Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko urteko akordioa Baionan

2016.eko martxoak 31

Patxi Baztarrikak,Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta Mathieu Bergék, Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoaren Presidenteak, 2011-2016 epealdiari dagokion hitzarmen-markoaren urteko eranskina aurkeztu dute gaur arratsaldean, Baionan egin den ekitaldian. Eranskin horretan zehazten da, bi erakundeek 2016an elkarlanerako zein lan ildo garatuko dituzten Hizkuntza Politikari dagokionean, bai eta Ipar Euskal Herrian euskararen aldeko eragileen proiektuak diruz nola lagunduko diren ere. Ekitaldira, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendari Jorge Giménez Bech ere hurbildu da.

Lan ildoak

2016. urteko eranskinak, bi instituzioen artean urtean zehar eramango den lankidetza eta Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak Iparraldeko eragileei zuzendutako diru-laguntzak emateko moduak zehazten ditu.

Batetik, honako ekimen berri hauek burutuko dira:

● VI. inkesta soziolinguistikoaren prestaketa-lanen abiatzea.

Bost urtetarik, 1991z geroztik, Eusko Jaurlaritzak inkesta soziolinguistikoa antolatzen du euskara baliatua den hiru lurraldetan: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herrian. Azkena 2011. urtean iragan denez, ondoko inkesta 2016n egingo da. Aurrekoan bezala Iparraldeko lanak elkarlanean burutuko dira.

● Euskararen erabilera areagotzeko elkarlana

Euskara erabiltzeko gonbita egiten duen “Euskararen txantxangorria” irudia eta hari dagozkion euskarriak eta ekimenak Iparraldean hedatzeko irizpideak aztertu eta bateratuko dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak.

● HABEren Ikasbil eta Irakasbil web guneei dagokienez, helduen euskara-ikaskuntza sustatzeko baliabide didaktikoak on line eta modu irekian eskaintzeko HABEk duen Ikasbil web gunea Iparraldeko euskara ikasleek ere erabil dezaten zabalkundea egingo dute EEPek eta HABEk.

Bestetik aurreko urteetan abian jarritako ekimenei jarraipena emango zaie:

Helduen euskalduntze-alfabetatzearen esparruan:

- Hizkuntza-gaitasunaren mugaz bi aldeetako egiaztagirien baliokidetzaren definitze eta antolaketa.

- Helduen euskalduntzearen garatzeko laguntza dispositiboei buruzko diagnosia.

Euskararen Adierazle Sistema (EAS) eraikitzeko elkarlana.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren zerbitzuen artean informazioa trukatzea.

Diru laguntzetarako funtsa

Bestalde, Ipar Euskal Herrian euskararen erabilera sustatzeko ekimenak garatzen dituzten erakunde pribatuen lana diruz laguntzeko, 2016. urterako 1.730.000 euroko lankidetzarako funtsa eratuko da, alde bien ekarpenez. Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 400.000 € ipiniko ditu horretarako.

Lankidetza funts hori bi multzotan banatuko da. Lehen multzoa, 1.380.000 eurokoa, lankidetza zuzenerako bideratuko da: bi erakunde sinatzaileen sustapen-lerroekin bat datozen eragile nagusiak laguntza zuzenarekin diruz lagunduko dira. Beste multzoa, 350.000 eurokoa, deialdi irekietarako izango da. Deialdi honen bitartez, euskara sustatzeko helburu duten proiektuak diruz lagunduko dira Ipar Euskal Herrian.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak esan du: “gaur sinatu dugun hitzarmena, 2016ko urteari dagokiona, 6 urteko aldiaren azkena da, eta aurrekoen ildo beretik badator ere, baditu aipatu beharreko berezitasunak. Berezitasun horietan, bat azpimarratu nahi nuke gaur, lan-ildo berri bat dakarrelako 10 urteko gure lankidetza emankor honetara. Euskararen erabilera areagotzeko ‘Euskararen Txantxangorria’ izenez ezagutzen dugun irudia Iparraldean hedatzeko elkarlanari buruz ari naiz, hain zuzen”.

“Bada, aurtengo hitzarmenean, beste lan-ildo bat, azpimarra berezi bat ere merezi duena. Ez da lankidetza-ildo berria; bai, ordea, garrantzi berezikoa. Izan ere, aurten ekingo diegu VI. Inkesta Soziolinguistikoaren lanei, euskararen lurralde guztietan, Iparraldea barne, jakina”, jarraitu du Baztarrikak.

“Euskararen sustapenak herri aginte nagusien konpromisoa behar du, eta konpromiso horrek badu, Europako testuinguruan, tresna baliagarri bat: Europako Eskualde eta Eremu Urriko Hizkuntzen Karta. Iazko hitzarmenari zegokion ebazpena aurkeztu genuenean, poz handiz txalotu nuen –bai neure izenean, baita NPLD Europako sarearenean ere– Frantziako presidenteak Karta hori berresteko bideari ekiteko urrats zehatzak iragarri izana. Zoritxarrez, ekimen hark ez du desio genuen amaiera izan. Ez dut, ordea, itxaropena galtzen”, bukatu du sailburuordeak.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko martxoak 31

    Comentario de Twitter:
    [EUSKERA] Acuerdo anual de colaboración entre el Gobierno Vasco y Euskararen Erakunde Publikoa ➡ https://t.co/HtH8LUoU6c

  • @Gob_eus
    2016.eko martxoak 31

    Comentario de Twitter:
    [EUSKARA] Eusko Jaurlaritzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko urteko akordioa Baionan ➡ https://t.co/nfGT2yPsUR

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Mathieu Bergé (EEP)