
Segurtasun Sailak segurtasun pribatuaren arloan ohorezko aipamenak emateko modua erregulatuko du
EHAAn argitaratu duten sailburuaren agindu baten arabera
Ohorezko aipamenen hartzaileak segurtasun pribatuko langileak, enpresak, bestelako pertsona fisikoak, erakundeak, korporazioak, entitateak eta establezimendu publiko edo pribatuak izan daitezke. Eta honako hauek dira aginduak biltzen dituen kategoriak:
Ohorezko kondekorazioak beren eginkizunak betetzean eta, bereziki, Ertzaintzarekin lankidetzan aritzean nabarmentzen diren segurtasun pribatuko langileak aintzatesten ditu, betebeharrak betetzean, bizitza edo osotasun fisikoa arrisku larrian jarri badute edo lesionatu badira, zerbitzu bat ematean edo emateagatik; delituak egitea galarazi badute, nahastutako pertsonak atxilo hartuta; edo Ertzaintzari delitu astunak prebenitzeko edo argitzeko lagungarria izan den informazio garrantzitsua eman badiote.
Ohorezko sariak beren eginkizunak betetzean eta, bereziki, Ertzaintzarekin lankidetzan aritzean nabarmentzen diren segurtasun pribatuko langileak aintzatesten ditu delituak egitea galarazi badute, jarduera humanitarioak egin badituzte edo Ertzaintzari zigor-arloko arau-hausteak prebenitzeko edo argitzeko lagungarria izan den informazioa eman badiote.
Diplomak Euskadin segurtasun pribatuko zerbitzuak hobeto ematen laguntzean eta, bereziki, Ertzaintzarekin lankidetzan aritzean nabarmentzen diren segurtasun pribatuko enpresak aintzatesten ditu segurtasun pribatuko langileak etengabe prestatzeko politikak etengabe sustatzeagatik, eta enpresaren ibilbideagatik eta ospeagatik, besteak beste.
Azkenik, ohorezko plakak egindako ahalegina eta izandako dedikazioa aitortzen die pertsona fisikoei, instituzioei, korporazioei, erakundeei eta establezimendu publiko edo pribatuei, Euskadin segurtasun pribatuko zerbitzuak hobetzen laguntzen nabarmendu badira.
Segurtasuneko sailburuordeak emango ditu ohorezko aipamenak aginduak erregulatzen duen ebaluazio batzorde batek proposatuta.