
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Biktimari laguntzeko zerbitzua doan eskaintzen du Eusko Jaurlaritzak, eta, 2015ean, delitu mota ororen 2.674 biktima lagundu zituen era integral eta jarraituan.
  • Laguntza jaso zuen biktimaren profila honakoa da: emakumea, 41 eta 50 urte artekoa, Bizkaian bizi dena eta genero-indarkeria jasan duena.
  • Gainera, zerbitzu horrek 1.009 jakinarazpen egin zituen, indarkeria matxistaren biktima izandako emakumeei erasotzailea espetxetik aterako zela ezagutarazteko.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak Biktimari Laguntzeko Zerbitzuaren 2015eko jardueren memoria entregatu dio gobernu-kontseiluari. Zerbitzu hori doakoa da eta arreta integrala eta jarraitua ematen die delitu bat jasan izana salatu duten biktimei. 2015ean, zerbitzu horrek 8.008 laguntza-ekintza eskaini zizkien 2.674 biktimari, delitu mota guztiak barne hartuta.

2015ean, 8.008 laguntza-ekintza horietatik gehienak zerbitzuari buruzko informazio-jakinarazpenak izan ziren, bai bulegoetan, bai telefonoz, hala nola laguntza jasotzeko zein herri-administraziora edo organo judizialera jo adieraztekoak. Alabaina, honako hauek ere egin ziren:

  • 972 harrerako elkarrizketa.
  • 951 segimendu-elkarrizketa.
  • 903 esku-hartze psikologiko.
  • 307 laguntza-emate psikosozial eginbide judizialetan.
  • 716 aholkularitza juridiko gai zehatzei buruz.
  • 148 kontsulta Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen doako aholkularitza juridikoaren eskubideari buruz.
  • 88 aholkularitza laguntza publikoen katalogoari buruz. Gehienak indarkeria matxistak eragindako kontsultak izan ziren.

Iaz, Biktimari Laguntzeko Zerbitzuak arreta emandako 2.674 pertsonei loturiko 2.829 espediente ireki zituen (biktima batek espediente bat baino gehiago izan dezake, delitu motak gorabehera). Espediente horien ia erdiak, 1.414, genero-indarkeria jasan zuten emakumeei dagozkie. Askoz ere gutxiago dira zerbitzuak espedientea irekitzeko bigarren arrazoiari dagozkionak, zehazki, familia-barneko indarkeriarenak, 521; horietan ere biktimen gehiengoa, % 55,47% emakumeak ziren.

2015eko datuei erreparatuz gero, aurten ere Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen Biktimari Laguntzeko Zerbitzuan laguntza eskatzen duen biktimaren profila aurrekoen berdina da: emakumea, 41 eta 50 urte artekoa, Bizkaian bizi eta genero-indarkeriaren biktima izan dena.

ESPETXE JAKINARAZPENAK

Biktimari Laguntzeko Zerbitzua, halaber, auziperatutako edo zigortutako delitu-egilea espetxetik aterako dela biktimei jakinarazteaz arduratzen da, epaileek babes- edo urruntze-agindua eman badute. 2015ean, Biktimari Laguntzeko Zerbitzuak 1.009 jakinarazpen bidali zizkien 308 biktimari, honela banakatuta: 

  • Abisuen % 65 indarkeria matxistaren biktima izandako emakumeei egin zitzaizkien, erasotzailea espetxetik aterako zela ezagutarazteko.
  • Abisua jasotako pertsonen % 79,87 emakumeak izan ziren, gehienak 41 eta 50 urte artean dituztenak.

Halaber, 342 espetxeratze eta espetxe-aldatze jakinarazi zitzaizkion Ertzaintzari, biktimen segurtasunaz arduratzen diren baliabideak modu eraginkorragoan koordinatzeko. 

BIKTIMARI LAGUNTZEKO ZERBITZUA 

1991n sortutako zerbitzua da. Ordutik, arreta ematen die delituren baten biktima guztiei, arreta osoa, jarraitua eta doakoa eman ere.  Diziplina anitzeko taldeek ematen dute zerbitzua; taldeotan, legelariak, gizarte-langileak, psikologia eta psikiatriako profesionalak, etab. dihardute. Zerbitzuak lau bulego ditu: hain zuzen, Gasteizko, Donostiako, Bilboko eta Barakaldoko Justizia Jauregietan eta 2016an 609.600 euroko aurrekontua izango du.

Zehazki, hau da genero-indarkeriaren biktimekin egiten duen lana:  

  • Hasierako arreta: biktimari harrera egitea, aholkularitza osoa ematea, izapideak egiaztatzea, kautela-neurriak, arazoari buruzko informazio zehatza, sare soziosanitariora bideratzea, familiarekin harremanetan jartzea, eta abar.
  • Biktimei beren eskubideei eta eskuragarri dituzten laguntzei buruzko informazioa ematea: doako laguntza juridikoa, abiarazi daitezkeen ekintza zibil eta penalak, diru-laguntzak, gizarte- eta osasun-baliabideen sarera bideratzea, eta abar.
  • Prozesu guztian zehar laguntzea: etengabeko informazioa, bilakaeraren jarraipena, arreta psikologikoa, epaiketetara eta deklarazioetara joaten laguntzea, eta abar.
  • Babes aginduak edo bestelako kautela-neurriak dituzten biktimei laguntza berezia ematea: organo judizialen eta zerbitzu sozialen arteko koordinazioa, biktimaren beharrak ezagutzea, epaitegia etengabe informatuta izatea, eta abar.

(*) Hemen irakurri oharra

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rosaartetasainz
    2016.eko apirilak 05

    Comentario de Twitter:
    RT @portuigualdad: Irekia - El Servicio de Asistencia a la Víctima del Gobierno Vasco ayudó el año pasado a 1.412... https://t.co/zbNyMeeEGy

  • @portuigualdad
    2016.eko apirilak 05

    Comentario de Twitter:
    Irekia - El Servicio de Asistencia a la Víctima del Gobierno Vasco ayudó el año pasado a 1.412... https://t.co/zbNyMeeEGy

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)