Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria Antonio Basagoitirekin

2010.eko irailak 20

Lehendakaria ia ordu eta erdiz egon da bilera batean Antonio Basagoiti, Euskal Autonomia Erkidegoko Alderdi Popularreko buruarekin; bilera horretan egungo egoera politikoa aztertu dute eta Eusko Jaurlaritzari oinarri parlamentarioa ematen dion hitzarmena, PSE-PP alderdien arteko oinarrizko hitzarmena, zenbateraino ari den betetzen begiratu dute.

 Bilera adeitsua izan da, elkarri ulertzekoa; nabarmendu dutenez, oinarrizko puntuak adosteko hitzarmena egoki ari da betetzen eta adostasun horrek dakarren oreka instituzionalak onura handiak eragin ditu euskal gizartean, batez ere, krisialdi ekonomikoaren ondorioz daukagun egoera delikatu honetan.

Horrez gain, Lehendakariak eta PPko buruak terrorismoaren aurkako borroka zein egoeratan dagoen aztertu dute; aurrerapausoak izan dira azken hilabeteotan, gizartean indarkeriari zilegitasuna kendu zaiolako eta askatasun-esparru berriak konkistatu direlako. ETAren azken bi komunikatuak direla-eta, bat etorri dira; beren ustez, talde terroristak egindako iragarpenak ez dira inola ere nahikoak, eta nazioarteko bitartekari izeneko horiei egindako deia denbora irabazteko saiakera bat baino ez da; euskal gizarteak gauza bakarra eskatzen eta esijitzen dio, eta erabaki hori ezin du gehiago atzeratu: ETA behin-betiko desagertu behar da.

ldo beretik, batasun handia ikusi dute ia alderdi politiko guztiak bat etorri baitira indarkeriari erantzuterakoan, eta argi ikusi dute, erakunde demokratikoek orain diharduten moduan, tinko eta irmo eutsi behar zaiola politikan, tolerantzia-zirrikiturik utzi gabe, Euskadin indarkeria erabat bukatu arte.

Lehendakariak PPko buruari Gobernuak datorren hilean aurkeztuko duen Aurrekontu-proiektuaren berri eman dio, eta nondik norako nagusiak erakutsi dizkio. Aurrekontu zorrotzak izango dira, jardun ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko. Indar berezia jarriko da berrikuntzan eta prestakuntzan, horiek baitira aurrera joateko oinarri; Euskadiko gizartea, herritar askez osatua izateaz batera, iraunkorra, solidarioa eta lehiakorra izan dadin. Antonio Basagoitik nabarmendu du gastu arrunta murriztu behar dela, eta zor publikoa gutxitu, eta Gobernuak dagoeneko horretan konpromisoa hartua duela erantzun dio.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakari