Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskadin hamar gizon gaztetik zortzik aita izan nahi dute noizbait

2016.eko martxoak 18

Euskadin seme-alabarik ez duten 30 urtetik beherako gizon gazteen %82,4k etorkizunean seme-alabak izan nahi dituztela diote. Hala ere, seme-alabak nahi izatea ohikoagoa da emakumeen artean (% 87,2) gizonen artean baino (% 82,4).

Beraien lehenengo seme edo alaba izateko adinik aproposena 29 urteak dira emakumeen ustez, eta 30, gizonen iritziz. 

Aita izan nahi dutenen ia laurdenak uste du ez dela aita izango adin horrekin

Dena den, oraindik aita ez diren baina izan nahi duten gizon gazteen ia laurdenak (% 24,2) uste du ez duela helburu hori beteko nahi duen adinean, hau da, 30 urterekin, batez beste.

Ama ez diren baina izan nahi duten emakume gazteen kasuan, beren amatasuna atzeratu beharko dutela uste dutenen portzentaje (%26,9) aitatasuna atzeratuko litzaiekeela uste duten gizonen portzentajea (% 24,2) baino altuxeagoa da.

Oro har, seme-alabarik ez duten baina izan nahi dituzten 30 urtetik beherako gizon eta emakumeen %25,5ek uste dute ez direla horretarako deritzoten adinik egokienean aita edo ama izango. Aipatutako adin apropos horretara gerturatu ahala, gehiago dira desio hori ez dela beteko uste dutenen portzentajea, eta 25 eta 29 urte bitartekoen artean %31,4ra iristen da.

Aztertutako datuak seme-alabarik ez duten 15 eta 29 urte bitarteko 1498 gaztek Gazteen Euskal Behatokiak 2015eko azaroan telefonoz egindako galdera-sorta bati emandako erantzunetatik datoz.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)