Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak gida bat aurkeztu die udalei eta foru-aldundiei, Bake eta Bizikidetzarekin lotutako politikak sustatzeko

2016.eko martxoak 21
  • Dokumentua iradokizun moduan aurkeztu dute, eta lanerako gidalerroak eskaintzen dizkie udalei zein aldundiei, bakegintzaren eta bizikidetzaren alorrean zentzu-batasuna lortzeko.
  • Aurreikusitako ekintzen artean, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak iradokitzen du udal-batzordeak sortzeko edota bizikidetzako foro anitzak babesteko aukera ematea udalei.
  • Memoriarekin lotutako udal-politiken garrantzia nabarmentzen du eta biktimen errealitateari buruzko azterlan bat egiten hasteko aukera planteatzen du, asistentziari eta errekonozimenduari loturik.

Eusko Jaurlaritzak, Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernandezen bitartez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiei eta EUDELi dokumentu bat aurkeztu die, bakegintzako eta bizikidetzako politika publikoen alorrean jarduera posibleak diseinatu ahal izateko. Lan-erreminta hau hiru bloketan egongo da egituratuta: oinarriak, ekimenak eta erakundearteko koordinazio-esparruak.

Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak gaur goizean bilera izan du hiru foru-aldundietako, Eudeleko eta Lehendakaritzako ordezkariekin. Bileran honako hauek ere izan dira: Maribel Vaquero, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendaria; Nekane Zeberio, Arabako Foru Aldundiko Kabineteko zuzendaria eta Ibon Uribe, EUDELeko ordezkaria. Maitane Leizaola, Bizkaiko Foru Aldundiko Bizkaiko Behatokiko zuzendari nagusia ezin izan da etorri azken orduko arazo batengatik. Lan-bileraren ondoren, Jonan Fernandezek prentsaurrekoa eman du dokumentuaren edukia azaltzeko.

2013ko azaroan onartutako Bake eta Bizikidetza Planak «foru-aldundiekin eta udalekin bizikidetzaren aldeko hitzarmen bat» aurreikusten du 15. ekimenean. Gaur aurkeztutako dokumentu honek, udal guztietara bideratuko denak, planaren aurreikuspen horri heltzen dio.

Edukiaren oinarrian erakunde bakoitzaren autonomiari erabateko errespetua dago, baita toki-errealitate bakoitzaren berezitasunari ere. Hori dela eta, iradokizun bezala tratatuko da. Bakearen eta bizikidetzaren alorreko jarduera posibleen inguruko gidaliburu ireki bat da, tokian tokirako pentsatua. Esparru horretan, hiru oinarrizko galdera erantzun nahi dira:

-      Zer gutxieneko oinarri ezarri behar dira, udalek zentzu etikoz eta toki-kontsentsua sustatuta jardun dezaten?

-      Zer jarduera-ildo mota susta dezake udal edota foru-aldundi batek bakegintzaren eta bizikidetzaren alorrean?

-      Zein dira erakundearteko koordinaziorako esparruak?

Jarduteko oinarriak

Oinarriok finkatzean «nondik jarduten den» galderari erantzuten zaio. Hau da, jarduera-esparruak oinarrizko ikuspegi etikoz eta demokratikoz biltzen dituen abiapuntuak. Dokumentu honetan eskainitako formulazioa oso laburra da; lau paragrafotan, toki-mailan adostasuna sustatzeko pentsatutako minimo bat taxutzen du.

Lehenik eta behin, giza duintasunaren etikan oinarritutako printzipioa. Bigarrenik, giza eskubideekin erabateko konpromisoa izatea; horrek esan nahi du iraganean gertatutako indarkeria eta terrorismo mota oro arbuiatzea eta orainaldian nahiz etorkizunean berriz gertatzeari aurka egitea. Hirugarrenik, bakearekin eta bizikidetzarekin lotutako helburu nagusi bat. Azkenik, aniztasuna eta ahalik eta kontsentsu handienak bilatzea oinarri dituen irizpide gidari bat.

Oinarrien atalean, gida honek gogorarazten du erabilgarria dela Zoru Etikoa izeneko erreferentzia-dokumentu bat izatea, Eusko Legebiltzarrak aurreko legegintzaldian onartutakoa.

Udaletan susta daitezkeen jarduketak

Jaurlaritzak udaletan zein lurralde historikoetan abian ipin daitezkeen hainbat aukera proposatzen ditu; adibidez, bake eta bizikidetzarako udal-batzordeak, herritarren foroak eta bizikidetza anitzerako esperientziak, biktimentzako babesa, oroimen-politikak, gizarteratzea edota bakean, bizikidetzan eta giza eskubideetan eraikitako kulturarako ekimenak. Proposamen irekiak dira.

Esparru instituzionalak

Eusko Jaurlaritzak dokumentu honetan azpimarratzen duenez, komunikazio eta koordinazio jarraitua eta ohikoa izatea politika instituzional arduratsua egitea da. Koordinazio hori mamituta dago, esaterako, Bake Planaren Aholku Batzordean zein Gogora Institutuan, erakunde maila guztiek parte hartzen baitute haietan.

Gainera, Elkarrekin programari dagokionez, proposatzen dute ekimen koordinatuak egitea bizikidetza-kultura sustatzeko kidetze-jarduerei buruz, edota lankidetzan jardutea oroimen-politika publikoak garatzen dituzten beste erakunde batzuekin. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau