Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Ana Oregi: «Natura 2000 Sarea da Europaren apustu nagusia biodibertsitatea kontserbatzeko»

2016.eko martxoak 16
  • «Euskadin, parte-hartze prozesu handi baten bitartez zehaztu da»
  • «Gizateriak aurre egin beharreko erronka nagusiak biodibertsitatea galtzea geraraztea eta klima-aldaketaren aurka jardutea dira»
  • «Europako herrialde aurreratuenek bezala, Euskadik Klima Aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Estrategia kudeatzen du eta 2030erako Biodibertsitate Estrategia zehazten du»
  • Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek urtean 10 milioi euro inguru inbertitzen dituzte eta horien bidez 230 milioi euro baino gehiago sortzen dira ekosistema-zerbitzuetan: ura, elikagaiak, zura, turismoa, etab. Hala, euro bakoitzeko 22 euroko irabazia lortzen da, Europako batez bestekoa baino % 30 gehiago.

VG 16 03 16

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik Eusko Legebiltzarrean adierazi duenez, «Natura 2000 Sarea da Europaren apustu nagusia, biodibertsitatea kontserbatzeari dagokionez, eta Euskadin, parte-hartze prozesu handi baten bitartez zehaztu da, gizateriak aurre egin beharreko erronka nagusiak biodibertsitatea galtzea geraraztea eta klima-aldaketaren aurka jardutea direlako».

Oregik Eusko Jaurlaritzak egindako jarduerak azaldu ditu, «azken urteetan hainbat jarduera egin direlako biodibertsitatea kontserbatzeko eta Euskadin Natura 2000 Sarea sortzeko eta ezartzeko, sare hori denez Europako herritarren eta erakundeen apustu nagusia Europar Batasunean biodibertsitatea galtzea gerarazteko».

Eusko Jaurlaritzak egun gutxi barru azkenduko du Kontserbazio Bereziko 52 Eremuen (KBE) izendapen-prozesua, bakoitza bere kontserbazio-neurriekin, eta Hegaztientzako Babes Bereziko 8 Eremuen (HBBE) izendapenarena.

 

«Nazioarteak onartu du gizateriak aurre egin beharreko erronka nagusietako bi biodibertsitatea galtzea geraraztea eta klima-aldaketaren aurka jardutea direla», adierazi du Oregik. «Klima Aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Estrategia diseinatu dugu erronka horri aurre egiteko, hala nola 2030erako Biodibertsitate Estrategia; izan ere, jakin badakigu gure ongizatea eta etorkizuneko belaunaldiena ekosistema osasuntsuak kontserbatzearen eta lehengoratzearen mende dagoela, ekosistemok uholdeak erregulatzeko, berotegi-efektuko gasak xurgatzeko, muturreko fenomeno meteorologikoengandik babesteko eta klima-aldaketara hobeto moldatzeko ekarpen handia direnez».

 

Ana Oregik Europako eta Euskadiko naturaren egoera zehaztu du, eta, halaber, aipagai izan ditu Batasuneko natura babesteari eta hobetzeari Euskadik egiten dion ekarpena, Natura 2000 Sarea Euskadin izapidetzeko prozesua eta parte-hartzea, Natura 2000 Sarearen egungo egoera eta Natura 2000 Sareari loturiko jardunbide egoki eredugarri zenbait.

 

Europako txostenak

Floraren, faunaren eta habitaten egoera aztertzeko Europako Batzordeak argitaratzen duen Naturaren Egoerari buruzko azterlanaren arabera, Habitat Zuzentarauak Europan babestutako espezieen % 23 baino ez daude kontserbazio-egoera onean. Erdiak baino gehiago (% 60) egoera kaskarrean daude. Horietatik, % 42ren egoera kaskar-desegokitzat jotzen da eta % 18rena kaskar-txartzat.

 

Europako basoko hegazti-espezieen erdiak baino gehiago (% 52) egoera seguruan daude. Hala ere, espezieen % 17 mehatxuan daude eta % 15, berriz, mehatxuan egoteko zorian, beheraldian edo egoera ahulduan.

 

Oro har, habitaten kontserbazio-egoera eta bilakaera okerragoak dira espezieenak baino. Europar Batasuneko 28 estatuak hartuz gero aintzat, ebaluatutako habitaten % 16 besterik ez dago kontserbazio egoera onean. Euskadiren kasuan, habitaten kontserbazio-egoera oso antzekoa da; kontserbazio-egoera onean daude habitaten % 19, eta Europan % 16.

 

Euskadin, animalia ornodunen 700dik gora espezie bizi dira, ornogabeen 1.780 espezie eta 7.600 bat landare-espezie. 46 ornodun-espezie mehatxuan daude –21 galzorian–, 125 flora-espezie baskular bezala –54 arriskuan–.

 

«Hegoaldeko zuhaitz-igela, Bonelli arranoa, ugatza, miru gorria, ibai-karramarro arrunta, sorginorratza, basoko saguzarra, igaraba euroasiarra, bisoi europarra, lanproia, eguzki-ihintza, katu-hanka, arroka-geranioa, nenufar zuria edo basaolibondoa babes beharrean dira» nabarmendu du Ana Oregik.

 

Babes gorena

Oregi sailburuak zehaztu duenez, «Natura 2000 Sarera bideratuko dira kontserbazio-ahaleginak, baina ez dira lurraldeko gainerako eremuak bazter utziko. Izan ere, Natura 2000 Sarearen babesaren eta habitaten zein espezieen kontserbazio-egoeraren bilakaera positiboaren artean korrelazio positiboa dago».

 

«Europar Batasun osoan egindako 28.000 elkarrizketetan oinarritutako biodibertsitateari buruzko lehen Eurobarometroaren datuak oso adierazgarriak dira: hamarretik zortziren ustean, biodibertsitatea galtzea arazo larria da. Hamarretik bosten iritzian, galtzeak kalte egingo die», adierazi du Oregik.

 

Euskadin, Eusko Jaurlaritzako gizarte-prospekzioko kabineteak 2013ko maiatzean egindako azterlan baten arabera, lau biztanletik hiru oso kezkatuta daude ingurumen-gaiekin, arazo larria eta premiaz aurre egin beharrekoa irizten dietenez. «Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak aurrerapauso bat eman du Europako Natura 2000 Sarea izan dadin tresna nagusia, gure herrialdean biodibertsitatea galtzea gerarazteari dagokionez» adierazi du sailburuak.

 

«Sare osasungarria da izan; Natura 2000ren barne daude Europako natura-ondare baliotsuena dagoen lekuak eta mehatxu-maila handienekoak, hala nola kontserbazio-neurrien premia handiena dutenak. Kontinenteko ingurumen-ekosistema osasuntsuenak dira. Natura 2000 Sarearen barne egotea ingurumen-osasun onaren egiaztagiria jasotzea da», gaineratu du Oregik.

 

Euskadik 60 espazio eskaintzen dizkio Natura 2000 Sareari, orotara, 1.500 kilometro koadro –Europaren % 0,22– eta Natura 2000 Sarearen barnean izendatutako eremuetan Europako batez bestekoaren gainetik dago; gurean, azaleraren % 20 baino gehiago Europako babes-figura horren mende dago, eta Europan, berriz, % 18. Espazio babestuen ehunekoa % 23 da, bestelako babes-figurak kontuan hartuz gero; esaterako, Deba-Zumaiako eta Meatzaldeko biotopoak eta Urdaibai Biosfera Erreserba. Egun, Euskadiko azaleraren % 20,5 dago babestuta. Euskadiko zuhaitz-azaleraren %25 dago, zehazki, Natura 2000 Sarearen barnean.

 

Euskadiko 2030erako Biodibertsitate Estrategia osaera-fasearen amaieran dago eta Batasuneko bi zuzentarautan oinarrituta dago: Habitatena eta Hegaztiena. Horien bidez, biodibertsitatea bermatu nahi da, Europako habitat naturalak eta basa-fauna zein -flora kontserbatzearen bitartez. Batasunaren Intereseko Lekuak habitat natural mota jakin bat iraunarazteko edo lehengoratzeko ekarpen nabarmena egiten duten eremuak dira. Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak (HBBE), habitatari dagozkion kontserbazio- eta lehengoratze-neurriak aplikatzen direnak.

 

Parte-hartzea eta inbertsioa

Ana Oregik adierazi duenez, «Eusko Jaurlaritzak lehentasuna eman dien gizarteak parte hartzeko prozesuei, Europar Batasunak jendaurreko informazioaren betekizuna besterik ezartzen ez badu ere. Prozesu hauek lan handia izan dute, gune bakoitzean batez beste lau bilera izan dira, eta batez beste sei hilabeteko epea bideratzen da haietako bakoitzera. Ezer baino lehen, Natura Sareko eremuetan bizi diren pertsonak hartu dira kontuan. Auzuneak, udalak eta bestelako toki-erakundeak, enpresaburuak, kontserbazioaz arduratzen diren erakundeak, toki-erkidegoak edota gure natur ondarearekin eta biodibertsitatearekin kezkatuta dauden gainerako herritarrak; guztiak dira erabakigarriak proiektu honetan».

 

Eusko Jaurlaritza eta aldundiak elkarlanean ari dira KBEetan; lehenak arauak onartzen ditu eta bigarrena kudeaketa-neurriez arduratzen da. EAEko administrazioak –Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek– urtero-urtero 10 milioi euro inguru inbertitzen ditugu Natura 2000 Sareko guneetan, dela biodibertsitatea ezagutzeko azterlanetan, dela erriberak lehengoratzeko lanetan, dela basoberritze-lanetan. «Urtero egiten den 10 milioi euroko inbertsio horrek 230 milioi euro baino gehiago sorrarazten dituela ekosistemei eskaintzen zaizkien zerbitzuetan (ura, elikagaiak, zura, turismoa eta abar). EAEko administrazioak Natura 2000 Sarea babestera bideratzen duen euro bakoitzak 22 euro baino gehiago ematen ditu. Euskadik Natura 2000 Sareari egiten dion ekarria Europako batez bestekoa baino % 30 handiagoa da.

 

Oregik nabarmendu duenez, «Natura 2000 biodibertsitate-balioagatik babestutako espazioen sarea baino gehiago da; izan ere, toki-erkidegoei aukera ematen die sortzen diren ekosistema-zerbitzuei probetxu ateratzeko. Basa-bizitzaren santutegirik ezartzeko asmorik ez du, gizakia naturaren parte delako eta habitat natural, basa-animalia eta -landare batzuek ezinbestean behar dituzten ingurumen-baldintzei giza jarduerek on egiten dietelako».

 

Natura 2000 Sarea eskualde batean jasangarritasun-eragile izanaren adibide gisa aipa daitezke honakoak: natura-turismoaren gorakada Valderejon; Urdaibai Biosfera Erreserba, natura-babestearen eta jarduera ekonomikoaren artean lortutako orekaren aldetik; edota Hernio-Gazume Interpretazio Zentroa Alkizan, Fagus Alkiza izenekoa.

 

«Natura 2000 Sareko espazioak egoera onean kontserbatzeak biodibertsitatean eta gure osasunean duen garrantzia agerikoa da datu honi erreparatuta: Euskal Autonomia Erkidegoko 2.173.000 biztanleetatik 1.550.000k baino gehiagok (% 71), Bilbo-Bizkaia, Añarbeko Urak edo Amvisa partzuergoen ura edaten dute, gehienbat Natura 2000 Sarearen barneko iturburuetatik hartzen dutena. Euskadiko herritarren % 60k Natura 2000 Sareko espazioetatik datorren kalitatezko ura edaten du, batez ere, Zadorraren, Añarbeko eta kontserbazio bereziko beste eremu batzuetako urtegietakoak. Horri esker, ura arazteko sistemaren kostua beste edozer arazketa sistema artifizialetakoa baino nabarmen txikiagoa da», Oregik esan duenez.

 

Amaitzeko, sailburuak adierazi du «erronka horiei behar bezalako erantzuna emateko, ahalegin bereziak egin beharko direla zenbait alderdi hitzartzeko, baliabideak lortzeko eta Natura 2000 Sarea bultzatzeko, Europako lurraldeko biodibertsitatea kontserbatzen jarrai dezan».

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @XabiGV
    2016.eko martxoak 16

    Comentario de Twitter:
    Ana Oregi: “la Red Natura 2000 es la apuesta europea más decidida para conservar la biodiversidad” https://t.co/2RsBObyIuG

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)