Berriak Lehendakaritza
Eu

Gobernu-Kontseiluak onartu du Nafarroak Akitania-Euskadi euroeskualdearekin bat egitea (Gobernu Bilera 2016-03-22)

2016.eko martxoak 22

Gobernu Kontseiluak gaurko saioan onartu du Nafarroako Foru Erkidegoak Akitania-Euskadi Lurralde Lankidetzako Europako Taldean bat egiteko hitzarmena sinatzea. Joan den ostiralean onartu zuen euroeskualdeak Nafarroak bat egitea. Ondoren egindako ekitaldi batean, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Akitaniako presidente Alain Roussetek ongietorria eman zioten Europako korporaziora Nafarroako presidente Uxue Barkosi.

Gobernu Kontseiluak adierazi du euroeskualdea handitzen ari dela, eta dimentsioa eta eragiteko gaitasuna irabazten ari dela. Lehendakariak nabarmendu du euroeskualdeak indartsuago helduko diola «etapa berriari», bai iparraldean, bai hegoaldean. Nafarroak bat egin izanaz gain, gogoratu behar da Akitaniak Limousin eta Poitou-Charentes barneratu dituela, Frantziako eskualdeen berregituraketaren ondoren. Hala, euroeskualdea 5,5 milioi pertsona batzetik 8,7 milioi batzera igaroko da.

Bat-egiteko prozesua

Aurretik ere bazegoen Euskadi, Akitania eta Nafarroaren arteko aldizkako mugaz haraindiko lankidetza.  Baina 2011. urtea inflexio-puntu bat izan zen, euroeskualdeari nortasun juridikoa eman baitzaio, Lurralde Lankidetzako Europako Taldearen (LLET) figurari esker.

2011ko abenduaren 12an, Akitania-Euskadi Euroeskualdea LLETa sortu zen eta 2015eko urrian Nafarroak bat egiteko eskatu zuen. Joan den ostiraleko batzarrean, Akitania-Euskadi euroeskualdeak baiezkoa eman zion Nafarroari. Erabaki hori gobernu bakoitzeko kontseiluek baietsi behar dute orain. Eusko Jaurlaritzak gaur eman dio baiezkoa.

Jarraian, Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak onartu beharko du eta horrek Frantziako Estatuari jakinarazi beharko dio. Beraz, Nafarroako Foru Erkidegoa 6 hilabeteko epean atxikiko da euroeskualdera.

2015eko balantzea eta etorkizuna

Euroeskualdearen batzarren ostean, lehendakariak azken urtean egindako lana balioztatu du; duela bi urte onartutako Plan Estrategikoan, 2020ra arteko «bide orrian», finkatutako ildoei jarraituz egin da lan hori, hain zuzen. Urkulluk adierazi du estrategiaren hiru ardatz nagusiak indartuko direla: euroeskualdeko herritartasuna, konektibitatea eta kultura-jarduera hobetuz; ezagutzaren ekonomia eta prestakuntza, lehiarako berrikuntza eta enpresa; eta azkenik, lurralde jasangarria, garraioa eta mugikortasuna sustatuz.

Ondoren, etorkizunerako hainbat proiektu ezagutarazi dituzte. Hurrengo urteari begira, euroeskualdeak DSS2016 Europako Kultura Hiriburua proiektua bultzatuko du; euskarazko irratien ekoizpenerako Zubiak proiektua; langileentzako eta enpresentzako informazio-atari bat; euroeskualdeko LH sistema berri bat jarriko da martxan eta euroeskualde mailako Global Training beken lehenengo deialdia egingo da.

Euroeskualdearentzat 1,1 milioi euroko aurrekontua finkatu da 2016rako ere eta Euskadik eta Akitaniak erdi bana ordainduko dute. Kide diren gobernuen horniduraz gain, euroeskualdeak proiektu zehatzetarako diru-laguntzak jasotzen ditu Europar Batasunaren eskutik.

Presidentetzaren aldaketa

Topaketa horretan, euroeskualdeko presidentetza aldatu da –bi urtean behin txandakatzen da–. Lehendakariak Alain Rousseti eman dio makila, Europako elkarteko lidergoaren ikur gisa.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko