Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Europako Geoparkeen sarearen 37. koordinazio Batzarra hasi da Euskal Kostaldeko Geoparkean

2016.eko martxoak 17
  • Nazioarte mailako lehen bilera da UNESCOren izendapena jaso ondoren.
  • Atzotik eta larunbatera arte, Euskal Kostaldeko Geoparkea Europako geokontserbazio eta geoturismoaren epizentro bihurtuko da.
  • Europako Geoparkeen  sarea osatzen duten 69 geoparkeetako ordezkariak, UNESCOko goi ordezkariak eta nazioarteko adituak bilduko ditu.
  • Irekiera ekitaldian izan dira Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano; Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua, Ana Oregi; eta Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietako alkateak (Deba, Mutriku eta Zumaia).
  • Arratsaldean, bileran parte hartuko duten kideek Donostia bisitatuko dute; Eneko Goia alkateak harrera egingo die udaletxean eta DSS2016 proiektuaren berri emango die.
  • Ana Oregik honako hau adierazi du: “erreferentzia zientifiko eta kulturalez gain, Euskal Kostaldeko Geoparkeak mundu osorako leiho berri bat irekitzen du, Lurra eta haren lehenaldia zein etorkizuna ezagutzearekin lotutako arloaren zabalkunderako, planetaren bilakaeraren adierazle bikaina baita”.

 

 

Atzo hasi eta larunbatera arte, Europako Geoparkeen  sarea osatzen duten 69 geoparkeetako ordezkariak Zumaia, Deba eta Mutrikuk osatzen duten Euskal Kostaldeko Geoparkean dira, Europako Geoparkeen  sarearen 37. Koordinazio Batzarrean parte hartzen. Bilera hau bereziki garrantzitsua da, geoparkeen arteko nazioarte mailako lehen batzarra baita UNESCOren izendapena jaso ondotik. Hain zuzen ere, pasa den azaroaren 17an onartu zuen Unescok izendapen berria sortzea, Parisen egin zuen bileran. Egunotan Geoparkean egiten ari diren batzarraren helburua zera da, Unescoren izendapenak sortutako erronka eta aukera berrien aurrean esperientziak partekatzea eta ekimen eta jarduera bateratuen koordinazioa eztabaidatzea.

 Batzarra Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, eta Itziarko Salegi aretoetan ari da egiten, Deban.

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik honako hau adierazi du: “erreferentzia zientifiko eta kulturalez gain, Euskal Kostaldeko Geoparkeak mundu osorako leiho berri bat irekitzen du, Lurra eta haren lehenaldia zein etorkizuna ezagutzearekin lotutako arloaren zabalkunderako, planetaren bilakaeraren adierazle bikaina baita. ”

 

“Eusko Jaurlaritzak Euskal Kostaldeko Geoparkea geodibertsitatearekin eta geologia-ondarearekin lotutako ekintza eta neurriak garatzeko gune eta laborategi gisa finkatu nahi du” erantsi du Ana Oregik.

 

Ekimen garrantzitsu honek Europako puntu ezberdinetatik etorritako 140 parte-hartzaile inguru elkartu ditu. Sare europarreko kide diren geoparkeetako ordezkariez gainera, UNESCOko, Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasuneko (IUGS) eta Natura Babesteko Nazioarteko Batasuneko (IUCN) ordezkari nagusiak hurbilduko dira gurera. Larunbatera arte, Geoparkea geokontserbazioaren eta geoturismoaren epizentro bihurtuko da Europan.

 

Aholkulari Batzordeko kideek, 12 lagunek osatuta, atzo egin zuten bilera, gaur hastekoa zen Koordinazio Batzarraren aurretik, jorratu beharreko gai guztiak prestatze aldera.

 

Batzarraren irekieran honako hauek izan dira: Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano; Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua, Ana Oregi; Euskal Kostaldeko Geoparkeko presidente eta Debako alkatea, Pedro Bengoetxea; Europako eta Munduko geoparkeen sareko koordinatzailea, Nicholas Zouros; eta UNESCOren Munduko Geoparkeen Idazkaritzako ordezkaria, Margarete Patzak.

 

Era berean, bertan izan dira Ingurumeneko sailburuordea, Iosu Madariaga; Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendaria, Mertxe Garmendia; Gipuzkoako Aldundiko Turismo zuzendaria, Maite Cruzado; Zumaiako alkatea, Oier Korta; eta, Mutrikuko alkatea, Jose Angel Lizardi.

 

Albaolara eta 2016 Donostiara bisita

Europako Kultur Hiriburutzarekin lotura izango du Batzar honek. Hala, gaur arratsaldean Donostia bisitatuko dute bildutakoek. Bertan Eneko Goia alkateak harrera egingo die udaletxean eta DSS2016 ekmenaren berri emango die. Aurretik, Pasai San Pedroko Albaola Itsas Kultur Faktoria bisitatuko dute.

 

Batzarrari larunbatean emango zaio amaiera, hilak 19, Euskal Kostaldeko Geoparkeko interesgune geologiko eta kultural nagusienak ezagutzeko irteerarekin. Bisita honetan, Geoparkean  egin diren kontserbazio jarduera ezberdinak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute. Amaitzeko, gure kultura eta sustraitutako tradizioak ezagutuko dituzte. Hain zuzen, Mutrikuko Miruaitz frontoian zesta-punta erakustaldi bat ikusi eta Zelai harri-jasotzailearen erakustaldiaz gozatu ahal izango dute.

 

Europako Geoparkeen Sarea

2000. urteko ekainean sortu zen Europako Geoparkeen Sarea (European Geoparks Network, EGN), honako helburu hauekin: ondare geologikoaren kontserbazioa, herritarren artean Lurraren zientzien ezagutza bultzatzea eta geoturismoaren bidez tokiko garapen jasangarrirako ekimenak bultzatzea. Orduz geroztik, sarearen kide diren geoparkeen kopuruak gora egin du eta gaur egun mundu osoan 120 geoparke daude. Horietatik 69 Europan,  23 herrialdetan banatuta.

 

Sarearen azken lorpen garrantzitsua, Munduko Geoparkeen UNESCO programaren barruan sartzea izan da eta, gainera, Geoparkeak esparru honen pean egingo den lehen bilera hau antolatzeko ohorea du.

 

 

PRENTSA KONTAKTUA:  Maider Gogorza T.: +34 943 82 01 10 / 600 71 37 59

komunikazioa@geoparkea.com 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @IngurumenEJGV
    2016.eko martxoak 17

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Ana Oregi en el 37º Comité de la Red europea de Geoparques Unesco: 'abre una ventana... https://t.co/rpKVMINq7i

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)