Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Ore eta paper sektoreak eta burdin-galdaketakoak hondakinak murrizteko ingurumen-hitzarmen bat egin dute Eusko Jaurlaritzarekin

2016.eko martxoak 21
  • Aurreikusten dutenez, 20.000 tona ore- eta paper- lohi murriztuko dituzte eta urtean 190.000 tona balioztatuko dituzte, 2020. urtera arte.
  • Helburua: urtean 15.000 tona hondar eta zatiki fin murriztea eta 90.000 tona balioztatzea, 2020. urtera arte
  • Ana Oregi: «EAEko 2020rako Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planetik sortu da ekimena»

 

VG 16 03 21

Euskal Autonomia Erkidegoko paper-ore eta burdin-galdaketa sektore industrialetako enpresa nagusiek beren hondakin nagusiak prebenitzeko eta balioztatzeko konpromisoa hartu dute, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailarekin sinatutako hitzarmen baten bidez. Hitzarmena gaur sinatu dute Ana Oregi sailburuak, Marcial Alzaga EAEko eta Nafarroako Galdatzaileen Elkarteko (AFV) idazkari nagusia eta Iñaki Ugarte Euskadiko Paperaren Klusterra Elkarteko –CLUSPAP– gerentea, EAEko 2020rako Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planean aurreikusitako helburuak betetzeko xedearekin.

 

«Elkarlan-hitzarmen honen bidez, hondakinak prebenitzeko eta balioztatzeko bide berriak aztertu eta sustatu nahi ditugu, haien balioa ahalik eta gehien aprobetxatzeko eta isurketa behin-betiko saihesteko. Hondakinak Prebenitzeko eta Balioztatzeko Planetik sortutako jardunbide egokien adibide on bat da», esan du Ana Oregi sailburuak.

 

Industria-sektore horiek sortzen dituzten hondakinak Euskal Autonomia Erkidegoko industria-hondakin nagusietako bi dira, bolumenari dagokionez. Papergintza-sektorearen kasuan, karbonato-lohien, tinta-kentzeko lohien, araztegiko lohien, kaustifikazioko dregg-en eta biomasa-azalaren galdarako errautsen batuketa, 2010ean, Euskal Autonomia Erkidegoko hondakinen kopuru osoaren % 3,7 izan zen. Ondorioz, industria-hondakinen korronte hori bigarrena da neurriari dagokionez. Sinatutako testuaren arabera, sektore honek 2020. urtera arte, urtean hogei mila tona lohi murriztuko ditu eta 190.000 tona balioztatuko ditu.

 

Bestetik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak hondakin-korronte hori lehentasunezkotzat hartuko du enpresentzako diru-laguntzen aginduan, enpresa ekoizleen eta balioztatzaileen artean birziklatzeko bide egonkorrak ahalbidetzeko hitzarmenak sustatuko ditu eta ore-paper lohi birziklatuetatik lortutako produktuen erosketa publiko berdea babestuko du, besteak beste.

 

Burdina-galdaketaren sektorea

Burdina-galdaketaren sektorean, 2010ean, burdina-galdaketaren hondarrak eta zatiki finak EAEko hondakin guztien % 3,5 izan ziren, beraz, hirugarren industria-hondakin korronte nagusia izan zen, bolumenari dagokionez.

 

«Moldaketako hondarrak eta zatiki finak korronte potentzialki balioztagarriak dira, eta hitzarmenari esker, horiek prebenitzeko eta birziklatzeko eta lehengai berri gisa izan dezaketen balioa alferrik ez galtzeko alternatiba guztiak aztertu ahal izango ditugu», adierazi du Marcial Alzagak, EAEko eta Nafarroako Galdatzaileen Elkarteko (AFV) presidenteak. «Hitzarmenari esker, 2020rako urtean gutxi gorabehera hamabost mila tona hondar eta zatiki fin gutxiago sortu eta laurogeita hamar mila tona birziklatu ahal izango ditugu», zehaztu du.

 

Ore eta paperaren sektoreko hondakinen kasuan bezala, Ingurumen Sailak korronte hori lehentasunezkotzat hartuko du enpresentzako urteko diru-laguntzen aginduan. Gainera, hondarren eta/edo zatiki finen sorkuntzatik hasita kudeatzaile baimenduek birziklatzeko erabili arte dauden bitarteko biltegiratze-beharrak eta -alternatibak ikuspegi teknikotik eta ingurumenaren ikuspegitik zehazteko eta kuantifikatzeko azterketa bat enkargatuko du, eta azpiproduktu horien erosketa publiko berdea sustatuko du.

 

 

Ingurunea hobetzeko jardueretan konprometitutako EAEko eta Nafarroako Galdatzaileen Elkarteko enpresak hauek dira: AMPO; BETSAIDE; CASTINOX; FAGOR EDERLAN, Markulete, Usurbil, Eskoriatza eta Uribarriko instalazioetan; FUCHOSA; FUMBARRI-DURANGO –Durangoko eta Abadiñoko instalazioak–; FUNDICIONES DEL ESTANDA; FUNDICIONES GARBI; FURESA , FUNDICIONES URBINA, METAL SMELTING eta GUIVISA.

 

Euskadiko Paperaren Klusterrekoak hauek dira: CELULOSAS MOLDEADAS-CEMOSA, ECOFIBRAS ARANGUREN; MUNKSJÖ PAPER; PAPEL ARALAR; PAPELERA DEL ORIA; PAPELERA GUIPUZCOANA DE ZICUÑAGA; PAPRESA; SMURFIT KAPPA NERVIÓN, eta ZUBIALDE.

 

6 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @IngurumenEJGV
    2016.eko martxoak 21

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Ore eta paper sektoreak eta burdin-galdaketakoak hondakinak murrizteko... https://t.co/g5mWAyOEl6

  • @IngurumenEJGV
    2016.eko martxoak 21

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Los sectores de pasta y papel y de fundición férrea acuerdan un compromiso ambiental de... https://t.co/N8i4gTk9w1

  • @GlaciarBlue
    2016.eko martxoak 21

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Acuerdo con sectores de pasta y papel y de fundición férrea por un compromiso ambiental de reducción de residuos ➡ https://t.c

  • @aitor_c
    2016.eko martxoak 21

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Acuerdo con sectores de pasta y papel y de fundición férrea por un compromiso ambiental de reducción de residuos ➡ https://t.c

  • @Gob_eus
    2016.eko martxoak 21

    Comentario de Twitter:
    Ore eta paper sektoreak eta burdin-galdaketakoak hondakinak murrizteko ingurumen-hitzarmena Eusko Jaurlaritzarekin ➡ https://t.co/77qrxfIibk

  • @Gob_eus
    2016.eko martxoak 21

    Comentario de Twitter:
    Acuerdo con sectores de pasta y papel y de fundición férrea por un compromiso ambiental de reducción de residuos ➡ https://t.co/0oas4du98U

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Marcial Alzaga, Iñaki Ugarte