Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Kontrolerako osoko bilkura (2016/4/8)

2016.eko apirilak 08

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei.

Galdera, Blanca Roncal Azanza Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, "Margüello auzia" izenekoan interes publikoak defendatzeari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritzak orain arteko portaerari eutsiko diola Margüello kasuan, alegia, auzia behin betiko argitu arte laguntza eskainiz. Lehendakariak gogora ekarri du Jaurlaritzak akusazio partikular gisa auzian pertsonatuta jarraitzen duela eta «objektibotasun eta gardentasun osoz» jokatu duela, interes orokorra defendatzeko, eta epaileen lana errespetatuz.

Urkulluk, halaber, gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzako zuzendari ekonomiko guztiek, aurreko legegintzaldikoek barne, adierazi dutela ez zitzaiola kalte ekonomiko zehatzik egin Jaurlaritzari, zerbitzuak hitzartutako baldintzen eta ezarritako tarifen arabera egin zirenez.

Galdera, Diana Carolina Urrea Herrera EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, garapenerako euskal lankidetzari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Jaurlaritzak garapenerako lankidetzarekin hartutako konpromiso «argia» berretsi du, eta horren adibidetzat aipatu du martxan dauden lankidetza-programa guztiei eta horietara urtero bideratutako aurrekontu-zuzkidurei eusteko egindako ahalegina. Izan ere, «Estatua lankidetza deszentralizatua desegiten ari den honetan», gogora ekarri du Euskadik Estatuko biztanleriaren % 5 hartzen duela, baina lankidetza deszentralizatura bideratutako baliabideen % 35 eskaintzen duela.

Urkulluk, halaber, balioa eman nahi izan dio garapen-politiketan «koherentzia» izateari, eta Jaurlaritzako esparru guztiak kontuan hartzeari, adierazi duenez, funtsezkoa delako Euskadiko lankidetza-politiketan.

Galdera, Laura Garrido Knörr Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Osasun Saileko goi-kargu ohi zenbaitek delitu batzuk egin izanaren zantzu judizialen aurrean Eusko Jaurlaritzak daukan jarrerari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak auzian pertsonatuta segituko duela, interes orokorraren defentsan, eta justiziari lan egiten utziko diola, epaia eman dezan. «Epaia zein den, jokabidea bat edo bestea izango da», esan du Urkulluk.

Edonola ere, gogora ekarri du pasa den martxoaren 3ko autoa ez dela salaketa-autoa, instrukzioaren emaitza baizik; prozedura eta organo judizial arduraduna zehaztea beste xederik ez du, aldeak beste ezertarako ez lotuta.

Galdera, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, atentatu terroristetatik bizirik irtendakoen arretari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak aitortu du, biktimen politikei dagokienez, «beti eman daitezkeela aurrerapauso gehiago». Ondorioz, Eusko Jaurlaritzak ondo daki oraindik ere asko dagoela egiteko, egiazko bizikidetza eta gizarte-batasuna lortuko bada. Hala ere, lehendakariak argi utzi nahi izan du Jaurlaritzak oso serio hartu duela biktimen gaia.

Urrutira joan gabe, Euskadin bizi diren erailketen biktimen senideen testigantzak bildu eta premiak ezagutu ondoren, Gertu programaren hirugarren faseari hasiera eman zaio, zaurituei eta mehatxua jasandako pertsonei arreta eskaintzeko. Era berean, Eusko Legebiltzarrera igorri du Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak egin duen ETAk mehatxatutako pertsonek jasandako injustiziari buruzko txostena. Lehendakariak nabarmendu du azken urtean «aurrera egin dela adostasunean» memoriaren eta biktimen errekonozimenduaren gaietan; adibidez, legebiltzarreko talde guztiek hartu zuten parte, UPyD kenduta, biktimen omenez otsailaren 20an eta martxoaren 11n egindako ekitaldietan.

Galdera, Julen Arzuaga Gumuzio EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, presoen sakabanaketa eraginkorra izan dela adierazteari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak gogora ekarri du Zuzen Bidean proposamenak eta Hitzeman programak jasotakoa; Eusko Jaurlaritzak preso dauden pertsonak bizilekutik gertuen duten espetxeetara hurbiltzea defendatzen du. Bere iritzian, urruntze-politikak ez dauka zentzurik batere eta senideak kaltetzen ditu.

Jaurlaritzak, halaber, presoei banaka eta askatasunez erabakiak hartzeko gaitasuna bermatzea defendatzen du, espetxe-onurak lortzeari eta birgizarteratzea errazteari dagokionez.

Galdera, Jon Azkue Manterola Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, altzairuaren krisiak ukitutako eskualdeen dinamizazio ekonomiko eta sozialerako planei buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzaren lehentasun handiena Arcelor Mittal enpresak Zumarragan duen lantokia behin betiko itxi eta, ondorioz, enpresa-taldea eskualdetik joatea ekiditea dela. Horrenbestez, lehendakariak taldeari exijitu dio eragindako familiekin «gizarte-sentsibilitate handienaz» jokatzea eta inbertsio- zein modernizatze-planak garatzea, lantokia etorkizunean bideragarria eta lehiakorra izan dadin.

Konpromiso hori bera Arcelor enpresak Euskadin dituen gainerako lantokietara hedatuta, Eusko Jaurlaritzak elkarlanean aritzeko asmoa agertu du «eskumena duen guztian, eta eskumena ez duen arloetan ere bai». Lehendakariak gogora ekarri du Jaurlaritzak ekimen zehatzak proposatu dizkiola Europako agintariei, Txinaren dumpingaren aurka ekiteko, eta Espainiako gobernuari, energiaren kostua merkatzeko. «Itsasgintzaren krisia gainditu genuen, baita etxetresna elektrikoena ere, eta akordioaren krisia ere gaindituko dugu», ziurtatu du.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko apirilak 08

    Comentario de Twitter:
    [BIDEOA] Iñigo Urkullu eta sailburuek erantzun diete legebiltzarkidei Kontrolerako Osoko Bilkuran (2016/04/08) ➡ https://t.co/qfu7HKVdAz

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)