Berriak Segurtasuna
Eu

Trafiko Zuzendaritzak distrakzioen eta abiadura desegokian gidatzearen arriskuei buruz kontzientziatzeko kanpaina aurkeztu du

2016.eko martxoak 18

Aste Santuko Operazio Bereziarekin bat etorriz

«Badugu arriskuen berri. Arduratsuak izan gaitezen» da Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak gaur abiaraziko duen kanpainaren lema, eta gidatzean distraitzeari eta gehiegizko abiadurari buruzko arriskuen gainean gidariak sentsibilizatzea du helburu. Gaur goizean, Trafikoa Kudeatzeko Zentroan, Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok kanpaina aurkeztu du eta datorren asteazkenean abiaraziko duten Aste Santuko Operazio Bereziaren baliabideak azaldu ditu.

«Arriskuak saihestu behar ditugu, eta zirkulazio-istripu bat izateko aukerak gutxitu. Hala, guztiok onartu behar dugu ohikoak edo arruntak iruditzen zaizkigun baina ondorio larriak izan ditzaketen ekintzen ardura –esan du Garbiñe Sáez Molinuevok–. Kanpaina honen helburua ohiko istripu-kausen gainean sentsibilizatzea da, alegia, abiaduraren eta distrakzioen gainean.»

Segurtasun Sailaren Trafiko Zuzendaritzak gaur argitaratuko dituen irratiko eta telebistako iragarkietan eta karteletan bi mezu nagusi zabalduko ditu: «Mugikorrari begira, ez duzu errepidea ikusten» eta «Denbora irabaztearren, ez galdu dena».

«Iaz, lau istriputatik baten, hau da, % 25en kausa nagusia abiadura izan zen –azaldu du Trafikoko zuzendariak-. Gainera, arrazoi horrek eragiten dituen salaketen kopurua esanguratsua da.» 2015ean izapidetu zituzten 295.774 salaketetatik 228.857 abiadura-mugak gainditzeagatik izan ziren (192.185 kasu radar finkoarekin harrapatu zituzten eta 36.672 radar mugikorrarekin).

Istripuak eragin ditzaketen beste jokabideen artean, gidatu bitartean mugikorra edo nabigatzailea kontsultatzea dira. Iaz, distrakzioek 1.879 salaketa eragin zituzten.

«Teknologia berriak egunerokorako positiboak dira, baina gidatzen ari garela erabiltzen baditugu, istripuak izateko arriskua handitzen dute, baita istripu hilgarriak izatekoa ere –adierazi du Garbiñe Sáez Molinuevok–. Hori dela eta, mugikorrean hitz egin edo mezuak bidali bitartean gidatzeak dituen arriskuak ezagutzen ditugunez, izan gaitezen arduratsuak eta ez dezagun halakorik egin, ezbeharreko istripurik ez izateko.»

Trafiko Zuzendaritzaren www.trafikoa.eus webgunean, Youtubeko kanalean (trafikoaEJGV) eta Twitter kontuan (@trafikoaEJGV) ikusgai daude pieza guztiak.

Aste Santuko Operazio Berezia

Prentsaurreko berean, Trafikoko zuzendariak Segurtasun Sailak Aste Santurako egin dituen aurreikuspenak eta datorren asteazkenean abiaraziko duen operazio bereziaren ezaugarriak azaldu ditu.

Martxoaren 23tik 28ra, Euskadiko errepideetan batez beste 456.000 joan-etorri izango direla kalkulatu dute. Iazko zifra baino handiagoa da % 1,55eko hazkunde aurreikusi baitute.

Ertzaintzaren Trafiko Unitateko berrehun agentek kontrolatuko dituzte bide nagusiak, zirkulazioa arina izan dadin.

Fluxu nagusiak lehen bi egunetan izango dira, batez ere asteazken arratsaldean eta ostegun goizean. Itzulera astelehenean, hilak 28, izango da.

Iazko Aste Santuko intentsitate-datuak aztertu ondoren, kalkulatu da honako hiru puntu hautan erregistratuko dela zirkulazio-intentsitate handia: A-8 errepidean, Kantabriako mugan; AP-8 errepidean, Biriatuko ordainlekuan; eta Armiñongo lotunean, AP-1 errepidea A-1 errepidearekin lotzen den gunean.

Kantabriarako noranzkoan, zirkulazio intentsitate handia erregistratu ohi da asteazkenean, Ostegun Santuaren bezperan, arratsalde partean —15:00ak eta 21:00ak bitartean—, eta Ostegun Santuaren goizean —09:00ak eta 14:30ak artean—. Bilbora itzulera Pazko Astelehenean izan ohi da, 13:00ak eta 21:00ak bitartean, baina azken urteotan ez da auto-ilara luzerik sortu Bizkaialdean. 2015ean, batez besteko zirkulazioa 2014an baino % 4,38 handiagoa izan zen zati horretan.

Biriatuko AP-8ko ordainlekuan (Frantziarako norabidean) auto-ilarak sortu ohi dira Ostegun Santuko goizean. Pazko Astelehena Frantzian ere jaieguna denez, asteburuan Donostiarako zirkulazioa motela izaten da.

Azkenik, baliteke Armiñóngo lotunean unean-uneko auto-ilarak sortzea, A-1 errepidetik AP-1 errepidera doan sarbidean, hiru bidetik bide bakarrera pasatzen delako.  Zirkulazio dentsitate handiagoko orduak asteazken arratsaldekoak eta ostegun goizekoak izaten dira. Itzulera Pazko Asteleheneko arratsalde partean pilatu ohi da, baina normalean ez da auto-ilara nabarmenik sortzen, Trafiko Zuzendaritzak, Ertzaintzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, seinaleztapen-dispositibo berezia antolatzen baitu.

Istripu-tasen bilakaera

Istripu-tasari dagokionez, iaz 128 zirkulazio-istripu izan ziren (31k biktimak eragin zituzten eta 97k ez zuten biktimarik eragin), bi hildako, lau zauritu larri eta 35 zauritu arin izan ziren. Biktimen kopurua 2014koa baino handiagoa izan zen, urte horretan ez baitzen hildakorik izan.

«Beste behin ere, gidariei zentzuz jokatzeko eskatu behar diegu, kontuz, errespetuz eta pazientziaz –nabarmendu du Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok–. Izan gaitezen zentzudunak. Garrantzitsuena ez da azkar iristea, ondo iristea baino.»

 

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2016.eko martxoak 19

    Comentario de Twitter:
    Nueva campaña de la Dirección de Tráfico del Gobierno Vasco https://t.co/XassVIgn8p

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)