Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Kontrolerako osoko bilkura (2016/03/18)

2016.eko martxoak 18

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei.

Galdera, Diana Carolina Urrea Herrera EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Jaurlaritzak errefuxiatuen egoera dramatikoaren aurrean duen iniziatiba ezaren inguruan.

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du Eusko Jaurlaritza ez dela besoak gurutzatuta geratu, eta «lehen egunetik» aritu dela lanean babes bila dabiltzan pertsonen harrera bermatzeko. Jaurlaritza CEAR, Gurutze Gorria eta tankerako erakunde sozialekin lanean ari da. Haiekin batera, zerbitzuen karta bat osatu du, laguntzak aktibatu ditu eta libre dauden etxebizitzen zerrenda bat egin du, errefuxiatuak jasotzeko aurreikuspenarekin. Gainera, erakundeen arteko lankidetza indartu du, Europako Batzordeko presidente Jean-Claude Junckerrekin gutun bidez harremanetan jartzera iritsiz. Gutunean erantzun azkar bat emateko prestutasuna adierazi zion, erakunde hartako presidenteordearekin adostu beharreko bilera baten esperoan.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ez du ezkutatu Europak errefuxiatuen krisiaren aurrean hartu duen jarrerarekin ados ez dagoela, aurreko asteartean onartutako adierazpenean jasota geratu zen bezala. 

Galdera, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, De Miguel auzia ren ondorioei buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak esan duenez, Euskadin administrazio publikoekin edo alderdi politikoekin lotutako ustelkeria-kasuak ez dira orokorrak. Euskadiko erakundeak «anitzak eta pluralak» izan dira, gehiengo osorik gabeak, eta aldaketak izan dira haien gidaritzan. Horri esker, ustelkeria-egoerarik ez da egon, lehendakariak esan duenez. «Euskal erakundeak bizi garen gizartearen isla dira: balioak dituen gizarte osasuntsu, garden eta zintzo bat», adierazi du.

2010ean epailearen autoa ezagutu zenean Arabako Foru Aldundiak eta EAJk izan zuten jarrera «azkarra, berehalakoa eta ezbairik gabekoa» defendatu du lehendakariak. Jarrera «eredugarri» hark horrelako kasuen aurrean jarduteko jokabide bat ezarri zuen, Urkulluren esanetan. Gainera, gogorarazi du Eusko Jaurlaritza auzian pertsonatu zela lehen egunetik «baliabide publikoen defentsa bermatzeko». Era berean, eta egun inolako sententziarik izan ez arren, esan du Jaurlaritza «erne eta aktibo» dagoela ustelkeriaren aurrean, «gardentasun eta gobernu onaren» printzipioei jarraikiz. Printzipio horiek aplikatzen aitzindaria da Jaurlaritza, hain zuzen ere. 

Galdera, Cristina Ruiz Bujedo Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Euskadiko soldata-arrakalari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak onartu du krisiak laneko prekarietatea handitu duela, batik bat emakumeen kasuan. Hala ere, duela gutxiko txosten baten arabera, emakumeen soldata autonomia-erkidego guztietako altuena da, Madrilekin batera, eta emakumeen langabezia estatuko batez bestekoa baino hamar puntu txikiagoa da, okupazio-tasa batez bestekoa baino hamar puntu altuagoa delarik.

Edonola ere, lehendakariak uste du ezinbestekoa dela hobetzen jarraitzea, eta azaldu du Jaurlaritzak neurri zehatz asko dituela martxan dagoeneko. Horiek, ekonomiaren suspertzearekin batera, soldaten arteko egungo tartea txikitzen lagunduko dute. «Gizarte-politikarik onena kalitatezko enplegua sortzen duen susperraldi ekonomikoa da eta Euskadik, atzeraldi luze baten ondotik, zortzi hilabete darama hazten eta enplegua sortzen. Hori da sodata-tarte guztiak txikitzeko bidea», esan du.

Galdera, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Euskal eskola publikoaren jaia Frantziako Euskal Herrian ospatzeari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak ez du arrazoirik ikusten Eusko Jaurlaritzak Euskal Eskola Publikoaren jaiari urteko ematen dion laguntza ez emateko. Izan ere, jaia aurten Baionan egiteko erabakia Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak hartu du, eta helburua aurreko urteetako berbera da, eskola publikoa euskal gizartean sustatzea, alegia.

Gainera, lehendakariak gogorarazi du Jaurlaritzak mugaz gaindiko lankidetzaren aldeko apustua egiten duela. Adibide bezala aipatu ditu gaur Gasteizen egiten ari diren Euroeskualdearen Batzarra edo Donostiako kultur hiriburutza sustatzeko Baionan antolatu zen jardunaldia.

Galdera, Maider Otamendi Tolosa EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Lezoko alkatearen dimisioari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du Lezoko alkatearen erabakia errespetatzen duela, erabaki hori askatasunez eta bere borondatez hartu baitzuen.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)