Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Erkorekak kexa adierazi du Eusko Jaurlaritzak kritikak baizik ez dituelako jaso 35 orduko lan-astea berrezartzen ahalegindu den arren

2016.eko martxoak 16

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak haserrea adierazi du Jaurlaritzak funtzio publikoko langileei 35 orduko lan-astea berrezartzeko erabakiaren aurka enpresaburuek erakutsitako «beligerantzia selektiboa» dela eta. Erkorekak azaldu du, Espainiako gobernuak 2012an indargabetu zituen baldintzak berrezartzeko ahalegin handia egin arren, kritikak baizik ez dituztela entzun.

Adierazpen horiek egin ditu Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean, 70.000 langileri 35 orduko lan-astea berreskuratzeko bidea eman emango dien dekretuaren aurrean Euskadiko patronalak adierazitako iritziari buruz galdetuta. Erkorekak aitortu du Jaurlaritza «bakarrik geratu dela» neurri horren defentsan, hainbat sektorek kritikatu dute eta, baita patronalak ere, nahiz eta funtzio publikoko langileek krisian zehar egindako «ahalegina eta sakrifizioa» aitortzea eta beste autonomia-erkidego batzuekiko dagoen aldea murriztea beste xederik gabe hartutako neurria izan.

Arcelor Mittal enpresak Zumarragako fabrikaren jarduera zati batean etetea iragarri berri duela eta, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak altzairuaren sektorearen bideragarritasuna defendatu du, baina, horretarako, Espainiako gobernua inplikatzea beharrezkoa dela azaldu du. Alabaina, inplikatzea zail ikusten du, gobernagarritasun-akordioak lortzeko ezintasuna kontuan hartuta. Erkorekaren iritzian, funtsezkoa da Espainiako gobernuak sektorearen interesak Europan defendatzeko erantzukizuna bere gain hartzea, zehazki, energiaren prezio altuari dagokionez, ekoizpen-kostuei eragiten die eta. Erkorekak, halaber, atsekabea adierazi du Amurrioko Tubos Reunidos enpresak EEE bat iragarri duelako. Esan duenez, adierazleak susperraldi ekonomikoaren erakusle badira ere, zenbait sektorek, honako honek kasu, eta, zehazki, petrolioarekiko lotura handiagoa dutenek, krisiaren ondorioak jasaten dituzte oraindik ere.

Erkoreka errefuxiatuen krisiaz ere mintzatu da, atzo bertan Eusko Jaurlaritzak adierazpen instituzionala egin behar izan zuelako, Europa ematen ari den erantzuna deitoratzeko. Jaurlaritzako bozeramailearen iritzian, Europako erakundeek hartutako neurriak «nazioarteko zuzenbidearen kontrakoak dira argi eta garbi» eta «ez dira leialak» sorrera-printzipioekiko.

Bozeramaileak, halaber, lehendakariak orain gutxi Michelin enpresa bisitatu zuenean esandakoak defendatu ditu. Bisitaldi hartan indarkeria terroristaren biktima izan ziren zuzendaritzako kideetako batzuk ekarri zituen gogora eta, ondoren egindako adierazpenetan, ezker abertzaleari eskatu zion onar dezala aurkari politikoaren kontra indarkeria erabiltzea ez dela zilegi. «Ezin daiteke hori baino gutxiago eskatu», adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)