Berriak Osasuna

Osakidetzak proposamen berri bat aurkeztu die sindikatuei sektore-mahaian

2016.eko martxoak 21

Osakidetzako zuzendaritzak sindikatuei gaur goizean aurkeztu dien eskaintzak barne hartzen du 2016an 1.079 lanpostuko LEP berria deitzea, baita kontratazioaren kalitatea hobetzea eta plantilla handitzea eta finkatzea ere

 

Osakidetzako zuzendaritzak gaur goizean bildu den sektore-mahaian eskaintza berria egin du, pasa den otsailaren 17ko eskaintzako gaien gaineko negoziazioekin jarraitzeko.

Zehazki, proposamen berri horrek honakoa barne hartzen du: 2016an LEP berri bat deitzea, 1.079 lanpostu eskainiz; horietatik 929 txanda askekoak eta 150 barne-promoziokoak. Kopuru hori gehitu behar zaio 2014/2015 aldiko LEPean eskainitako 1.014 lanpostuei. Eskaintza berriko lanpostuak, nagusiki, 2014/15eko LEPean eskaini ez ziren kategorietakoak edo lanpostu funtzionaletakoak izango dira.

Bestalde, lekualdatze-lehiaketan 2014/15 LEPeko lanpostu kopuru eta kategoria mota berdinak sartu dira, laborategiko teknikariaren kasuan salbu; izan ere, lanpostu horretan plaza gehiago eskainiko dira, kontuan hartuta hautaketa- eta hornikuntza-prozesurik ez dela egin aspaldian.

Langile kopurua handitzeko eskaintza aurrekoa baino hobea da, 350 lanpostu beharrean 450 eskainiko direlako.

Aldi berean, kontratazioaren kalitatea hobetzeko atala barne hartzen du proposamenak, kontratazio-akordioaren zirriborro berriaz gain, Osakidetzak oporrengatiko lanpostu hutsetan jarduteko protokolo berria zehaztuta. Protokolo horrek bidez, hainbat neurri ezarriko dira behin-behinekotasuna murrizteko eta bitarteko-erregimeneko lanpostu hutsak betetzeko eskaintza berri bat egingo da maiatzetik aurrera, aldi baterako kontratazioa murriztuz.

Halaber, Osakidetzako zuzendaritzak lizentziak eta baimenak berrikusteko eta hobetzeko eskaintza zehatz bat finkatu du, besteak beste, oporrak, haurdunaldi- eta aitatasun-lizentziak eta gaixotasunen bat duten familia-kideak zaintzeko baimenak barne hartzen dituena, hala nola 2011n abian jarri eta gaur-gaurkoz etenda dagoen ibilbide profesionalaren deialdia birgaitzeko aukera.

Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendari José María Armentiak sektore-mahaiaren bileraren ostean nabarmendu duenez, «Osakidetzako profesional guztientzako funtsezkoak diren gaietan akordioak lortzeko abagune berria dugu honakoa. Gure proposamena nahikoa zabala, askotarikoa eta osoa da, eta adostasun-esparruak eskaintzen ditu». Armentiak berretsi duenez, «negoziatzeko borondate argia dugu, eta sindikatuen aldetik hori espero dugu».

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 21ean

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)