Berriak Osasuna

Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia 2020 aurkeztu dute Legebiltzarrean

2016.eko martxoak 14

Osasuneko sailburu Jon Darpónek, berak hala eskatuta eta Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntzako zuzendari Maria Agirre lagun zuela, gaur egin du agerraldia Osasuneko Batzordean, Eusko Legebiltzarrean Osasun-arloko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia 2020 aurkezteko. Gida-plan horrek, Osasuneko sailburuak adierazi duenez, «herritarren osasuna eta osasun-sistema bera hobetzen lagunduko du, unibertsitateekin, zientziako eta teknologiako eragileekin eta industriarekin elkarlanean jarduteak balioa sortuko duelako Euskadin, bertako garapen sozio-ekonomikoa bultzatuz».

Osasun-arloko Ikerketa eta Berrikuntza 2020 Estrategiaren aurkezpena egin du orain gutxi Iñigo Urkullu lehendakariak Donostian osasun-arloko, zientziako eta teknologiako eta hainbat enpresetako 200 bat profesionalen eta ordezkarien aurrean. Gerora, Osakidetzako profesionalei ere aurkeztu zaie, estrategia ahal duten guztian hedatzeko. Estrategia horren alde, Darpón sailburuak zehaztu duenez, «Eusko Jaurlaritzak apustu irmoa egin du, lehentasuna ematen diolako osasun-arloko ikerketari eta berrikuntzari, eta euskal ikerlariak, baita atzerrikoak ere, Euskadin lan egiteari, bertan badihardute, sektorea sendoagoa izango delako eta, ondorioz, Euskadik aberastasun intelektuala eta ekonomikoa eskuratuko dituelako. Horren isla dira bioenpresa-sektorearen datuak, % 10etik gorako hazkundea, eta Euskadin egindako urteko I+G+B arloko inbertsioa, 120 milioi euro; horietatik % 45 osasun-sistemara bideratzen dira».

Sailburuak, halaber, gogora ekarri du Euskadi orain hiru hamarkada hasi zela ezagutza-arloan inbertitzen eta, egun, horren adibide dela biozientziari emandako babesa; «2000 urtean sortu gabeko sektorea genuen, baina gaur egun jarduera adierazgarrienetako bat dugu puntako industria dagoen munduko eskualdeetan, gaitasun zientifiko-teknologikoetan egindako inbertsioari, ikerlariak erakartzeari eta ekintzailetzari emandako babesari esker, horrek guztiak enpresa teknologiko gehiagoren sorrera ekarri duenez».

      

     Osasun-arloko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia 2020

Bestalde, Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntzako zuzendari Maria Agirrek Osasun-arloko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia 2020ren gakoak aurkeztu dizkie talde politikoetako legebiltzarkideei.

Maria Agirrek estrategiaren xedeak azaldu dizkie: biozientzia-osasuna arloa garatzen laguntzea, osasun-sisteman I+G+B jarduerak eta enpresekin eta beste eragile batzuekin elkarreragitea erraztea, osasun-emaitzak hobetzeko eta balioa sortzeko. Halaber, Osasun-arloko Estrategia eta Berrikuntza Estrategia berriaren lau helburu nagusiak azaldu zituen, hala nola helburuak lortzeko jarduteko ildoak eta horiek egituratzen dituzten lau ardatz estrategikoak.

Azaldu duenaren arabera, «lau ardatz horiek, zehazki, Eragina, Integrazioa, Pertsonak eta Baliabideak dira, eta helburu hauek dituzte: I+G+B jarduerek eragin handiagoa izatea; I+G+B jarduerak hobeto integratzea laguntzan eta irakaskuntzan; I+G+B jardueretan diharduten profesionalak motibatzeko esparrua hobetzea; euskal gizartea gehiago inplikatzea; eta osasun-sistemako ikerketaren eta berrikuntzaren lehiakortasuna sendotzeko eta areagotzeko finantzaketa-eredu egokiagoa ezartzea». 

   

                                                  Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoak 14

 

Osasun-arloko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia 2020:

http://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/innovacion_salud_2020/es_def/adjuntos/maqueta_Estrategias_salud_2020_es.pdf

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak