Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak neurri sorta bat iragarri du prestakuntza 700dik gora enpresetan antzemandako beharretara doitzeko eta enplegu-aukera berriak sortzeko

2016.eko martxoak 21
  • Urkulluk Confebaskeko arduradunak hartu ditu, «Euskal enpresen 2016ko beharrak enpleguan eta prestakuntzan» azterlanaren ondorioak aurkez ziezazkioten.
  • Lehendakariak berretsi du Eusko Jaurlaritzak aurrerantzean ere euskal industria eta enpresa defendatuko dituela

Eusko Jaurlaritzak neurri sorta bat ezarriko du epe labur eta ertainean, prestakuntza 700dik gora enpresentan antzemandako beharretara doitu eta kalitatezko enplegu-aukera berriak eskaini ahal izateko. Hainbat ekintza jarriko dira abian berehala, tartean, lanbide-heziketako espezializazio profesionalerako zortzi programa, langabeentzako kualifikazio programa espezifikoak, lanbide-heziketa dualaren eredua indartzea edo enpresetako langileen birkualifikazioa.

Horiek azaldu ditu Iñigo Urkullu lehendakariak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapia, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toña eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriarte lagun, Confebaskeko arduradunei egin dien harreran. Euskal enpresaburuen ordezkariek, Roberto Larrañaga presidentea buru zutela, «Euskal enpresen 2016ko beharrak enpleguan eta prestakuntzan» azterlana aurkeztu dute.

Lehendakariak berretsi duenez, «ondo egindako» azterlan «erabilgarria» da, bide emango duena industriako, prestakuntzako eta enpleguko politikak hobetzeko, hala nola administrazioaren eta enpresen arteko lankidetza «indartzeko». «Helburu bera dugu; hazkundea egonkortzea eta enplegu-aukera berriak eskaintzea», ziurtatu du Urkulluk. Bere iritzian, azterlan horren ondorioek eta ekarriko dituen jarduerek konfiantza emango diete enpresei, enplegu berriak sortzeko zertan inbertitu zehaztuko duelako. Izan ere, hiru euskal enpresetatik bik kontratazioak egingo dituzte, orotara, 25.000 lanpostu betetzeko; horietatik % 42 sortu berriak.

Hala, Eusko Jaurlaritzak epe labur eta ertaineko hainbat jarduera aurreikusi ditu. Hainbat ekintza jarriko dira abian berehala, tartean, lanbide-heziketako espezializazio profesionalerako zortzi programa, langabeentzako kualifikazio programa espezifikoak, lanbide-heziketa dualaren eredua indartzea edo enpresetako langileen birkualifikazioa.

KONFIANTZA MEZU BAT INDUSTRIARI

Halaber, lehendakariak konfiantzazko mezu bat helarazi nahi izan dio euskal industriari. Urkulluk berretsi du Eusko Jaurlaritzak aurrerantzean ere euskal industria eta enpresa defendatuko dituela eta «soseguz, erakunde-errespetuz eta erabateko prestasunez» erantzungo duela muturreko egoerei, Fagorrek edo ontzigintzak tax lease-arekin jasan zituztenei kasu.

Hala, gogorarazi du 2016ko urtarrilean IPIa % 5,9koa izan dela; alegia, 2006az geroztik, urtarril guztietan onena. Gainera, Industria-egoeraren Behatokiak berretsi egin ditu Euskadiko 21 elkarteen eta klusterren gaineko 2016rako hobekuntza-aurreikuspenak, siderurgia-sektorearen salbuespena eta petrolioaren nahiz gasaren merkatuko ziurgabetasunak kontuan hartuta.

(*) Hemen irakurri dezakezu oharra

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Roberto Larrañaga, Presidente de Confebask