Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
qrcode

Oregi: «Valderejo, Sobrón eta Artzena Euskadiko biodibertsitatearen erakusle onenetako hiru dira, espezieak lehengoratzeko eta baso mediterraneoak, saguzarrak eta harrapariak kontserbatzeko» (Gobernu Bilera 2016-03-15)

2016-03-15
  • Eusko Jaurlaritzak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu du Valderejo-Sobron-Artzena mendizerra
  • Babes berezia du lekuak Europako Natura 2000 Sarearen barnean dagoenez.
  • 6.800 hektarea ditu, populazio-dentsitate txikiarekin, eta sai arre zein zurien nahiz saguzarren bizilekua da.
  • Ingurumen sailburuaren iritzian, ugatzak itzul daitezke harkaitz-mendiotara

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren iritzian, «Valderejo, Sobrón eta Artzenako naturagunea Euskadiko biodibertsitatearen erakusle onenetako bat da Kantauri isurialdean, mehatxatutako flora-espezieak lehengoratzeari, artadi handiak eta zenbait pagadi nahiz txilardi mediterraneo kontserbatzeari eta saguzarren zein harraparien kolonia bikainek bizirauteari dagokienez».

Eusko Jaurlaritzak Kontserbazio Bereziko Eremu (KEB) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE) izendatu du gaur Arabako mendebaldean dagoen Valderejo-Sobrón-Artzena naturagunea. Babes bereziko eremua da, biodibertsitatea babesteari begira Europaren apustu nagusia den Natura 2000 Sarearen barne dagoenez.

Arabako Haranen eskualdean dago Valderejo-Sobrón-Artzenako mendizerra. Populazio-dentsitate txikiko eremua da, baso zabalak dituena, tartean, txilardi mediterraneoak, baita harkaiztegi zenbait ere. Valderejo-Sobrón-Artzenako mendizerraren eremuan ekosistema-aberastasun handia dago, eta horien kontserbazio-egoera ona da. Gainera, flora-espezie mehatxatu asko hartzen ditu, tartean, Buxbaumia viridis, Orchis cazorlensis eta Ephedra nebrodensis –galzorian– eta Narcissus asturiensis –Habitaten zuzentarauak barne hartzen duena–. Flora-espezie horietako batzuk eremu horretan baizik ezin daitezke topatu. Fauna-espezie ugariko eremua da, nagusiki, kiropteroak, hegazti harkaiztarrak, bisoi europarra, igaraba, Bonelli arrano-aztorea eta ibai-karramarroa.

Ana Oregik nabarmendu du «KBE berrian gauzatutako parte-hartze irekiko prozesua, eta horri laster gehituko zaizkie Aralar-Aitzgorri-Aratz eremua eta Caicedo de Yusoko lakua/Arreo eremua. Horiekin, guztira, Euskadin 52 Kontserbazio Bereziko Eremu izango ditugu». Izapidetze-prozesuan herritarrek parte hartu dute http://www.euskadi.eus/natura2000 webgunearen bitartez. Webgune horrek eremu berriari buruzko informazio eguneratua eskainiko du aurrerantzean.

Valderejo-Sobrón-Artzena mendizerra eremu luze-zabala da, ia 7.000 hektareakoa, populazio-dentsitate txikia bereizgarri duena. Lotura handia du Burgos probintzia mugakidearekin, muga egiten dutenez zati handi batean. Eremuak bi alde bereizi ditu, tartean denez Burgosko San Zadornil-Obarenes mendien eremua. Hauek dira bi zatiak: Valderejo eremua, Puron ibaiak zeharkatzen duen goi-harana dena; eta Sobrón-Artzena eremua, mendizerraren hego-ekialdetik Ebro eta Omecillo haranera hedatzen dena. Bi zati horien artean dagoen eremua, Obarenes mendiak, izatez Gaztela eta Leongo autonomia-erkidegoarena dena, Natura 2000 Sarearen barne dago eta KBE zein HBBE izendatuta dago.

KONTSERBAZIOA

Valderejo, Puron ibaiak zeharkatzen duen goi-harana, Natura Parke izendatu zuten 1992an. Natura-aberastasun handiko eremua osatzen dute KBEk eta HBBEk, interes ekologikoko habitat asko dituenez eta turismoarentzako oso erakargarria denez. «Naturarekin bat eginik bizi izan den jendearen araberako paisaia da honakoa, eta horren erakusle da natura-balioetako askoren kontserbazio-egoera», nabarmendu du Ana Oregik.

Valderejo-Sobrón-Artzena mendizerraren Naturagune Babestua eskualde biogeografiko mediterraneoan dago osorik, eta paisaian quercus-basoak, txilardi mediterraneoak eta kareharrizko hormak dira nagusi. Puron ibaiak Leron menditik hurbil dauka iturburua eta Valderejo zeharkatzen du ipar-mendebaldetik hego-ekialdera. Hainbat errekastoren urak biltzen ditu, Burgos parean Ebron ibairatu aurretik. KBE berriaren barne daude honako kontzeju hauek: Bachicabo, Barrio, Boveda, Corro, Espejo, Nograro, Pinedo, Sobrón, Tobillas eta Valderejo     

Naturagune Babestuaren azaleraren zatirik handiena, 6.815 hektarea (% 82,86), Valderejo-Sobrón-Artzena mendizerraren KBE/HBBE eremuaren barnean dago eta jabetza publikokoa da, eta onura publikoko mendien araubide juridikoa zaio aplikagarri. KBE/HBBE horren ia erdia hartzen du Valderejo Natura Parkeak.

Baso, txilardi, ezpeldi eta harkaitz-hormez gain, eremu horretan biodibertsitate-ekarpen handia egiten dutelako nabarmendu behar dira istingak, urmaelak eta hezeguneak, Polledo, Lantaron, Cocinilla, Cotillo eta Corro istingak edo Valderejoko urmaelak kasu.

HABITATAK

Batasunaren intereseko basoez gain, tartean, artadiak, pagadiak eta hariztiak, pinu gorrien basoak aipagarriak dira, orotara, 2.282 hektareako azalera hartzen dutenez. Hala, gaur egun pinudiak daude lehen pagadiak, ameztiak, erkameztiak eta, hein txikiagoan, garrigak zeuden inguruetan.   Pinudi gorrien basoak kudeaketa-neurri aktiborik behar ez izateko besteko hedadura du.

Naturagune Babestuaren barnean Nacissus pseudonarcissus, Narcissus asturiensis, Narcissus bulbocodium eta Ruscus aculeatus espezieetako aleak daude. Mehatxu larrian eta desagertzeko arrisku kritikoan daudenez, Orchis cazorlensis espeziea –populazio bakarra Valderejon dagoena da– eta Ephedra nebrodensis espeziea –Sobrongo haitzartean– aipatu behar dira.

Valderejo-Sobrón-Artzena mendizerra Naturagune Babestuan dago, halaber, Buxbaumia viridis goroldioa, desagertzeko arriskuan dagoena Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoaren arabera. Deskonposizioan dagoen zuraren berariazko goroldio mota berezi bat da. Horren kontrako mehatxu nagusia pinudi horien egur-ustiaketa egiteko modua da, zeren ez baitu uzten pinua berez hiltzea eta usteltzea; lehenago ateratzen dute egurra, zuhaitzak botata.

Flora-espezie inbaditzaileen artean, Robinia pseudoacacia aipatu behar da, Sobrón herri-gunearen inguruan dagoena.

FAUNA

Baso horiek saguzarren bizilekua dira, baita basakatuarena, muxar grisarena eta lepahoriarena ere. Basoak, halaber, basoko-hegaztien, kiropteroen eta urlehortarren espezie askoren gordelekua dira. Ezin konta ahal leize eta harpe txiki dago, turismoak ustiatu ez dituenak, garrantzi handia dutenak kiropteroen komunitatearentzako (gutxienez, 12 espezie). Valderejo kiroptero-espezieen aberastasun handiko eremua da. Urlehortarrei dagokienez, gailurretako uhandrea, hegoaldeko apo pintatua eta apo lasterkaria nabarmendu behar dira. Valderejoko urmael multzotik gertu, Lahoz inguruan, makrofitoen, Potamogeton natans, Groenlandia densa eta Chara espezieen dentsitate handia dago. Urmaelak egoera onean kontserbatzea funtsezkoa da fauna-espezie mehatxatuen mesedetan, tartean, sugandila bizierrulea, baso-igel gorria, hegoaldeko apo pintatua eta apo lasterkaria.

Ibaiak igaraba euroasiarraren, bisoi europarraren eta ipurtatsaren bizilekua dira, hala nola bertako ibai-karramarroarena, izokinena eta barboena. Valderejoren kasuan, ibai-sistema elementu egituratzailea da eta Puron ibaiak zeharkatzen duen haraneko dibertsitatea areagotzen du, hala nola errekastoena, Molinos erreka kasu.

Gailur-lerro, amildegi eta ibai-arroilak ugari dira, Puron ibaiaren amildegia kasu. Horiek habitat egokia da hegazti harraparien komunitate handi batentzako, sai arrea eta zuria nabarmentzen direla. Gainera, KBE/HBBE hori ugatzak birkolonizatzeko aukera handiak daude, mendizerra horretan bizi izan zelako espezie horrek Euskadin izandako azken ugalketa-unitatea.

Mendizerran habia egiten dute, halaber, arrano beltzak, belatz handiak eta hontz handiak. Bonelli arranoa da azken urteetan atzeraldi handiena jasan duen harrapari iberiarretako da. 1970eko hamarkadatik hona, Bonelli arranoak umatze-eremu bat izan du Toloño mendizerran, Hegoaldeko mendizerren HBBEren barnean. Egun, Araban okupatuta dagoen bakarra da. Eremu horren zati bat Araban dago, eta bestea Burgosen, eta habiak bi probintzietan egiten dituzte. Bonelli arranoak (Aquila fasciata) 1970etik orain gutxira arte izan du umatze-eremu bat Sobrónen.

Valderejo-Sobrón-Artzena mendizerraren KBE/HBBE leku erakargarria da mendigoizaleentzako eta mendi-ibilien zaleentzako. Ugaltze-aroan txangolari ugari badabil, harkaitzeko harrapariek habiak abandonatu ditzakete. Umatze-eremuetan gizakiak arazo gehien eragin ditzakeen garaiak araldia, errute-aroa eta inkubazio-aldia dira.

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @ArkamoAtea
    2016-03-16

    Comentario de Twitter:
    ... el espacio natural de Valderejo, Sobrón y Arcena constituye una de las mejores expresiones de la... https://t.co/mFBdstpla1

  • Argazkia SN Robot
    @leirez9
    2016-03-15

    Comentario de Twitter:
    RT @IngurumenEJGV: Irekia - Oregi: “Valderejo, Sobrón y Arcena es una de las mejores expresiones de la... https://t.co/T21ocntd3Z

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)