Berriak Lehendakaritza
Eu

Jaurlaritzak ´LAGUN ONARI´eta ´LAN ONARI´ goraipamenak ematea onartu du

2009.eko urriak 21

Lehendakariak emango ditu igandean, hilaren 25ean, Euskadiren Egunean


Jaurlaritzaren Kontseiluak zenbait goraipamen ematea erabaki du gaur. Lagun Onari goraipamena eman die Mexikoko Estatu Batuei; eta Lan Onari goraipamena, José María Aldekoa MCCko presidenteari, Juan Mari Bandrés politikoari, Iñaki Gabilondo kazetariari eta Edurne Pasaban kirolariari.


Jaurlaritzaren Kontseiluak zenbait goraipamen ematea erabaki du gaur. "Lagun Onari" goraipamena eman die Mexikoko Estatu Batuei; eta "Lan Onari" goraipamena, José María Aldekoa MCCko presidenteari, Juan Mari Bandrés politikoari, Iñaki Gabilondo kazetariari eta Edurne Pasaban kirolariari. Gernikako Arbolaren Gurutzea goraipamenaren ondoren, bi titulu horiek dira Eusko Jaurlaritzak ematen dituen goraipamen gorenak. Lehendakariarengandik jasoko dituzte dominak eta plakak oraingoan goraipatutako pertsonek Euskadiren Eguna dela-eta datorren igandean, hilaren 25ean, Ajuria Enea Jauregian izango den harrera ekitaldian.

"Lagun Onari" goraipamenak aitormena ematen die Euskadikoak izan ez arren, beren ekintzekin Euskadiren alde egin duten pertsonei eta entitateei, euskal ekonomia sustatzen eta euskal historia eta kultura kanpoan ezagutarazten egindako lanagatik. Historian zehar Euskal Herriak oso estimatuak izan dituen dohain eta baloreak agertzeagatik euskal herritarren lagunak direla aitortu nahi zaien pertsona fisiko nahiz juridikoei ere -euren eremua gizartea, kultura, ekonomia edo politika dela- eman ahal izango zaie "Lagun Onari" goraipamena.

"Lan Onari" goraipamenak, bestalde, eguneroko lanean izandako dedikazioagatik, jarraikortasunagatik eta ekimena edukitzeagatik nabarmendu diren euskal herritarrei ematen die aitormena, beti ere, bere merezimenduak ageri-agerikoak badira.

1996an goraipamenok sortu zirenetik, honako hauek jaso dute "Lan Onari" goraipamena: Angel Iglesias, Gaspar Vicinay, Juan Celaya, Juan Arregui eta José Maria Ormaetxea enpresariek; Jorge Oteiza, Eduardo Chillida eta Nestor Basterretxea eskultoreek; Luis Altuna eta Micaela Portilla historiagile eta ikertzaileek; Luis Villasante euskaltzain eta idazleak; Adrián Celaya legelariak; José Angel Sanchez Asiain finantzariak; Ainhoa Arteta sopranoak; Juan Mari Arzak sukaldariak; eta Telmo Zarraonandia futbolariak.

Orain arte, halaber, beste hauek jaso dute "Lagun Onari" goraipamena: Julio Mª Sanguinetti Uruguaiko presidente ohiak; Eduardo Frei Txileko presidente ohiak; Vaclav Havel Txekiar Errepublikako presidente ohiak; Francesco Cossiga Italiako Errepublikako presidente ohiak; William Douglas Nevadako Unibertsitateko irakasleak; Argentinako Errepublikak; eta Ipar Amerikako Idaho Estatuak.


Zorpetezea

Gai hau alde batera utzita, bozeramaileak jakinarazi zuen gaur jaulkiko dela 700 milioi euroko zor publikoa. Obligazioak erabiliko dira, zehazki, 10 urterako bonoak. Credyt Agricole bankuarena den Calion entitatearen bitartez egingo da, BBK-k, Vital Kutxak eta Norbolsak ere parte-hartze garrantzitsua izango dutelarik. Mendiak azpimarratu zuen eskaintza arrakastatsutzat jo daitekeela dagoeneko, izan ere, eskaria Eusko Jaurlaritzak jaulkitako eskaintza halako hiru da, eta azaroan 350 milioi euroko beste jaulkipen bat egingo da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Idoia Mendia, bozeramaile