Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Udan Rioko Olinpiar Jokoetara joango diren blogari gazteak hasi dira girotzen

2016.eko martxoak 17
  • Gazte Olimpic Team lehiaketari esker, 8 gaztek blogari lanak egingo dituzte Rioko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan
  • Irabazleak hasi dira dagoeneko Gazteaukera blogean kirolarekin eta Olinpiar Jokoekin loturiko kazeta-lanak argitararatzen

Uda honetan Rio de Janeiroko Olinpiar nahiz Paralinpiar Jokoetara blogari lanak betetzera joateko txartela irabazi duten zortzi euskal gazteak hasiak dira motorrak berotu edo ordenagailuaren teklatua astintzen, eta dagoeneko irakurgai daude Gazteaukera blogean eurek argitaratutako zenbait kazeta-lan.

Horietan lehenak ehun urtetik gorako jauzia egiten du denboran atzera, eta Parisen 1900 urteko Olinpiar Jokoetan domina bat eskuratu zuen lehen euskal kirolariaren historia dakarkigu: Jose de Amezola arabarraren domina ezezaguna, eta dominaren atzean dagoen bitxikeria. Zesta punta modalitatean lehiatu zen Amezola, eta partidarik jokatu gabe eskuratu zuen urrezko domina! Argitaratutako beste post batek berriz, kirola egiterako orduan eguraldiak duen eragina aztertzen du.

Esteka honetan ikus daitezke (Gazteaukera blogean) blogari gazteek dagoeneko argitaratu dituzten postak: http://gazteaukera.blog.euskadi.eus/

Zortzi blogari gazte Rio de Janeirora

Gazteak dira, 21 eta 27 urte bitarteko zortzi neska-mutil, gehienak komunikazio arloko ikasketak burututakoak, eta guztiak kirolzaleak. Epaimahaiak, lehiaketan jasotako bideo eta idazlanen irudimena eta originaltasuna baloratu ondoren, uda honetan Rioko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetara blogari lanak betetzera joango diren gazteak aukeratu ditu. Honako hauek dira:

Rioko Olinpiar Jokoetara (abuztuaren 8tik 15era):

  • Aitor Biain Barrena (Oñati)
  • Irati Aguirre Tolosa (Donostia)
  • Jon Altuna Egitegi  (Lasarte-Oria)
  • Maria Lopez Juez  (Zumaia)

 

Rioko Paralinpiar Jokoetara (irailaren 7tik 18ra):

  • Iñaki Lasa Etura  (Andoian)
  • Nerea Gurrutxaga Zuatzubizkar  (Elgoibar)
  • Urko Zabala Camino (Zarautz)
  • Uxue Otxoa Alberdi  (Arrasate)

 

 

 

 

 

Esteka honetan dituzue eskura, gazteen banakako argazkiak eta bakoitzak bere buruaz egiten duen aurkezpena:

http://gazteaukera.blog.euskadi.eus/2016/03/rioko-jokoetara-joango-diren-blogarien-fitxa/

Eginkizunak:

Blogarien eginkizun nagusia, Rio de Janeiron egingo duten egonaldian zehar, Olinpiar eta Paralinpiar Jokoen berri ematea izango da, bai Gazteaukera blogean, eta baita honen sare sozialen bidez ere: euren bizipenak eta ikuspuntua zuzen-zuzenean konta ditzakete, erreportaje eta elkarrizketak egin, argazkiak, bideoak, bideo-albisteak… eskegi, euskaraz eta gaztelaniaz, baina arreta berezia ipiniz euskal kirolariei eta hauen senide nahiz lagunei. Hala ere, Rioko giroak, segurtasun neurriek, bertaratutako komunikabideen paperak, boluntarioen lanak nahiz beste edozein bitxikeriak ere izan lezakete lekua.

Sari honi esker, kirol probak ikusi eta Basque Team-eko euskal kirolariekin egoteko aukera izango dute blogariek. Era berean, sariak barnean hartzen ditu hegazkin txartelak, ostatuak, bidaia aseguruak eta zenbait norgehiagokatara sartzeko sarrerek eragindako gastuak.

GOT Rio 2016

Gazteaukera atariak eta Basque Team-ek antolatu dute Gazte Olimpic Team lehiaketa, udan Rioko Olinpiar nahiz Paralinpiar Jokoetara zortzi blogari gazte bidaltzeko. “Euskal Selekzioak 10 domina eskuratu ditu Olinpiar Jokoetan” gaiarekin, idazlana edo bideoa bidali behar izan zuten parte hartzaileek. 70 lan aurkeztu ziren guztira, oso maila onekoak epaimahaiak nabarmendu duenez. Kirolzaletasuna antzeman omen da partaideen artean. 22 eta 24 urte bitarteko gazteak izan dira gehien bat lanak aurkeztu dituztenak, ikasleak oro har, komunikazioaren arloan dihardutenak gehienak, eta neskak mutilak baino gehiago.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)