Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Castejon Gaineko herrixkak, Nabaridasen, interpretazio zentroa ireki du

2016.eko martxoak 18
  • Eusko Jaurlaritzak Burdin Aroko herrixkaren berri emateko eta haren balioa nabarmentzeko proiektua lagundu du Nabaridasen (Arabako Errioxa)
  • Interpretazio Zentroak Kultur Ondasun izendatutako eremu arkeologikorako bisitaldiak antolatuko ditu

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendari Imanol Agotek Castejon Gaineko Herrixkaren Interpretazio Zentroa inauguratzeko ekitaldie ofizialetan parte hartu du gaur eguerdian Nabaridasen (Arabako Errioxa). Eusko Jaurlaritzak 217.000 euroko ekarpena egin du aztarnategiaren berri emateko eta haren balioa nabarmentzeko (proiektu horren kostuaren % 65), bai aztarnategian bertan egindako jardueretan bai gaur inauguratu duten interpretazio-zentroan.

Interpretazio Zentroko gela eta instalazioetan Arabako herrixka horretako eguneroko bizimoduaren alderdi garrantzitsuenak birsortu dituzte, batez ere Lehen Burdin Arokoak, hori baita herrixkaren une adierazgarriena (k.a. IX-V. mendeetan). Erakusketak hainbat gai azaltzen ditu, besteak beste: ehiza, artisautza, nekazaritza zein abeltzaintza, ura biltzeko sistemak, hirigintza edo arkitektura (defentsa-egiturak, etxearen barnealdea zein kanpoaldea). Edonola ere, erakusketa iraunkor honek historia-ibilbide handiagoa ezagutzeko aukera ere ematen du, hasi Neolitikotik (duela 5.000 urte) eta Erdi Aroaren amaierara arte, betiere aztarnategian egindako arkeologia-aurkikuntzak aintzat hartuta.

Aparteko intereseko arkeologia-eremua

Nabaridasko (Arabako Errioxa) Castejon Gaineko Herrixkaren Eremu Arkeologikoa, Kultur Ondasun gisa kalifikatuta dago Monumentu Multzoaren kategoriarekin; 16 hektareako azalera du aparteko intereseko aztarnategi honek. Batez ere Lehen Burdin Aroan okupatutako herrixka baten hondakinak azaleratu dituzte 2010-2014 artean egindako indusketei eta zundaketei esker. Babestutako esparruaren barruan erromatarren Goi Inperioaren garaiko nekazaritza-ustiategi baten hondakinak ere badaude eta, muinoko tokirik garaienean, Erdi Aroko dorre baten egitura.

Lehen Burdin Aroko herrixkak (oraingoz aztarnategiko adierazgarriena da) hiru esparrutako defentsa-sistema du, populatutako hiru eremu definitzen dituena: goi-lautada, mendi-hegala eta ordokia. Etxe eta artisautzako hiru egitura mota ezberdin oso ongi bereizten dira: zutoinen gaineko eraikuntza, harrizko zokaloa duten etxola biribilak, eta harrizko zokaloa eta adobea dituzten etxola errektangeluarrak (zenbaitek bi solairu dituzte).

Jendeztatzearen aztarnak babestutako eremu osoan ageri dira. Horietako batzuk habitateko eremuei dagozkie eta, hegoaldeko mendi-hegaleko beste batzuk, laborantza-terrazei; Lehen Burdin Aroaren bizimoduei buruzko ikuspegi osoa eskaintzen da horri esker.

Datu guztien arabera, berebiziko interesa duen aztarnategia da; elementu ia guztiak lurpean daude, eta kontserbazio-egoera bikaina dute. Horrenbestez, mugatutako eremuari babes maila handiena eman behar zaio, aztarnategiaren zati handi bat induskatuta dagoen alde batera utzita, itxura guztien arabera lur azpian hondakin ugari baitaude.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)