Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Elikagaigintzaren etorkizuneko enpresa eredua aztertu du elikagaigintzaren sektorearekin batera

2016.eko martxoak 14

“Elikagaigintzaren enpresa ereduaren etorkizuneko gakoak” sinposioa

Eusko Jaurlaritzako RIS3 estrategian bultzatutako ikerketa eta berrikuntza alorreko lehentasunen berri eman da ekitaldian

Elikaduraren balio kateak, ekoizpenetik gastronomiara eta sukaldaritzara, %10,6ko ekarpena egiten dio Euskadiko BPGd-ri.

 “Elikadura da jarduera ekonomikoa areagotzeko eta jarduera berriak sortzeko aukera gehien dituen sektoreetako bat, bai eta osasunari eta populazioaren zahartzeari lotuta gure gizarteak dituen etorkizuneko erronka handienetako bati erantzuteko ere”. Hitz horiekin, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak finkatu nahi izan ditu gaur, Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregian “Elikagaigintzaren enpresa ereduaren etorkizuneko gakoak” izenarekin egin den sinposioaren oinarriak. Ekitaldia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak antolatu du, AZTI Zentro Teknologikoarekin elkarlanean, eta antolaketan lagundu egin diete Euskadiko Elikaduraren Klusterrak eta Katilu nekazaritzako elikagaien sektoreko eta landa eta itsas inguruneko berrikuntzaren sustapenerako ekimenak.

“Euskadik elikaduran duen balio kateak %10,6ko ekarpena egiten dio euskal BPGd-ri, zeinak kateko elementu guztiak hartzen baitu bere baitan, elikagaien ekoizpenetik ostalaritzara eta sukaldaritzara, elementu horietako batzuk izanik gastronomia eta sukaldaritza, munduan erreferentzia direnak”, adierazi du Tapiak, eta "horregatik nabarmentzen da Euskadin oso etorkizun handiko sektore gisa”, gaineratu du. Halere, hazteko aukera handiak dituen arren, sailburuak azpimarratu nahi izan du “sektoreak, bere ezaugarriak direla eta, berrikuntzaren premia duela bere arlo guztietan”. Produktuaren berrikuntza arrakasta komertziala izateko eta enpresen eta ustiategien iraunkortasuna bermatzeko berritu beharreko beste arlo bat baino ez da, eta ez garrantzitsuena”, esan du amaitzeko.

Ildo beretik joan dira adituen adierazpenak; izan ere, ikuspegi desberdinetatik berrikuntzaren garrantzia adierazi dute, sektorearen erronka berriei erantzuteko bide gisa. Luis Castañok, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko BioCruceseko zuendariak, euskal gizarteak aurrean dituen erronka handietako bat aipatu du: zahartzearen arazoa. Horrenbestez, gaineratu du osasuna dela elikagaigintzaren industriak erantzun behar dituen erronka nagusietako bat.  

Okin enpresako gerentea (Agustin del Canto), Ameztoi enpresakoa (Iñigo Ameztoi) eta Udapa enpresakoa (Alfonso Saenz de Cámara), berriz, berrikuntzaz aritu dira nagusiki, lehiakortasunerako gako gisa: Efizientzia da gakoa, esan dute, baina are funtsezkoagoa da balio erantsia, lehiakide globalengandik bereizten uzten digun balio erantsia, alegia.

Mugaritzeko Dani Lasak berrikuntza erdigunean kokatu du, baita gastronomiaren munduan ere, berrikuntza balioa sortzen duten palanketako bat dela adierazita.

Lehentasunezko ikerketa lerroak

Jardunaldiak, halaber, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren baitan definitutako elikadura katerako planteatutako ikerketa erronkak ezagutzera emateko balio du, horiei bitartekoak eskainiko zaizkie-eta ekimen berrietarako.  Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Oroz berrikuntzari buruzko aukera eta gai berriez aritu da, jada elikagaien enpresen arrakastaren bereizgarriak izaten ari direnak.

Hala, hirutan laburbildu ditu Gobernuaren lehentasunak: lehenik, Euskadiko elikagaien ekoizpenaren hazkundea, industriak euskal ekonomian duen pisua indartzeko modu gisa. Bigarrenik, kalitateko elikagaien garapenaren aldeko apustua, zahartze osasuntsua ahalbidetzeko. Azkenik, lurraldearen garapen iraunkorra, bai ekoizpenean bai itsas eta landa inguruneko proiektuen ekintzailetzan.

Elikagaigintzaren sektorearen etorkizuna

Sinposioa aukera ezin hobea izan da elikagaien industriarako elikagaigintzaren sektorean espero dena ezagutzeko. Hainbat hizlariren eskutik aztertu da nolakoa den bezero berria eta nola aldatzen ari diren bai banaketaren sektorea bai etxetik kanpoko kontsumoa.

Hala, Jaime Martin de Lantern eta Xabier Cros, AECOC elkartekoak, saiatu dira honen moduko galderei erantzuna ematen: zer joera izango dira nagusi kontsumoan 2025ean? zein da nire kontsumitzaile berria, nolakoa da, zeri ematen dio lehentasuna? Nola hurbiltzen naiz berarengana? Nola ikusten dituzte elikadura markak? Zein dira kontsumo modu berriak? zer da Big Data eta nola erabiltzen da?

Kantar World Paneleko Ricardo Perez, Eroskiko Amable Galache eta Uvescoko Miguel Angel Zamorano banaketako joera berriez aritu dira nagusiki, eta joera horiei probetxu gehien atera eta sektorearen lehiakortasuna hobetzeko moduez ere bai.

Bukatzeko ANTAko Mario Cañizalek eta Intenso Food Serviceko Ana Antoranek etxetik kanpo kontsumoa nola aldatzen ari den azaldu dute: IKTen eragina kontsumitzaileekiko elkarreraginean, sukaldaritzan…

Elkargune garrantzitsua sektorerako

Jardunaldia Euskadiko elikagaigintzaren balio kateko enpresetako, gerenteei, zuzendariei eta teknikariei zuzenduta egon da, eta elkargune garrantzitsua izan da elikagaigintzako enpresetarako, aukera oso ona eman baitie harreman profesionalak hasteko eta gora bidean doan sektore honen gaineko aukerei buruzko esperientzia eta iritziak partekatzeko.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2016.eko martxoak 15

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco analiza con el sector el modelo empresarial alimentario del futuro en Euskadi https://t.co/85Mq5IJq2P

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)