Berriak Segurtasuna

Euskalmetek eguraldi aldakorra iragarri du Aste Santurako eta tenperaturak gora egingo duela ostegunetik aurrera

2016-03-22

Euskalmet, Euskal Meteorologia Agentziak eguraldi aldakorra iragarri du Aste Santurako eta tenperaturak gora egingo duela ostegunetik aurrera, ordura arte iparreko haizeak, hodeitza ugaria eta prezipitazio ahulak, gehienbat kantauri isurialdean, nagusituko badira ere.

Euskalmeten arabera, ostegunetik aurrera, hilak 24, fronte atlantikoak iritsiko dira eta eguraldi aldakorra ekarriko dute, eguraldi oneko eta txarreko tarteekin, baina tenperaturak gora egingo du, haizea mendebaldetik eta hego-mendebaldetik ibiliko delako, eta urte sasoi honetarako altua ere izan daiteke.

Ostegunean, hilak 24, eguna behe-hodeiekin eta euri txikiekin hasiko da. Arratsaldean hobera egingo du, hodeitza saretuko denez eta tenperatura igoko delako, 10 eta 15 ºC-ra arte.  Ostiralean, hilak 25, fronte ahul bat iritsiko da eta hodeiak ekarriko ditu, prezipitazio ahulen bat eraginez. Tenperatura atsegina izango da, 15 ºC ingurukoa izango denez.

Larunbatean, hilak 26, hego-mendebaldeko haizeak izango dira nagusi eta eguraldi argi eta lehorra ekarriko dute. Egunaren amaieran, ordea, fronte bat iritsi daiteke, aktibo samarra. Tenperatura 20 ºC-ren ingurukoa izango da, eta kostaldean hortik gorakoa ere izan daiteke.

Hala ere, larunbat gauen beste fronte bat iritsiko da, igandeko eguraldia nahasiz. Hala, igandean, hilak 27, euria egitea espero da, eta tenperatura nabarmen jaistea, 10 eta 15 ºC-ra. Alabaina, iragarpenaren arabera, astelehenean hobera egingo du eguraldiak, tenperatura atzera igoaraziz.

Edonola ere, ostegunera arteko eguraldia iparreko haizeak baldintzatuko du. Horrenbestez, hodeitza ugaria eta prezipitazio ahulak izango dira, nagusiki kantauri isurialdean. Tenperatura freskoa izango da, apenas gaindituko dituen 10 ºC-ak, batez ere gaur, asteartea, hilak 22, eta bihar, asteazkena, hilak 23. Horrenbestez, elur-maila 1.000 metro inguruan kokatutako da, baina ez da prezipitaziorik espero.

 

Oharra: Kontuan hartu behar da denborak aurrera egin ahala iragarpenen fidagarritasunak behera egiten duela; hori dela eta, iragarpenen eguneraketak jarraitzea gomendatzen dugu Euskalmeten orria bisitatuta ( http://www.euskalmet.net) edota Twitterra irakurrita (@Euskalmet)

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan