Berriak Lehendakaritza
Eu

Hobera egin du herritarren pertzepzioak Eusko Jaurlaritzaren kudeaketaz

2016.eko apirilak 04

 Ikerketa: Eusko Jaurlaritzaren balorazioa eta Gobernu zentralaren osaketa.

Eusko Jaurlaritzaren kudeaketaren pertzepzioak hobera egin du azken hiru urtetan euskal herritarren aldetik, aldeko iritzia du Euskadiko egoeraz  ari denean eta alderantziz uste du Espainiako egoera aztertzen denean, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak argitaratu duen ikerketan oinarrituta. Ikerketaren gai nagusiak Eusko Jaurlaritzaren kudeaketaren gaineko balorazioa eta Espainiako Gobernu berriaren osaketa izan dira eta landa-lana 2016ko martxoaren 9an eta 10ean egin zen.

Euskal herritarrek Euskadiko egoera positiboki baloratu dute eta okerrago Espainiakoa

Euskadiko egoera politikoaren pertzepzioa ona edo oso ona da euskal herritarren %37rentzat, txarra edo oso txarra dela uste duten %11ren aurrez aurre; %46k erdipurdikoa dela uste dute. Espainiako egoera politikoari buruzko iritzia askoz ezkorragoa da, %83k uste baitute txarra edo oso txarra dela, hau da 72 puntuko aldea.

Euskadiko egoera politikoari buruzko iritzi positiboak oso aldeko bilakaera izan du azken hiru urteotan: %25ekoa zen 2014 eta 2015ean eta %37raino igo da orain.

Egoera ekonomikoari dagokionez, euskal herritarren %22k ona edo oso ona dela deritzote, %19k txarra edo oso txarra dela dioten bitartean; %59k erdipurdikoa dela diote.

Espainiako egoera ekonomikoari buruzko iritzia askoz okerragoa da, soilik %2k uste baitute ona edo oso ona dela; %70 diren bitartean txarra edo oso txarra dela uste dutenak, hots, 51 puntuko diferentzia.

Eusko Jaurlaritzari buruzko pertzepzioa hobetu da

Azken hiru urte hauetan 8 puntu igo da Eusko Jaurlaritza herritarren arazoak konpontzen ari dela uste dutenen ehunekoa, 9 puntu jaitsi delarik Euskadiko arazoak nola konpondu ez dakiela uste dutenena. Orain, Euskadiko arazoak konpontzeko Eusko Jaurlaritzak duen gaitasunari buruz galdetuta, herritarren %15ek uste dute arazoak konpontzen ari dela, %54k Jaurlaritzak badakiela arazoak nola konpondu baina denbora gehiago behar duela eta, aldiz, %22k uste dute ez dakiela nola konpondu arazoak.

Gehiengoak, %61, Eusko Jaurlaritzak euskal herritarren beharrak asko edo nahikoa ezagutzen dituela deritzote, %54 ziren 2015. urtean.

EAEko biztanleek Eusko Jaurlaritzaren kudeaketarako gaitasun eta ezaugarriak ontzat jo dituzte: gestiorako gaitasuna (6,4 puntu, 0tik 10erako eskala batean), zintzotasuna (6,3), akordioak lortzeko gaitasuna (6,1), Euskadiren etorkizunerako egitasmo baten lidergoa izateko gaitasuna (6,1) eta herritarren arazoekiko hurbiltasuna (5,5).

Bilakaerak gora egin du eta ikerketa honetan jasotako balorazioa azken hiru urte hauetan egindakoen artean positiboena da.

Herritarrek Eusko Jaurlaritzaren lan ildoak babesten dituzte

Euskal herritarrek Eusko Jaurlaritzaren lan ildoak oso garrantzitsutzat jotzen jarraitzen dute: Bakea eta Bizikidetza (8,6ko garrantzia, 0tik 10erako eskalan), Ekonomiaren Berrindartzea (8,6) eta Estatus Politiko Berria (7,1). Hiru arlo hauetan Eusko Jaurlaritzak aurrera daraman lanak 6,9, 6,3 eta 5,9 puntu jaso ditu, hurrenez hurren.

Eusko Jaurlaritzaren hiru lan ildoen jardueraren balorazio hau 2015etik nabarmen hobetu da. Honela, 6 hamarren igo da Bakea eta Bizikidetzari dagokionean, 8 Ekonomiaren Berrindartzean eta 5 Estatus Politiko Berrian.

Jarduneko Espainiako Gobernuaren lanaren balorazioa oso negatiboa da: %85ek deritzote oso edo nahikoa txarra dela.

Konfiantza falta da Gobernu Espainiar berriaren osaketaren inguruan eta Hauteskunde Orokorrak errepikatuko balira emaitza antzekoak izango liratekeela uste da

Espainiako Gobernu berriaren osaketa prozesuak biztanleen interesa piztu du, %57k prozesua interes handia edo nahikoarekin jarraitzen ari direla diote.

Buruzagi politikoek Gobernu osaketarako negoziaketa prozesuan izandako jokabidearen inguruan balantze positiboa duten buruzagi bakarrak Alberto Garzón (+3) eta Aitor Esteban (+3) dira. Jarraian datoz Marian Beitialarrangoitia (-1), Pablo Iglesias (-24), Albert Rivera (-45), Pedro Sánchez (-55) eta Mariano Rajoy, okerren baloratua (-82).

Biztanleen %66k uste dute ez dela akordiorik lortuko Pedro Sanchezen izendapenak porrot egin ondoren Gobernua osatzeko ireki den epe berrian, lortuko dela uste dutenen %24ren aurrez aurre.

Gobernu berria osatzeko aukerarik handiena duten akordioak herritarren iritziz honakoak lirateke:  PSOE + Podemos+ beste alderdi batzuen babes edo abstentzioarekin (%30), PP + PSOE + Ciudadanos (%19); soilik %7k aipatu dute PP + Ciudadanos + beste alderdi batzuen babes edo abstentzioarekin eta %5ek PP + PSOE. Ez dela akordiorik lortuko uste dute %15ek eta %24k ez dakite edo ez dute erantzun.

Herritarren erdiek (%54) uste dute gobernua osatzeko akordiorik azkenean ez bada lortzen, buruzagi nagusienen ahalegin eta interes faltagatik izango dela eta heren baten ustez (%32) gaur egungoa bezalako aniztasun politikoko egoera batean espero zitekeena dela.

Euskal herritarren %56k uste dute PPk irabaziko lituzkeela berriro Hauteskunde Orokorrak errepikatuko balira eta %30ek ez dakite  edo ez dute erantzun.

Biztanleen %71k diote, Hauteskunde Orokorrak errepikatuko balira, abenduak 20ko Hauteskunde Orokorretan izandako portaera errepikatuko luketela, %14k diote ezetz eta %15ek ez dakite edo ez dute erantzun.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @ikerarmentia
    2016.eko apirilak 04

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno vasco dice que mejora la percepción de la ciudadanía sobre el Gobierno vasco. https://t.co/AxOVsr6Kqj

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)