Berriak Lehendakaritza
Eu

Iñigo Urkullu lehendakariak "Mundura Begira" jardunaldiari hasiera eman dio, Euskal Nazioartekotze Partzuergoaren lehenengo ekintza bateratua

2016.eko martxoak 16
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Iñigo Urkullu lehendakariak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua den Arantxa Tapiarekin batera, hasiera eman dio “Mundura Begira” jardunaldiari Bilboko Euskalduna Jauregian. Jardunaldi hau Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru foru aldundiek, hiru merkataritza ganberek eta Eusko Jaurlaritzak osatutako Euskal Nazioartekotze Partzuergoaren lehenengo ekintza bateratua da. Nazioarteko aditu ospetsuek eta kanpoko presentzia duten euskal enpresen ordezkariek ere hartuko dute parte.

Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta merkataritza-ganberak kide diren Euskal Nazioartekotze Partzuergoaren sorrera nabarmendu du. Bere iritzian, beharrezkoa da atzerrian ekonomia-ekintzak laguntzea, Euskadin enplegua sustatzeko eta sortzeko bidea ematen duelako, eta, esan duenez, esportazioak 20.000 milioi eurotik «oso gorakoak» diren arren, «gehiago egin behar dugu».

Hori dela eta, lehendakariak azaldu du Mundura Begira jardunaldiek aukera emango dutela nazioarteko inguruabarra eta lehentasunezko merkatuak, tartean, Alemania, Estatu Batuak, Hegoafrika, Mexiko eta Txina, aztertzeko, hala nola enpresei aukera gehiago eskaintzeko, SPRI sareko profesionalen aholkua jaso dezaten atzerri-gaietan.

300 ENPRESA BAINO GEHIAGO

Nazioartekotze bokazioa duten 300 enpresak baino gehiagok, euskal erakundeek esportazioari eskaintzen dioten laguntza-azpiegitura osoa tarteko duen ezohiko topaketa batean parte hartuko dute gaur. Nazioarteko aditu ospetsuak eta kanpoko presentzia duten euskal enpresen ordezkariak partaide dituela, ‘Mundura Begira – Mirando al mundo’ deritzon jardunaldi honek halakoxe inflexio-puntua ekarriko dio Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru foru aldundiek, hiru merkataritza ganberek eta Eusko Jaurlaritzak osatutako Euskal Nazioartekotze Partzuergoari (ENP).

Ekitaldia Bilboko Euskalduna Jauregian egiten ari da eta aparteko aukera eskainiko die kanpoko merkatuen alde apustu egin duten euskal enpresei. Ekitaldian, halaber, Arabako Ahaldun Nagusia (Ramiro Gonzalez), Bizkaiko Ahaldun Nagusia (Unai Rementeria) eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusia (Markel Olano) izan dira, baita hiru lurraldeetako merkataritza-ganberetako presidenteak ere (Gregorio Rojo, José Ángel Corres eta Pedro Esnaola, hurrenez hurren).

Alde batetik, lehen eskuko informazioa jaso ahal izango dute, han-hemenkako herrialdeetan 15 bulego eta bost kontinenteetan banatutako berrogeita hamar bat eragile dituen Eusko Jaurlaritza-SPRIren kanpoko sarearen eskutik. Era berean, txostengile lana egingo duten nazioarteko zazpi analista ospetsuren agerraldiak entzuteko aukera izango dute, eta amaitzeko, Eusko Jaurlaritzak zehaztuak dituen lehentasunezko merkatuetan —AEB, Mexiko, Txina, Alemania eta esploratu beharreko Hego Afrikako lehentasunezko merkatua— ezarrita dauden zenbait euskal enpresaren lekukotasunak ezagutuko dituzte.

‘Mundura Begira - Mirando al mundo’ jardunaldia da, Eusko Jaurlaritzaren eta hiru lurralde historikoetako foru aldundien eta merkataritza ganberen ekimen bateratuaren ondorioz 2014an sortutako Euskal Nazioartekotze Partzuergoak (ENP) antolatu duen munta handiko lehenengo topaketa. Partzuergoa, bertako kide diren erakundeek euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko erabiltzen dituzten estrategien koordinazioa eta gobernantza hobetzeko asmoz sortu zen. Partzuergoak nazioartekotze-fase desberdinetan —esportazioak, merkatu-analisiak, merkataritza-harremanak, kanpoko ezarpenak, etab.— euskal enpresei laguntzeko programak eta laguntzak biltzen dituen Katalogoa aurkeztuko du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)