Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Urdaibaik bere kudeaketa aurkeztu du Munduko Biosfera Erreserben IV. Kongresuan, Liman

2016.eko martxoak 15
  • Unescok Euskadi gonbidatu du inguruneen ekosistema-zerbitzuak ebaluatzeko proiektua eta Urdaibairen kudeaketa-eredua aurkeztera, jardunbide egoki eredugarri direnez
  • Bertan ari dira parte hartzen hezkuntzaren, politikaren eta kudeaketaren 1.000 profesional, 120 herrialdeko 651 biosfera-erreserba ordezkatuz.

Lima 16/03/15

Eusko Jaurlaritzako, EHUko Ingurumen Hezkuntzako eta Garapen Jasangarriko Unesco katedrako eta Euskadiko Unesco Etxeko teknikariak eta ikerlariak ari dira parte hartzen Munduko Biosfera Erreserben IV. Kongresuan, Liman (Peru) Euskadiko biosfera-erreserba bakarra den Urdaibai ordezkatuz.

 

Biosfera-erreserbak ingurumen- eta natura-balio handiko eremuak dira. Unescoren Gizakiaren eta Biosferaren Programak barne hartutako lehorreko, itsasoko eta kostaldeko ekosistemek osatzen dituzte erreserbok, eta biodibertsitatea kontserbatzea erabilera jasangarriarekin, garapen ekonomikoarekin, ikerketarekin eta hezkuntzarekin uztartzeko konponbideak sustatzen dira horietan.

 

Kongresu horretan, 1.000 profesional, irakasle, politikari eta kudeatzaile batu dira, 120 herrialdeko 651 biosfera-erreserbaren izenean. Kongresuaren bitartez, azken egunean, Limako Adierazpena eta 2016-2025 aldirako Limako Ekintza Plana onartu nahi dira.

 

«Horren erronka nagusiak dira erreserba guztietan aplikatzeko jarraibide orokor batzuk sortzea, erreserbok kudeatzeko azken urteetako gizarte-, ekonomia-, kultura- eta ingurumen-aldaketen aurrean, eta Nazio Batuen zein Unescoren beraren beste programa batzuekin koordinatzea, tartean, garapen jasangarrirako 2030erako agenda», zehaztu du Eusko Jaurlaritzako biologo Marta Iturribarriak.

 

Unesco Etxeko teknikari Amancay Villalbaren iritzian, «Garapen Jasangarriko 17 helburu eta 169 helmuga barne hartzen dituen nazioarteko agenda berri horrek biosfera-erreserbentzako oso garrantzitsuak diren gaiak azpimarratzen ditu, hezkuntza jasangarrian heztea, itsasoko eta lehorreko ekosistemak babestea eta ekoizpen zein kontsumo jasangarria kasu».

 

Peruko Ingurumen ministro Manuel Pulgar-Vidalek kongresuaren irekieran esandakoaren arabera, «biosfera-erreserbez hitz egiten dugunean planetako bizitzaz ari gara. Oraingoa baino une egokiagorik nekez aurkituko dugu kongresua egiteko. 2015 urtean erabaki garrantzitsuak hartu dira munduan eta 2016an horien ezarpenari ekin behar zaio. Hala, bilera hau horri loturiko planak diseinatzen hasteko egingo direnetan lehenetako bat izango da. Garapen-paradigma berriaren esparrua behin ezarrita, ekintzak zehazteko garaia da. Erronka horixe dugu aurrean une honetan».

 

 

Laborategiak

Biosfera-erreserbak garapen jasangarriaren laborategi modukoak dira. Kongresuan, ikerketa zientifikoaren garrantzia nabarmendu da, ezinbestekoa denez natura-baliabideak ustiatzeko, kontserbazioa indartzeko eta eremu horietako biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko.

.

Unesco Etxeak «Unescoren 2. mailako zentroen, Unesco katedraren eta biosfera-erreserben arteko sinergiak» tailerra antolatu du eta bertan aurkeztuko zein eratara integratu den Garapen Jasangarriko eta Ingurumen Hezkuntzako Unesco katedrak egindako ikerketa Urdaibai Biosfera Erreserbaren kudeaketan. «Esperientzia paregabe eta berritzaile horren bitartez, Unescok beste biosfera-erreserba batzuen eredu izan nahi du, erreserben egunez egunekoan ezagutza zientifikoa integratzeari dagokionez», azaldu du Unescoko zuzendari Arantza Achak.

 

Halaber, Unescok Euskadi gonbidatu du hiri-inguruneen ekosistema-zerbitzuak ebaluatzeko proiektua eta Urdaibairen kudeaketa-eredua aurkeztera, biosfera-erreserba baten gobernantzarako jardunbide egoki eredugarri direnez.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @IngurumenEJGV
    2016.eko martxoak 16

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Urdaibai expone su gestión en el IV Congreso Mundial de Reservas de la Biosfera, en Lima https://t.co/6kRG1coWlI

Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Arancha Acha, Marta Iturribarria, Amancay Villalba