Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Jaurlaritzak onartu du euskal funtzionarioei Espainiako Gobernuak 2012an kendutako antzinatasunagatiko egun libreak itzultzeko dekretua (Gorbernu Bilera 2016-04-05)

2016.eko apirilak 05

Langile publikoek bi egun libre gehiago izango dituzte seigarren hirurtekoa betetzean eta beste egun bat gehiago zortzigarrenetik aurrerako hirurtekoen truke.

Neurri horrek 8 milioi euro inguruko eragina izango du aurrekontuetan eta atzeraeraginez aplikatuko da 2016eko urtarrilaren 1etik aurrera.

Dekretu horrekin beste urrats eman du Eusko Jaurlaritzak Espainiako gobernuak 2010etik aurrera funtzio publikoan egindako ondoz ondoko murrizketen ondorioak arintzeko ahaleginean. 

Gobernu-kontseiluak gaur onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioko funtzionarioen, estatutupeko langileen eta lan-kontratudun langileen antzinatasunagatiko norbere kontuetarako baimena ezartzen duen Dekretua. Dekretu horren bitartez, funtzionarioek antzinatasunagatiko egun libre guztiak berreskuratuko dituzte, «buruzuri» deituriko horiek, Espainiako gobernuak 2012 oinarrizko araudi bidez ezabatu zituenak.

Gaur onartutako dekretuaren arabera, euskal herri-administrazioan lan egiten duten 70.000 pertsonek honako eskubide hau izango dituzte: «Bi egun libre gehiago izango dituzte seigarren hirurtekoa betetzean eta beste egun bat gehiago zortzigarrenetik aurrerako hirurtekoen truke». Neurri horrek 8 milioi euro inguruko eragin ekonomikoa izango du. Kopuru horren zati handiena (5,5 milioi euro) Osakidetzan ordezko langileak kontratatzera bideratuko da, eta Ertzaintzako langileei egun libreetan lan eginarazteagatiko ordu-sarietara (2,5 milioi euro). 2016eko urtarrilaren 1etik aurrera izango du eragina. Zehazki, honako hauei eragingo die: 

  • Administrazio orokorreko eta horren erakunde autonomoetako funtzionarioak.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatetik kanpoko irakasle funtzionarioak.
  • Ertzaintzako langileak.
  • Osakidetza/Euskal Osasun Zerbitzuko langileak.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia-administrazioko funtzionarioak, aplikagarri zaien araudiaren barnean.
  • Administrazio orokorreko eta horren erakunde autonomoetako lan-kontratudun langileak.
  • Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko irakaskuntzako eta hezkuntzako lan-kontratudun langileak.
  • Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko lan-kontratudun langileak.
  • Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendeko Erlijioko lan-kontratudunak.
  • Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako eta Segurtasun Saileko lan-kontratudun langileak.

108 MILIOI EURO

Erabaki hau beste urrats bat da Eusko Jaurlaritzako langile publikoekin hartutako konpromisoa betetzeko. Azken hilabeteetan hartutako erabakien jarraipena da, eta Espainiako gobernuak 2010etik aurrera funtzio publikoan agindutako murrizketen ondorioak arintzea du xede. Neurri horiek guztiek 108 milioi euroko eragina izan dute aurrekontuan:  

  • % 1eko soldata-igoera.
  • Espainiako gobernuak 2012an erretiratutako aparteko ordainsariaren % 25 ordaintzea.
  • 35 lanorduko astea berrezartzea.
  • Norbere kontuetarako 6 egun libre berreskuratzea.
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko