Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: «Krisi demografikoari epe motzean ere egin behar diogu aurre, gure eremu geografikotik kanpoko pertsonak gurean hartuz»

2016.eko martxoak 23

Zumarragako Arcelorren lantokiaren bideragarritasuna bermatzeko Jaurlaritzak atzo aurkeztu zuen proposamenean konfiantza duela esan du Urkulluk Herri Irratian egin dioten elkarrizketan

 

Iñigo Urkullu lehendakariak esan duenez, jaiotza-tasa baxuek eragindako krisi demografikoari epe motzean egin behar zaio aurre. Horretarako, aurreko asteburuan Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuena bezalako inbertsio-estrategiez gain, beharrezkoa da beste eremu batzuetako pertsonak hartzea. «Geure egin behar ditugu pertsona horiek, geure parte direla sentitzea lortu behar dugu» esan du Herri Irratian emandako elkarrizketan.

Lehendakariak esan du beharrezkoa dela herri-itun bat lortzea administrazio publikoaren, eragile sozialen, enpresen eta sindikatuen artean familia eta haurrak babesteko eta pertsonek familia-proiektu bat abian jarri nahi dutenean dituzten oztopoak gutxitzeko. Estrategia horretan 200 milioi euro inbertituko dituzte lau urtean, joan den larunbatean Gasteizko Artium museoan aitatasunari buruzko topaketa batean esan zuen bezala. Hala ere, epe motzean krisi demografikoari aurre egiteko, inbertsioak egiteaz gain, gurean atzerritarrak jasotzea beharrezkoa dela esan du lehendakariak.

Ildo horretan, atzo Bruselan egin zituzten atentatuen eta errefuxiatuen krisiaren ondorioz Europak bizi duen egoera estuaren inguruan ere mintzatu da.  «Muga gehiago kentzen ari ez bagara eta gizarteratze politikarik ez duten hirietan ghettoak sortzen ari bagara, huts egiten ari gara nonbait. Europar Batasunaren egitekoa da hori guztia», esan du. Atzoko erakunde-adierazpenaren bidez bezala, lehendakariak atzoko atentatuetako biktimei eta biktimen senideei elkartasuna adierazi die, giza eskubideak errespetatzeko eskatu du eta pertsona guztien gizatasun-printzipioren aldeko aldarria egin du.

ARCELORRI BURUZKO BILERAK

Alor ekonomikoan, lehendakariak Zumarragako Arcelorren fabrikari buruz hitz egin du. Esan du konfiantza duela Eusko Jaurlaritzak atzo Gipuzkoako Foru Aldundiari, enpresaren batzordeari eta eskualde hartako alkateei aurkeztu zien planean. Plan horri ekarpenak egiteko aukera dago, eta fabrika ixteko alternatiba bat aurkezten du, lantokiaren bideragarritasuna bermatzeko. Halere, lehendakariak zehaztu duenez, hausnarketa hori «enpresak berak ere egin behar du».

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @caritas_bizkaia
    2016.eko martxoak 24

    Comentario de Twitter:
    ENTREVISTA AL LEHENDAPARI EN RADIO POPULAR (Koldo Campo):

    Iñigo Urkullu: “La crisis demográfica la tenemos que... https://t.co/8lJXia4Rj4

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)