Berriak Segurtasuna
Eu

2015ean aurreko urtean baino % 0,3 arau-hauste penal gutxiago izan zen Gasteizen

2016.eko martxoak 15

Delinkuentzia bost urtetan segidan jaitsi da Euskadiko hiriburuan. Ondarearen aurkako delituak zertxobait hazi ziren, baina etxebizitzetako lapurretak % 26,77 jaitsi ziren. Ebasketak % 5 handitu baziren ere, gauzetan indarra erabiliz egindako lapurretak % 20 baino gehiago jaitsi ziren. Auzoen araberako banaketan, arau-hauste penalak 16 auzotan gutxitu ziren, eta 12tan handitu.

2015ean Gasteizen delinkuentzia estatistiken azken urteetako beheranzko joera sendotu zen, aurreko urtean baino % 0,3 arau-hauste penal gutxiago zenbatu baitziren. Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren datuak batuta, iaz 4.779 delitu izan ziren, 2014an baino 47 gutxiago, eta 2013an baino 1.650 gutxiago. Horrenbestez, delinkuentzia bost urtetan segidan jaitsi da Euskadiko hiriburuan.

2015ean Gasteizen Ertzaintzak eta Udaltzaingoak izandako jardueraren oroitidazkia aurkeztu du Herritarren Segurtasunaren Saileko zinegotzi Borja Belandiak, eta adierazi du kopuru horiek "hiri segurua erakusten" dutela, "zeinean poliziaren koordinazioa eta herritarrekiko hurbiltasuna baitira bitarteko nagusiak delinkuentziaren jaitsiera etengabea lortzeko".

Ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako delituak jardueren % 80ra hurbildu ziren iaz. Alor horretako jaitsiera nabarmenena gauzetan indarra erabiliz etxebizitzetan egindako lapurretak dira: 721 kasutatik 528ra, hau da, 2014ko ekitaldian baino % 26,77 gutxiago. Atal horren barruko jaitsierarik handiena etxeetako lapurretei dagokie: % 44,12 (2015ean 266 izan ziren, eta 2014an, 476). Indarra erabiliz beste leku batzuetan –trastelekuak eta garajeak– egindako lapurretak, aldiz, zertxobait handitu ziren, 17 gehiago izan baitziren.

Indarkeria edo larderia erabiliz egindako lapurretek ere alarma pizten dute herritarren artean, baina iaz % 9,6 jaitsi ziren Arabako hiriburuan.

Ondarearen aurkako delituei dagokienez, lapurretak hazi ziren gehien: % 4,97, 6.824 izatetik 7.163 izatera igaro baitziren. Motordun ibilgailuen lapurreten kopurua ere handitu zen: 2015ean 100 izan ziren, aurreko urteko 83 kasuen aldean.

Iruzurrak eta ondarearen aurkako beste arau-hauste batzuk, bai eta kalteak ere, % 57, % 30 eta % 5,83 hazi dira, hurrenez hurren.

Giza hilketekin lotutako arau-hauste penalei dagokienez, kopuruak gora egin zuen hilketa saiakuntzen alorrean, 2tik 8ra; 2015ean hilketa bakarra izan zen, 2014an bezala.

2015ean gehien jaitsi ziren arau-hauste penalen artean ordena publikoaren kontrakoak ditugu (% 29,80 gutxiago) eta tortura eta osotasunaren kontrakoak (% 22,17 gutxiago).

Gizartean alarma gehien piztu ohi duten delituen kasuan, nabarmendu beharra dago sexu-askatasunaren kontrako arau-hausteak % 5 gutxitu egin zirela; lesioena, berriz, % 4,29 igo zen, batez ere familia barruko lesioekiko tratu txarren kopurua handitu zelako (2014an 192 izan ziren eta iaz 355). Familia barruko tratu txar arruntak, ordea, % 25 gutxiago izan ziren.

Segurtasun kolektiboaren aurkako delituak, oro har, % 8,1 jaitsi ziren, batez ere jaitsi egin zelako alkoholaren edo drogen eraginaren pean gidatzeagatik egindako arau-hausteen kopurua. Droga trafikoari dagokionez, 2015ean aurreko urtean baino 5 kasu gehiago izan ziren (58tik 63ra igaro zen kopurua).

2015eko arau-hauste penalen balantzearen aurkezpenean Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga nabarmendu duenez, "Gasteizen, herritarren segurtasunaren alorreko parametro esanguratsuenek bere horretan jarraitzen dute, oro har, eta joera beheranzkoa da, beraz, Udaltzaingoarekiko koordinazio eta lankidetza etengabea azpimarratu beharra dugu".

Iruzurrekin lotutako arau-hausteak igo izanari dagokionez, 2014an baino 151 kasu gehiago zenbatu baitira,  Segurtasuneko sailburuordeak nabarmendu du “herritarren lankidetzak eta erantzunkidetasunak duen garrantzia, bereziki iruzur informatikoen kasuan, gorantz ari baitira; horrenbestez, jendea ahalik eta azkarren salatzera animatu behar da, bestelako delituetan ohi dugun bezala”.

Delituak auzoen arabera

Auzoen araberako balantzean, 2015ean arau-hauste penalak 16 auzotan gutxitu ziren, eta 12tan handitu. Aurretik delitu-bolumen handia zuten eta horiek gehien gutxitu diren zonak hauek dira: Koroatzea (- % 12), Lakua-Arriaga (- % 4,2) eta Zabalgunea (- % 2,38). Orobat jaitsi egin zen arau-hauste penalen kopurua Sansomendin, nekazaritza eremuetan, Babesgabetuen inguruan, Mendizorrotzean, Judimendin, Adurtzan eta Santa Luzian.

Erdi Aroko hirigunean, aldiz, % 16,29 handitu zen kopurua. Bai eta auzo berrietan ere: % 4,91 Zabalganean, eta % 25,8 Salburuan.

Abuztua izan zen arau-hauste penal gehien egin zen hilabetea (1.400tik gora), eta bigarrena, martxoan. 2014an, ekaina eta abuztua izan ziren lehenak.

Azkenik, auzipetutako pertsonak orotara 3.475 izan ziren, 2014an baino 539 gehiago. Atxilotutako pertsonen kopurua gutxitu egin zen (2014ko 859tik 2015eko 770ra), baina zertxobait handitu zen inputatu edo ikertutakoen kopurua (2.077tik 2.705era).

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Borja Belandia, Herri Segurtasuneko zinegotzi, Roberto Álava, Gasteizko ertzain-etxeko nagusi, eta José Antonio Anguiano, Udaltzaingoko komisario