Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Donostialdeko metroak Altzan izango duen geltokiak 21.500 biztanleri emango die zerbitzua

2010.eko irailak 16

Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak eta Odon Elorzak, Donostiako alkateak, EuskoTreneko linea Herrerako eta Gatzarabordako geltokien artean bikoizteko lanen informazio azterlanaren ezaugarri nagusiak aurkeztu dituzte gaur goizean. Lan horien barruan sartzen da Altzako eta Pasaiako geltokien eraikuntza.

Txosten horren helburua, trazaturako zein Altzako auzoari eta Pasaiako udalerriari zerbitzua eskainiko dioten geltokien kokagunerako soluziorik hoberenak definitzea da.      

Proposamen horrek bateragarria izan beharko du Herrerako geltokian burutzen ari diren jarduketekin, eta baita linea amaierako Galtzarabordako geltokiarekin ere. Ibilbideak Donostiako, Pasaiako eta Errenteriako udalerriak hartuko ditu, eta proiektatzen ari den garraio metropolitarrerako sistema berriaren barruan egongo da, Donostialdeko metroaren barruan, alegia.

Izan ere, Iñaki Arriola buru duen saila burutzen aritu izan den jarduketetako bat Donostia-Hendaia linearen pixkanakako bikoizketa izan da, Donostian hasi eta zatika aurrera eginez, inguru metropolitarraren ahalmena eta, ondorioz, tren eskaintza, hobetu ahal izateko. Donostialdean egingo den metroaren egituraketan emandako pauso berri horrek zerbitzuen maiztasuna bikoizteko aukera emango du. Horrela, une honetan zerbitzuek duten hamabost minutuz behingo maiztasunetik, zazpi minutu eta erditik beherako maiztasunera igaroko dira.

Lur azpiko zatia

Zati horretan egingo diren lanetan, hiru kilometro luze izango den eta erabat lur azpian joango den trenbide bikoitza eraikiko da. Lanei aurreikusten zaien aurrekontua 126 milioi eurokoa izango da, eta burutzapenerako epea 40 hilabetekoa. Obrek irauten duten bitartean une honetako trenbideak funtzionatzen jarraituko du eta, horrela, zerbitzuak ez du inolako etenik izango.

Proiektu horrek tren geltoki bat emango dio Donostiako Altza auzoari, izan ere, une honetan auzo horrek ez baitu tren zerbitzurik. Horrela, 21.500 biztanlek osaturiko guneari zerbitzu zuzena eskainiko zaio. Gainera, inguru hori hirigintzaren ikuspegitik hedatzen ari den gunea dela esan behar da.

Geltokiak ahalik eta erabilerraztasun handiena eta ahalik eta biztanle gehienengana heltzea bilatzen ditu. Félix Iranzo pasealekuaren ondoan egongo da, eta bi atari eta sarrerako bi kanoi izango ditu. Kanoi horiek Larratxako pasealekura eta Arriberri auzunera emango dute.

Trazatuaren baldintzak eta lurraren ezaugarriak direla eta eman behar izan zaion sakoneraren ondorioz, alboetan nasak dituen haitzulo erako geltoki tipologia egitea erabaki da. Nasa bakoitzak bi eskailera izango ditu, eta eskailera horietatik mezzaninetara joan ahal izango da. Mezzaninetan egongo dira geltokiko atariak. Horrez gain, beste igogailu baten bitartez kanpoaldearekin lotura izango duten bi igogailuren bidez ere heldu ahal izango da nasetara. Horrela geltokiaren erabateko irisgarritasuna bermaturik geratzen da.

Altzakoa izango da Donostialdean eraikiko den metroak izango duen geltoki berrietako bat. Horrela, Arriolak gogoratu du Gipuzkoako garraio publikoa egituratu nahi duen azpiegitura estrategiko horren barruan, Donostia erdialdean lau geltoki berri eraikiko direla.

Sailburuak azpimarratu duenez, Donostialdeko metroak zerbitzu zuzena eskainiko dio Gipuzkoako biztanleen %65ari eta, RENFEren Aldirietako sarearekin lotura izango duen Loiolako Erriberetako interkonektoreari esker, gipuzkoarren %80ak eskura izango du. Geroago, Donostiatik zuzenean joan ahal izango da Hondarribiko aireportura, eta Tolosatik datorren pertsona bat azkarrago heldu ahal izango da Ibaetako Unibertsitate Campusera.

Une honetan, Donostia inguruan Lasarte-Errekalde-Añorga, Loiola-Herrera eta Fanderia-Oiartzun zatiak bikoizteko lanak ari dira burutzen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Consejero Iñaki Arriola