Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak dei egin dio ezker abertzaleari estrategia terroristatik alden dadin adierazpen argi eta zalantzarik gabekoa eginez

2009.eko urriak 21

Gobernuaren bozeramaile Idoia Mendiak ez du ezer berririk ikusten ustez zuzendaritza berriak idatzitako ezker abertzalearen barne-dokumentu berrian


Patxi Lópezen gobernuaren iritziz, ezker abertzaleak oso erraz du politika egitea, biolentziatik aldendu eta legezko tresnak baino ez ditu erabili behar, adierazi du Gobernuaren bozeramaileak.


Eusko Jaurlaritzak dei egin zion ezker abertzaleari "adierazpen argi eta zalantzarik gabea" egin dezan ETAren estrategiaren mende ez dagoela erakusteko. Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Idoia Mendiak ETAtik aldentzeko deia egin zien buruzagi abertzaleei eta, horretarako, "adierazpen argi eta zehatza" egin dezatela eskatu zien, "gainerako alderdi demokratikoek bezala politika egin" ahal izateko, "legezkoak diren tresna bakarrak erabiliz: ahotsa, hitza eta herritarren botoa".

Patxi Lópezen gobernuaren bozeramaileak horrela aztertzen zuen legez kanporatutako Batasunak "inolako biolentziarik eta kanpoko injerentziarik" gabeko etapa bat abiarazteko aukeraz egin duen proposamena. Bozeramailearen arabera, dokumentu horren edukia "ez da berria", izan ere, "beste batzuetan ere entzun dugu" eta "ez da inoiz ezer gertatzen".

Jaurlaritzaren Kontseiluaren asteroko bilkuraren ondorengo prentsaurrekoan, Mendiak berretsi zuen "ezerk ez diela eragozten" politikan jardutea ETAren estrategiatik kanpo, eta gogorarazi zuen "beste batzuek egin zutela bere garaian eta politika egiten jarraitu dutela, eta beren proiektua askatasun oso eta erabatekoaz defendatzen dutela euskal erakundeetan", baita "ezker abertzaletik oso hurbil dagoen proiektu independentista eta ezkerrekoa ere" gaineratu zuen.

Gobernuaren bozeramaileak gogorarazi zuen EBko Giza Eskubideen Auzitegiaren epaiak Batasuna legez kanporatzea ahalbidetu zuen Alderdien Legea babestu zuela eta hori "inflexio-puntu oso garrantzitsua" dela, politika egin nahi dutenak behartu egiten baititu "estrategia terroristan kokatuta ez egotera". Mendiaren arabera, horixe pentsatzen du euskal gizartearen gehiengoak eta, baita ere, nazionalismo moderatuaren boto-emaile askok ere".


Gutuna Athletic Clubi

Eusko Jaurlaritzak San Mames Berria estadioa egiteko agindu duen diru-ekarpena ere aipatu zuen autonomia-erkidegoko bozeramaileak prentsaurrekoan. Mendiak esan zuenez, Gobernuak gutun bat bidali die Bilboko Athletic Clubeko arduradunei eta gogorarazi die Patxi López lehendakariaren eta Fernando García Macua presidentearen arteko bilkuran konpromiso bat lortu zela eta, horren arabera, San Mames Berrirako diru-partidak estadioari erabilera publikoa ere emateari lotuta daudela. "Egongo da proiektu honetarako dirua baldin eta Patxi López lehendakariak eta Athleticeko presidente Fernando García Macuak estadioaren erabilera publikoari buruz lortutako akordioa betetzen bada, eta ados jartzen ez bagara, ez da dirurik izango zelai berrirako" adierazi zuen bozeramaileak, eta azpimarratu zuen bilera horretan adostu zela "estadio berriaren kudeaketa, ustiapena eta erabilera publikoak izango direla".


´Alakrana´ren bahiketa

Azkenik, Somaliako uretan bahitutako 'Alakrana' atunketariari dagokionez, Jaurlaritzari tripulazioaren familiei kasu egin ez izana leporatzen dioten informazioak gezurtatu zituen. Mendiak jakinarazi zuenez, Patxi López lehendakaria eta Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Pilar Unzalu "etengabe daude harremanetan" familiekin, eta horiek beren ondoeza adierazi diete informazio horiengatik. Bozeramaleak gaineratu zuen Eusko Jaurlaritzak "bahiketa laster amaitzea" espero duela

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Idoia Mendia, bozeramaile