Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzako eta Euskadiren Mexikoko ordezkaritzako kideek hartu dute parte Mexiko Hirian bi nazioarteko biltzarretan

2016.eko martxoak 11

Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzako eta Euskadiren Mexikoko ordezkaritzako kideek hartu dute parte Mexiko Hirian martxoaren 8tik 11ra bitartean egin diren bi nazioarteko biltzarretan.

Lehen biltzarra Mexikoko gobernuko Kanpo Harremanetarako Idazkaritzak antolatu zuen Europar Batasunarekin elkarlanean. Honako izenburua zuen: «Latinoamerika eta Europar Batasuna: elkarrizketa eta lankidetza tokiko ikuspegitik». Europako eta Latinoamerikako tokiko gobernuetako ordezkari garrantzitsuak bildu ziren jardunaldi horietan. Eusko Jaurlaritzako ordezkariek Estatuz azpiko eta toki-mailaz gorako gobernuen ikuspegia azaldu zuten, eta deszentralizazioaren garrantzia azpimarratu, ezinbestekoa delako eskualdeen ahotsa mundu-mailan entzungo bada; izan ere, eskualdeak beraiek dira nazioarteko harremanetan eskualde-mailako ikuspegia eskaintzen duten eragile bakarrak.

Bigarren hitzaldia, «Hiri-garapena finantzatzea: milurteko erronka», Mexiko Hiriak eta Giza Asentamenduetarako Nazio Batuen Programak (UN-Habitat) antolatu zuten. Biltzar hori Habitat III prestatzeko egingo direnetako bat da. Izen hori du 2016ko urriaren 17tik 20ra bitartean Quiton (Ekuador) egingo den Etxebizitza eta Hiri Garapen Jasangarrirako Nazio Batuen Biltzarrak. Bertan, euskal ordezkariek Estatuz azpiko gobernuak Habitat III programan kontuan hartzea babestu eta eskatu dute, Ekuadorko hiriburuan onartu beharko den hiri-agenda globalari begira; izan ere, NBEren programa horren xedeko esparruak, nagusiki, hiri- eta toki-esparruak dira. Horretan ere eskualdeen ikuspegia kontuan hartzeko eskaera egin dute. Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak parte-hartze adierazgarria izan nahi duenez Quiton, biltzar hau aukera paregabea izan da nahi hori bertatik bertara ezagutarazteko.

Gainera, nabarmentzekoa da Eusko Jaurlaritzako ordezkariek Eskualde Batuen Erakundearen (ORU/Fogar) ordezkari gisa ere parte hartu zutela. Hain zuzen, Euskadi kide den nazioarteko sare horren Osoko Bilkura datorren apirilean egingo da Rio de Janeiron eta bertan lehendakariorde bigarren gisa arituko da gure erkidegoa».

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau