Berriak Lehendakaritza
Eu

Akitaniak eta Euskadik Nafarroa Euroeskualdean sartzea onartu dute

2016.eko martxoak 18
  • Lehendakariak 2015ean garatutako proiektu garrantzitsuenen balantzea egin du eta aurtengo lan-ildoak nabarmendu ditu
  • Lehendakariak nabarmendu duenez, Euroeskualdearen tamaina handitu da eta Europako proiektuan eragina izateko ahalmen handiagoa lortu du

Akitania-Euskadi Euroeskualdeak Nafarroako Foru Erkidegoa barneratuko du, gaur batzarrean hartutako erabakiaren ondorioz. Iñigo Urkullu lehendakariak eta Akitaniako presidente Alain Roussetek Europako korporaziora ongietorria eman diote Nafarroako presidente Uxue Barkosi. Lehendakariaren arabera, atxikitze hori mugaz gaindiko elkarlanaren espiritua indartzen duen pauso oso garrantzitsu bat da. Topaketan, lehendakariak azken urtean egindako lana balioztatu du. Duela bi urte onartutako Plan Estrategikoan, 2020ra arteko «bide orrian», finkatutako ildoei jarraituz egin da lan hori, hain zuzen.

Euroeskualdeak gaur arratsaldean Vitoria-Gasteizko Zalditegia eraikinean egin duen 2016ko batzarrean, Urkullu lehendakaria izan da burua eta Euskadiko eta Akitaniako hogei bat kidek parte hartu dute.

Euroeskualdea hazten ari da

Lehendakariak nabarmendu du Euroeskualdea «etapa berri» batean dagoela, indartsuago, bai iparraldean bai hegoaldean. Nafarroa sartzeko estatutuak aldatu direla aipatzeaz gain, Frantziako eskualdeen berregituraketaren ondoren Akitaniak Limousin eta Poitou-Charentes barneratu dituela gogorarazi du.  Hala, Euroeskualdea 5,5 milioi pertsona batzetik 8,7 milioi batzera igaroko da. Ildo horretan, lehendakariak ziurtatu duenez, «tamaina handiagoa eta eragiteko ahalmen handiagoa lortu ditugu».

2015eko balantzea eta etorkizuna

Lehendakariak azken urtean egindako lana balioztatu du; duela bi urte onartutako Plan Estrategikoan, 2020ra arteko «bide orrian», finkatutako ildoei jarraituz egin da lan hori, hain zuzen. Esan duenez, estrategiaren hiru ardatz nagusiak indartuko dira: Euroeskualdeko herritartasuna, konektibitatea eta kultura-jarduera hobetuz; ezagutzaren ekonomia eta prestakuntza, lehiarako berrikuntza eta enpresa; eta azkenik, lurralde jasangarria, garraioa eta mugikortasuna sustatuz.

Urte honi begira, Euroeskualdeak DSS2016 Europako Kultura Hiriburua proiektua bultzatuko du; euskarazko irratien ekoizpenerako Zubiak proiektua; langileentzako eta enpresentzako informazio-atari bat; Euroeskualdeko LH sistema berri bat jarriko da martxan eta Euroeskualde mailako Global Training beken lehenengo deialdia egingo da. Horiek dira lehendakariak nabarmendu dituen proiektuetako batzuk.

Euroeskualdearentzat 1,1 milioi euroko aurrekontua finkatu da 2016rako ere eta Euskadik eta Akitaniak zati berdinean ordainduko dute. Kide diren gobernuen horniduraz gain, Euroeskualdeak proiektu zehatzetarako diru-laguntzak jasotzen ditu Europar Batasunaren eskutik.

Europako gaur egungo egoera

Gaur egungo egoerari dagokionez, «ekonomia suspertzeko neurriak berrabiatu eta horrela kalitatezko enplegu-aukerak sortzeko» beharra azpimarratu du. Beste alde batetik, «pertsonak, baita babesa bilatzen dutenak ere, bere jardunaren ardaztzat dituen Europa humanoaren balioak berreskuratzeko» deia egin du.

Presidentetzaren aldaketa

Gaurko topaketan, Euroeskualdeko presidentetza aldatu da –bi urtean behin txandakatzen da. Lehendakariak Alain Rousseti makila eman dio, Europako elkarteko lidergoaren ikur gisa.

Datu interesgarriak

Aurretik ere bazegoen Euskadi, Akitania eta Nafarroaren arteko aldizkako mugaz haraindiko lankidetza.  Baina 2011. urtea inflexio-puntu bat izan zen, Euroeskualdeari nortasun juridikoa eman zitzaiolako, Lurralde Lankidetzako Europako Taldearen (LLET) figurari esker.

2011ko abenduaren 12an, Akitania-Euskadi Euroeskualdea LLETa sortu zen eta 2015eko urrian Nafarroak bertan barneratzeko eskatu zuen. Gaurko batzarrean, Akitania-Euskadi Euroeskualdeak berau atxikitzearen alde bozkatu du eta erabaki hori gobernu guztien gobernu-kontseiluek berretsi beharko dute. Jarraian, Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak onartu beharko du eta horrek Frantziako Estatuari jakinarazi beharko dio. Beraz, Nafarroako Foru Erkidegoa 6 hilabeteko epean atxikiko da Euroeskualdera. 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @martinperezgarm
    2016.eko martxoak 18

    Comentario de Twitter:
    Aquitania y Euskadi aprueban la incorporación de Navarra a la Eurorregión https://t.co/CUeWTtSxG4

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Alain Rousset, Uxue Barkos