Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Europak “aniztasuna kudeatzen ikasi behar duela” dio Barber-ek, bere erronka integrazioa baita

2010.eko irailak 16

Globalizazio-gaietako aditua egunotan Bilbon egiten ari diren Giza Eskubideen IV. Biltzarrean parte hartu du

"ETAren proiektuak aurrera egingo balu, hori hondamendia litzateke Euskal Herriarentzat. Leiho eta zubi gehiago behar dugu, ez harresi gehiago"

Benjamin Barber AEBetako globalizazio-adituak ohartarazi duenez, gaur egungo gizarteek dituzten arazo globalak (immigrazioa, indarkeria, ingurumena) "nazioz gaindiko erronkak" dira eta gobernu nazional nahiz erregionalen eskumenetik haratago doaz. Hori ikusita, Eusko Jaurlaritza Espainiako eta Europako gainerako gobernuekin batera lan egitera animatu du, konponbideak denon artean bilatzeko.

"Inongo gobernu nazionalek ezin ditu gaur egungo arazoak bakarrik konpondu. Hortaz, etorkizuneko eztabaida ez da independentzia handiago edo gutxiagoren ingurukoa izango, interdependentziari buruzkoa baizik", azpimarratu du Barberek bihar Bilbon bukatuko den Giza Eskubideei buruzko IV. Nazioarteko Biltzarraren barruan egindako prentsaurrekoan.

Bill Clinton presidente-ohiaren aholkulari izandako aditu honek gehitu duenez, "euskal gizartea isolatuta geldituz gero historiaren norabidearen kontra joango litzateke". "Europako gainerako herrialdeekin eta munduarekin bat egitera" animatu ditu euskal herritarrak, "denon artean aurrera egiteko". ETAren azken komunikatuari buruz galdetu diote eta, terrorismoa gaitzetsi eta gero hauxe esan du: "ETAk euskal nazio bereizi bat sortzeko duen egitasmoak aurrera eginez gero, hori hondamendi handia litzateke Euskal Herriarentzat". "Leiho eta zubi gehiago behar dugu, ez harresi gehiago".

Frantziatik deportatutako ijitoei buruz, berriz, hauxe esan du: "kanporatze-politikek ez dute arrakastarik izango, egungo erronka integrazioa baita, eta aniztasuna kudeatzen ikasi beharko du Europak".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan