Berriak Osasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak 5,3 milioi euro baino gehiago ordaindu dizkie 2015eko laguntzen onuradunei, koordainketa farmazeutikoari aurre egiteko

2016.eko martxoak 19

Euskadi da, hirugarren urtez jarraian, kolektibo ahulenek osasun-tratamenduekin jarraitu ahal izatea bermatzeko konpentsazio-neurriak martxan jarri dituen Estatu osoko autonomia-erkidego bakarra 

Eusko Jaurlaritzak beste informazio-kanpaina bat ipini du abian laguntza ekonomiko hauek zabaltzen sakontzeko; azken hiru urteetan 22 milioi euro baino gehiago bideratu dira

 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak 5.359.106 bideratu ditu, laguntza horien onuradunei koordainketa farmazeutikoko 2015eko gastuak konpentsatzeko.

Euskadi da, hirugarren urtez jarraian, kolektibo ahulenek osasun-tratamenduekin jarraitu ahal izatea bermatzeko konpentsazio-neurriak martxan jarri dituen Estatu osoko autonomia-erkidego bakarra; hain justu, azken hiru urte hauetan 22 milioi euro baino gehiago bideratu dira gastu hori ordaintzera.

Jon Darpón Osasuneko sailburua pozik agertu da aurten ere gaixotasun eta behar egoera objektiboan dauden pertsonei aurreratutako dirua itzultzearekin, sailburuaren esanetan horrek osasun-tratamenduekin jarraitzea ahalbidetzen baitie. Era berean, Euskadiko populazio-sektore ahulenetan baterako ordainketak dituen efektuak arintzeko helburuz Eusko Jaurlaritzak egindako ahalegina nabarmendu du. «Jaurlaritzaren aburuz, osasunaren alorrean berdintasuna bermatzea printzipio ukaezina da; horregatik, gobernu honek gure osasun-sistema babestearen eta osasuna pertsona guztien eskubidea izatearen alde lan egiten jarraituko du», adierazi du Osasuneko sailburuak.

 

 

INFORMAZIO-KANPAINA BERRIA

 

Jon Darpónek adierazi du, halaber, informazio-kanpaina berri bat ipini duela Jaurlaritzak abian, farmaziako baterako ordainketari ematen zaizkion laguntza ekonomikoak zabaltzen jarraitzeko.

Kanpaina hori ospitale guztietan eta Osakidetzaren 330 osasun-zentroetan baino gehiagotan dago ikusgai, herritarren artean laguntza ekonomiko hauen berri ematen jarraitzeko, botiken baterako ordainketei aurre egiten laguntzeko helburuz.

Sailburuak emandako datuen arabera, 100.000 eskuorri inguru banatu dira euskaraz eta gaztelaniaz eta 2.000 kartel inguru ipini dira Osakidetzaren azpiegitura guztietan; hala, «edozer herritarrek dauka eskura informazio hau osasun-zentroan, anbulatorioan, kontsultategian zein ospitalean». Informazio horrek, modu atsegin eta batez ere errazean, laguntza hauek eskuratzeko bideak gogorarazten ditu; era berean, adierazten da nork eska ditzakeen laguntzok, noiz eta nola jasotzen diren eta informazio non eskura dezaketen, besteak beste. 

 

 

2015EKO LAGUNTZEN BIGARREN ORDAINKETAREN DATUAK

2015eko bigarren ordainketa aurtengo otsailaren 26an eta martxoaren 3an egin zen: 3.083.385 € guztira, 87.627 onuradunen artean banatuta.Horri gaineratu behar zaizkio lehendabiziko ordainketara bideratutako 2.290.808,75 euroak, 82.173 eskatzailerentzat.    

Pertsona bakoitzari batez beste 35,15 euro bueltatu zaizkio.Ordainketa txikiena jaso zuen pertsonak 0,09 euro jaso zuen; itzulketa handiena, berriz, 1.409,31 euroko ordainketa izan zen (legezko langabezia-egoeran dagoen pertsona bati).

2015. urteko bigarren epeko onuradun guztien artean, honako hauek daude:

  • Pentsiodunak: % 94,00
  • Legez langabezia egoeran dauden eta ez langabeziako prestaziorik ez diru-sarrerak bermatzeko errentarik jasotzen ez duten pertsonak: % 6 gutxi gorabehera.

Horrenbestez, ordaindutako zenbatekoa, batetik, lehendabiziko ordainketa egin zitzaien pertsonek sei hilabetez egindako gastu farmazeutikoari dagokio (2015eko ekainaren 1etik azaroaren 30era), eta, bestetik, –ekainaren 11tik aurrera aurkeztutako eskaeren kasuan– denbora-tarte osoan egindako gastu farmazeutikoari (2014ko abenduaren 1etik 2015eko azaroaren 30era). Guztira, egunean 347 eskaera jaso ziren batez beste, 2015eko otsailaren 2an epea zabaldu zenetik ekainaren 10ean itxi zen arte. Eskari guztietatik % 99 eredu erraztuaren bitartez bideratu ziren eta gainerakoak, berriz, eredu arruntaren bitartez (*). Lurraldeen arabera, % 13 inguru Arabari dagozkio, % 59 Bizkaiari eta gainerako % 29 Gipuzkoari.

                               

                             2016KO LAGUNTZEN EPEAK

 

2016ko laguntzak eskatzeko epea irekita dago otsailaren 1etik, eta 2016ko abenduaren 10era arte jarraituko du irekita.

Oraindik ere inprimaki bat beteta aurkeztu daitezke eskabideak, honako egoitza hauetan:

  • Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
  • Osakidetzaren osasun-zentro eta anbulatorioetan
  • Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan
  • Zuzenean Herritarrentzako Zerbitzuaren egoitzetan

Diru-laguntza hauek Eusko Jaurlaritzak botiken koordainketaren kontra beti adierazi duen jarrerarekin lotuta daude. Kontrako jarrera horren eraginez, neurria aplikatzen azken autonomia-erkidegoa izan zen Euskadi. Urtebetez atzeratu zuen eta ez zion bide judizialari uko egin, noski.

 

 

 

(*) Prozedura arrunta bi kasu hauetan besterik ez da erabili behar: batetik, botikak Euskaditik kanpo erosten dituzten laguntzen onuradunen kasuan; eta bestetik, MUFACE, MUGEJU eta ISFASen pentsiodunen eta Euskadin erroldatutako haien onuradunen kasuan, 18.000 eurotik beherako urteko errentak baldin badituzte.

 

 

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoak 19

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)