Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Gasteizko Mariturri ikastetxearen eraikin berria bisitatu du

2016.eko martxoak 16
  • Haur eta Lehen Hezkuntzako 418 neska-mutilak Aste Santuko oporretatik itzultzean hasiko dira instalazio berriak erabiltzen 
  • Lehendakariak goraipatu egin du irakasleen lan-baldintzei eusteko egindako ahalegina, euskal hezkuntza-sistemaren «egiazko oinarria» direlako

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuarekin batera, Gasteizko Mariturri Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxearen eraikin berria bisitatu du gaur goizez. Azpiegitura berriak Arabako hiriburuan azken urteotan biztanleria-hazkunderik handiena izan duen auzo baten hezkuntza-premiei ematen die erantzuna, Zabalgana barrutiko premiei. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak 5 milioi pasatxo bideratu ditu eraikin berria jasotzeko.

418 ikasle (292 Haur Hezkuntzakoak eta 126 Lehen Hezkuntzakoak) eta horietaz arduratzen diren 32 hezkuntza-profesionalak (17 Haur Hezkuntzakoak eta 15 Lehen Hezkuntzakoak), Aste Santuko oporretatik bueltan itzultzean hasiko dira eraikin berrira erabiltzen.

Bere jarduna 2009-2010 ikasturtean 2 eta 3 urteko haurrekin hasi zuen ikastetxea izanik, Mariturri HLHI-k Lehen Hezkuntzako 4. mailara arteko ikasleak ditu (2 urtetik 10era). Ondorengo bi ikasturteetan (2016-2017 eta 2017-2018an) falta zaizkion bi ikasturteak osatuko ditu ikastetxeak, Lehen Hezkuntzako 6. mailara irisi arte. Horrela, eraikinak 720 ikasle ingururentzako duen gaitasuna beteko du.

Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu duenez, 2014-2018 aldirako Azpiegitura Planaren esparruan, Eusko Jaurlaritzak 254 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du Gasteizen, Mariturri zentroaz gain, Aldaialdekoa, Zabalgana Institutua eta Salburuako proiektua gauzatzeko. Hala ere, lehendakariak berretsi du euskal hezkuntza-sistemaren egiazko oinarriak profesionalak beraiek direla. Hori dela eta, irakasleen lan-baldintzei, ratioei eta premiei eusteko Euskadik egiten duen ahalegina nabarmendu du, hala nola beka orokorrak handitzekoa, Eusko Jaurlaritzak 54 milioi euro bideratzen ditu-eta horietara.

Urkulluk, halaber, Heziberri 2020 plana izan du hizpide, eta hobekuntza-plan aurkeztu berria, «kalitatea eta emaitzak hobetzea ekarriko duenez». «Heziberri 2020 estrategia hausnartu eta partekatua da, epe ertain eta luzean emango duena uzta».

Eraikin berria Mariturrin

Behe solairua eta horren gainean eraikitako beste bi solairutan banatzen dira Mariturriko ikastetxe berriaren instalazioak. Behe solairuan, jangela eta administraziorako guneez gain, 2, 3 eta 4 urteko haurren gelak kokatzen dira. Gela hauek umeen komunak partekatzen dituzte, eta kanpoko jolasleku estali baterako irteera zuzena dute. Kautxuz eginiko segurtasun zorua dauka aipaturiko jolastokiak. Gainera, gela hauetako bakoitzak sarrera gisako gune bat ere badu, arropategi eta guztikoa, gelak txukun izaten eta haurren etorrera antolatzen lagunduko duena. Behe solairuan, horiez gain, honako hauek ere badaude: lo-kuluxka egiteko gela, psikomotrizitate gela, biltegiak eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzako gimnasioa.

Lehen solairuan, 5 urteko haurren gelekin batera, Lehen Hezkuntzako ohiko gelak, talde txikientzako gelak, liburutegia eta Hezkuntza Premia Berezietako gunea daude. Azken honek bere komun egokitua izango du. Bigarren solairuan berriz, Lehen Hezkuntzako gainerako gelak ezarri dira. Kanpoan, azkenik, Mariturri HLHI-k kirolerako hiru pista zabal ditu, horietako bat estalia, eta guztiak ere gimnasiotik hurbil kokatuak. 

Energia aurrezpena eta iraunkortasuna

Ikastetxearen diseinuan eraikuntza bioklomatikoak eskatzen dituen estrategiak hartu dira aintzat: ikasgelen orientaziotik hasi, eguzki izpiengandiko babesarekin segi, eta instalazioen diseinuarekin nahiz eraikinaren aireztapen baldintzekin amaitu, beti ere eraginkortasun energetikoa eta iraunkortasuna irizpide hartuta. Erabili diren eraikuntza-sistemen ezaugarri termikoak eta isolamendu gaitasuna ere kontuan izan dira.

Oinean L forma duen eraikin berriak, bat egiten du ingurunearekin teilatuen malda –isuri bakarrekoa- alderik pribatuenera etzanez, barneko patiorantz eta kirol pistetarantz. Irudi urbanoa erakusten du kale aldera eraikinak (etxebizitza-dorreak dauden aldera), eta irudi gizatiarragoa berriz, jolastokia dagoen patiora.

(*) Hemen irakurri dezakezu oharra

Mapa elkarreragilea eta ortofotografía kontsultatu ezazu: GeoEuskadi n

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)