
Erkorekaren iritziz Espainiako Gobernuak 35 orduko lanaldiaren aurka jarritako errekurtsoa euskal autogobernuaren aurkako «eraso onartezina» da
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekaren iritziz euskal autogobernuaren aurkako «eraso onartezina» da Espainiako Gobernuak 35 orduko lanaldiaren aurka jarritako errekurtsoa. Erkorekak errekurtso hori berehala kentzeko eskatu ez ezik, gogorarazi du Euskadik baliabideak kudeatzeko eta funtzio publikoa antolatzeko eskumenak dituela.
Eusko Legebiltzarreko pasilloetan hedabideei eginiko adierazpenetan, Jaurlaritzaren bozeramaileak salatu du Espainiako Gobernuak hartutako erabakia, gainera, Kongresuak kontrolatu dezan baztertzen duen jarduneko gobernu batek hartutako neurria dela. «Politika autonomoetan muturra sartzeko eragozpenik ez du, ordea», esan du.
Horregatik, Estatuko Abokatutzak jarritako errekurtso horri «neurri absurdoa» iritzi dio, eta kentzeko exijitu dio Espainiako Gobernuari. Eusko Jaurlaritzak, berriz, 35 orduko lanaldiari eusteko asmoa berretsi du, onartu berri duten dekretuak xedatzen duen moduan. Dekretu horrek funtzio publikoko 70.000 langileri baino gehiagori eragiten die, eta Espainiako Gobernuak 2012an indargabetu zituen baldintzak berrezarri nahi ditu.