Berriak Lehendakaritza
Eu

Nazioarteko egoera aztertzen duen Eusko Jaurlaritzaren txostena

2016.eko martxoak 17

Azterketa honen gai nagusia nazioarteko egoera izan da, eta zehatzago nazioarteko terrorismoa. Ikerketa honen fitxa teknikoa zabaldu den txostenean kontsulta daiteke. Lagina 18 urtez gorako herritarrei zuzendua, EAE osorako 1.000 lagunek osatua da. Informazio bilketa 2016ko otsailaren 24tik eta 26ra egin zen.

NAZIOARTEKO EGOERAREN BALORAZIOA

Euskaldunek argi dute munduko beste lekuetan gertatzen diren gauzek eragina dutela euren bizitza pertsonalean, eta erdiak interes handia edo nahikoa erakutsi dute nazioarteko egoerarekiko. Egoeraz egiten den balorazioa negatiboa da. 

Elkarrizketatutako hamar pertsonetatik zazpik uste dute munduko beste lekuetan gertatzen diren gauzek euren bizitza pertsonalean eragin handia (%23) edo nahikoa (%48) dutela. Bestalde, biztanleen erdiek nazioarteko politika interes nahikoarekin edo handiarekin jarraitzen dute (%51).

Gehienek nazioarteko egoeraz egiten duten balorazioa negatiboa da: %66k uste dute txarra edo oso txarra dela, eta soilik %3k ona edo oso ona dela. Gainerako %31k uste dute hala-holakoa dela. Balorazioa okerragoa da klase sozial baxuenean kokatzen direnen artean. Gainera, %30ek uste dute egoerak okerrera egingo duela etorkizunean, %37k berdin jarraituko duela, eta soilik %29k hobera egingo duela. Zentzu horretan, Euskadiko biztanleen iritzia Estatukoena baino apur bat negatiboagoa da.

Mundu mailako arazo nagusienen artean bat-batean elkarrizketatuek gehien aipatutakoak hauek dira: mundu mailako egoera ekonomikoa eta krisia (%52), gatazkak eta gerrateak (%45) eta pobrezia eta gosea munduan (%37).

Gutxiagok aipatu dituzte: politika eta klase politikoa (%15), errefuxiatuen krisia (%14), nazioarteko terrorismoa (%14), immigrazio irregularra (%13) eta, aldaketa klimatikoa eta ingurugiroari lotutako bestelako arazoak (%12).

Mundua duela hamar urte baina toki arriskutsuagoa da egun, nahiz eta euskal jendarteak Euskadin seguru bizi dela uste duen. 

Aurkeztutako arazo guztiak dira biztanleen iritziz benetako mehatxua Euskadirentzat. Apur bat jende gehiagok aipatu dituzte ondoko hauek: lurraren berotze globala (%63rentzat oso garrantzitsua eta %26entzat nahikoa), nazioarteko terrorismoa (%40 eta %33, hurrenez hurren) eta energiaren hornikuntza gabezia (%39 eta %33).

Dena den, Euskadi bizitzeko leku segurua dela uste dute elkarrizketatuek zalantzarik gabe (%97 guztiz edo nahikoa ados dago baieztapen horrekin); Europa bizitzeko leku segurua dela uste dutenen portzentajea apur bat txikiagoa da (%81).

Euskadi leku segurutzat jotzen duten bertako biztanleen portzentajea Europako gainerako herrialdeen artean handienetakoa da. Hots, Europako batezbestekoa %82koa da, eta soilik Finlandiako portzentajea da Euskadikoa baino handiagoa (%98).

Azkenik, orokorrean, duela hamar urterekin alderatuta, biztanleek uste dute mundua egun ez dela hain leku segurua (%60).

NAZIOARTEKO TERRORISMOA

Kezka munduan nazioarteko terrorismoak izaten ari den gorakadarekin, ez horrenbeste Euskadin.

Euskadiko biztanleak nazioarteko terrorismoaren gorakadarekin nahikoa edo oso kezkatua agertu dira (%84); aldiz,  gutxiago dira Euskadin nazioarteko terrorismoak izan duen gorakadarekin kezka agertu dutenak (%46 oso edo nahikoa kezkatuak).

Hots, gehienek uste dute datozen bi urtetan aukera handiak edo nahikoak daudela nazioarteko terrorismoaren atentatu bat egoteko Europan (%87) edo Espainian (%70), Euskadin ez bezala (%79k uste dute aukera gutxi edo batere aukerarik ez dagoela).

Kezka orokor horrek badu isla praktikoa ere: gehienek (biztanleen %72k) atentatu bat sufritzeko aukera, oso edo nahikoa aintzat hartzen dute oporretarako leku edo estaturen bat aukeratu behar dutenean. Izan ere, %6k jada azken urtean bidaiaren bat egiteri edo ekitaldiren batetara joateri utzi diote nazioarteko terrorismoaren atentatu bat sufritzeko beldurragatik.

Ez da uste nazioarteko terrorismoarekin bukatzeko erantzun militar irmoa biderik onena denik, nahiz eta orain arte ezarritako zaintza eta kontrol neurriak beharrezkoak izan direla uste den, edo haratago behar baino gutxiago izan direla

Nazioarteko terrorismoaren aurkako borrokan, Euskadiko herritarrek uste dute erantzun militarrarekin lortzen den bakarra gorroto gehiago eta terrorismo gehiago egotea dela (%74), iritzi hau gazteenen artean dago zabalduago (%84). Aldiz, soilik %15ek uste dute erantzun militar irmoa nazioarteko terrorismoarekin bukatzeko modurik eraginkorrena dela.

Nazioarteko erakundeek gai honen inguruan egiten duten lana nahiko gaizki baloratzen da: Estatu Batuak oso gaizki edo nahikoa gaizki ari direla uste dute %73k, Europako Batasuna %65ek eta Nazio Batuak %62k.

Edonola ere, Europan atentatuak eragozteko ezarritako zaintza eta kontrol neurriak behar adinakoak izan direla uste dute erdia inguruk (%47), eta beste %28k uste dute behar baino gutxiago izan direla. Soilik %18k uste dute gehiegizkoak izan direla.

Europan eskubide eta askatasunak murrizten ari direnaren irudipena dago, ez horrenbeste Euskadin. Iritziak banatuak agertzen dira, segurtasuna askatasun eta eskubideen gainetik egon behar duen edo alderantziz.

Europan eskubide eta askatasun indibidualak murrizten ari direla uste dute biztanleek, nazioarteko terrorismoarekin zerikusia duten arrazoiengatik (%76 guztiz ados edo neurri batean ados daude baieztapen horrekin).

Irudipen hori txikiagoa da Euskadiri dagokionez: %37k uste dute eskubide eta askatasunak murrizten ari direla, eta %58k uste dute ez direla murriztuak izaten ari (batere ez edo oso gutxi).

Biztanleak banatuago agertzen dira “segurtasunaren edo askatasunaren” arteko aukeraketan. Alegia, %44k uste dute lehentasuna segurtasuna dela, eskubide eta askatasun indibidualen gainetik, eta %45ek uste dute, aldiz, lehentasuna eskubide eta askatasun indibidualek dutela segurtasunaren gainetik.

 

 

**Ikerketa honen fitxa teknikoa zabaldu den txostenean kontsulta daiteke. Lagina 18 urtez gorako herritarrei zuzendua, EAE osorako 1.000 lagunek osatua da. Elkarrizketak telefonoz egin dira. Lagin honi dagokion lagin errorearen estimazioa ±%3,16koa da EAE osorako, %95,5eko konfiantza mailarako, p=q=0,5 izanik. Informazio bilketa 2016ko otsailaren 24tik eta 26ra egin zen.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko