
Eusko Jaurlaritzak 5 milioi euro bideratu ditu Bilbon Pagasarribide Institutu berria eraikitzeko
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bi lerro izango ditu, eta 200 ikaslerentzako lekua
Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du 5.057.978,26 euroko gastua baimentzea, Bilbon Pagasarribide Bigarren Hezkuntzako Institutuaren eraikin berria eraikitzeko (IES Pagasarribide BHI).
Eraikuntza-proiektuak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 200 ikaslerentzako gaitasuna izango duen eraikin berria jasotzea proposatzen du. Lau solairuko eraikina izango da: erdisotoa, behe solairua eta honen gainean eraikitako bi solairu; eraikitako 3.326 metro koadroko azalera guztira. Barnean izango dituen instalazio nagusien artean, zortzi ikasgelez gain, aipatzekoak dira: jangela, liburutegia, gimnasioa, laborategia edo musika, informatika eta plastika gelak.
Kanpoan berriz, Hegoaldera eta Mendebaldera irekita, kirol pistak eta aterpea egongo dira, ikasleen jolastoki nagusiak. Kanpoko eremu hauek guztiak, gimnasioa egongo den eraikin-atalak babestuko ditu Iparretik, eta erdisotoko solairutik irten ahal izango da bertara. Institutuaren sarrera nagusia, berriz, behe solairuan egongo da kokatua.
Oinean L forma izango duen eraikinak Derrigorrezko Hezkuntzako bi lerro hartuko ditu. Haur eta Lehen Hezkuntzako Pagasarri Ikastetxearekin parez pare eraikiko denez, Larraskitu kalean, institutu berria beste eraikin horrekin loturik egongo da airean eraikitako oinezkoentzako pasabide baten bidez. Pasabide hau eraikita dago, dagoeneko.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aurreikuspena da lan hauek 2016ko uda amaieran esleitzea. Kontratazioaren administrazio egutegiaren arabera, lanak urrian-azaroan hasi daitezke. 18 hilabeteko exekuzio epea izango dute lanok, esleitu ondoren.
Pagasarribide BHIren eraikin berriaren instalazio nagusiak:
-8 ikasgela arrunt
-2 bikoizte gela
-4 laguntza gela
-Tailer-gela
-Plastika gela
-Informatika gela
-Musika gela
-Zientzia laborategia
-Liburutegia
-Igogailua
-Jangela eta officea, 143 m²
-Gimnasioa eta aldagelak, 363 m²
-Aterpea, 176 m²
-Kanpoko kirol pista, 884 m²
-Gune berdeak, 517 m²
-Solairuak: behe solairua + erdisotoa + 2 solairu
-Eraikitako azalera orotara: 3.326 m²