Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Eusko Jaurlaritzak desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela lortzeko kasuak gehitu ditu (Gobernu Bilera 2016-03-22)

2016.eko martxoak 22

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñaren proposamenez, Jaurlaritzak desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelaren dekretu arautzaile berria onartu du. Hala, txartelaren titular izateko kasuak gehitu dituzten, Estatuko oinarrizko araudiarekin bat etorriz (1056/2014 Dekretua, abenduaren 12koa).

Mugikortasun urritzen dien desgaitasuna duten pertsonentzako ibilgailua aparkatzeko txartela dokumentu publikoak egiaztatzen du pertsona horiek beren helmugatik ahalik eta gertuen aparkatzeko duten eskubidea, eta bost urtean behin berritu behar da. Araudiak xedatutakoaren arabera, hiriguneetako jarduera-eremu nagusietatik gertu, 40 aparkaleku edo frakzioko gutxienez erreserbatutako aparkaleku bat egon beharko da aparkatzeko txartelaren titularrek erabiltzeko diseinatuta, egoiliarrentzako eta lantokietako aparkalekuak gorabehera. Udalek ematen dituzte Europar Batasuneko estatu-kide guztietan erabil daitezkeen txartel hauek.

Eusko Jaurlaritzak gaur onartu duen arauak hainbat berritasun ditu, besteak beste, bizi-funtzioak gauzatzeko gailu teknikoak (adib., gurpil aulki bereziak, arnasteko gailuak, etab.) etengabe behar dituzten hiru urtetik beherako mendeko adingabeei titular izateko eskubidea zabaltzen die. Halaber, dagokien lurralde historikoko Foru Aldundiko Ebaluazio eta Orientazio Zerbitzuaren arabera, 4. eta 5. mailetako desgaitasuna (patologia larria edo oso larria) duten adin-tarte horretako pertsonei ere zabaldu die eskubidea.

Aurrekoek ez ezik, aparkatzeko txartela lortzeko eskubidea izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriretakoren batean bizi diren, desgaitasuna ofizialki errekonozituta duten eta, % 33tik beherako mailakoa izan arren, ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo ezintasun handia errekonozituta duten pertsonek ere.

Era berean, aparkatzeko txartelaren titular izan daitezke ikusmen hobeko begian zuzenketarekin 0,1eko zorroztasuna edo hortik beherakoa dutenek edo ikusizko eremua 10 gradura edo gutxiagora murriztuta dutenek; neuroendekapenezko gaitzengatik mugikortasunezko mugak dituztenak; eta desgaitasunak dituzten pertsonen garraioan soilik erabiltzeko ibilgailu egokituen titularrak diren pertsona fisikoak eta juridikoak, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunei arreta emateko gizarte-zerbitzuak ematen badituzte.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko