Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak azterlan bat eman du argitara euskal iritzi publikoak azken hogei urteotan izan duen bilakaerari buruz

2016.eko martxoak 11

Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak Euskal Soziometroaren 60. alea eman du argitara; hor jasotzen da duela hogei urte lehen soziometroa egin zenetik hona euskal iritzi publikoak hainbat gairi buruz izan duen bilakaera. 1996an soziometroak egiten hasi zirenetik hona herritarrek hainbat gairi buruz dituzten iritziak bildu dira azterlanean, hala nola herritarren kezka nagusiei, familiari, erlijioari, inmigrazioari, Europari edota euskal erakundeei buruzkoak. Urtarrilaren 25etik otsailaren 2ra egin zen lagina, etxez etxeko 2.310 elkarrizketaren bitartez.

Euskal Soziometroa

 1996-2016 BITARTEKO BILAKAERA SOZIALAREN IKUSPEGI BAT

1)     Lan merkatuarekin lotutako arazoak, 1996an bezain presente

Berriz ere lan merkatuarekin lotutako arazoak dira Euskadiko arazo nagusitzat herritarrek gehien aipatutakoak. 1996an arazo horiek aipatzen zituztenen ehunekoa oraingoaren oso antzekoa zen (%80 1996an, %83 orain), 2000ko lehenengo hamarkadaren bukaerara arte arazo hauen aipamenak nabarmen jaitsi ondoren (%51ra arte).

20 urteotan “gizarte-kezka motak” aldatu egin dira. 1996an gaur egun baino askoz gehiagok aipatzen zuten indarkeria eta terrorismoa Euskadiko arazo nagusitzat (%62k egungo %1en aurrean). Gaur egun baino dezente gehiago aipatzen ziren halaber drogak (%17; gaur egun %1en azpitik) eta delinkuentzia eta segurtasun falta (%22, egungo %2ren aurrean). Aldiz, duela 20 urte gaur egun baino gutxixeago aipatzen zituen jendeak arazo ekonomikoak (%7, egungo %15en aurrean), etxebizitza eta etxe-gabetzeak (%4, egungo %11ren aurrean) edota ustelkeria eta iruzurra (%1, egungo %7ren aurrean). Azken arazo horri buruz, aipatzekoa da gaur egun Euskadi eta Espainiaren artean dagoen alde handia, Euskadin %7k aipatzen duen bitartean Espainian %48k aipatu baitute.

2)     Familia, erlijioa, immigrazioa

20 urte hauetan aldaketa nabarmena gertatu da familia motetan. Gutxitu egin da bikotekidearekin eta seme-alabekin bizi direnen kopurua (%48tik %34ra) eta gurasoekin bizi direnena (%24tik %17ra); bikotekidearekin bakarrik bizi direnena, aldiz, handitu egin da (%12tik %25era), baita bakarrik bizi direnena ere (%7tik %10era). Dena dela, familiak herritarren bizitzan duen garrantzia mantendu egin da (%90ek baino gehiagok oso edo nahikoa garrantzitsutzat dute).

Euskal gizartea asko aldatu da urteotan sinesmen erlijiosoei dagokienez. Alde batetik jaitsi egin da herritarrek bere bizitzan erlijioari ematen dioten garrantzia (duela 20 urte %45ek oso edo nahikoa garrantzitsutzat zuten; gaur egun %27k); bestalde, gero eta gutxiago dira sinestunak; bere burua katoliko praktikantetzat dutenak %38tik %18ra pasa dira, eta ez praktikanteak %44tik %37ra. Gehitu egin dira ateoak (%8tik %24ra) eta agnostikoak (%7tik %10era), baita beste erlijio batzuetako sinestunak (%1etik %6ra) eta Jainkoan sinestunak direnak ere, baina ez erlijioetan (%2tik %4ra).

Euskadin bizi diren atzerritarrei buruzko pertzepzioan ere aldaketa nabarmena gertatu da. Lehenengo garai batean, 1996a eta 2006a artean, Euskadin “atzerritar gehiegi” zeudelako pertzepzioa asko handitu zen (%12tik %36ra), baita atzerritarrak “gehiegi izan gabe, asko zirelako” pertzepzioa ere (%24tik %42ra). 2006tik aurrera, ia ez dira aldatu ehuneko horiek, eta azken 8 urteetan, hazi egin da “atzerritar gutxi” daudelako pertzepzioa (%9tik %19ra).

3)     Europarekiko jarrera 1996ko balioetara itzuli da

EBko kide izatearen balorazioa duela 20 urte egiten zenaren antzekoa da. Herritarren %45en ustez EBko kide izatea ona da, %37ren ustez ez da ona eta ez txarra eta %12ren ustez txarra da. 90eko hamarkadaren bukaeran eta 2000ko lehenengo hamarkadan zehar nabarmen hobetu zen EBko kide izateari buruzko iritzia eta azken neurketa honetan asko egin du okerrera, duela 20 urteko balioetara itzuliz. Atzerakada hau gertatu da, nahiz eta

-       Urte hauetan asko handitu den euskal herritarrek bisitatutako Europar Batasuneko herrialdeen batez besteko kopurua. Duela 20 urte 1,9 ziren eta gaur egun 3,4. Euskadiko herritarren %15 ez dira inoiz izan Europar Batasuneko beste herrialde batean.

-       Herritarren %68k uste duten EAEko enpresak oso edo nahikoa prestatuak daudela Europako merkatuan lehiatzeko. Duela 20 urte %43k zuten iritzi hori.

 4)     Egonkortasuna euskal instituzioei buruzko iritzian, Espainia eta Europakoei buruzko iritzia okerrera

EAEko herritarrak pozik azaldu dira bere udalekin (%72), Eusko Jaurlaritzarekin (%65) eta bere diputazioekin (%63); iritzi hori egonkor mantendu da duela 20 urtetik.

Aitzitik, Espainiako Gobernuarekiko eta Europako Batzordearekiko poztasun mailak, beti baxuagoak izan direnak, nabarmen jaitsi dira azken urteotan, orain arte jasotako poztasun maila baxuenera iritsiz (%69 eta %49 ez daude pozik, hurrenez hurren).

EGOERAREN BALORAZIOA ETA JARRERA POLITIKOAK 2016AN

2013tik gertatu den bezala, hobetzen jarraitzen du egoera pertsonalaren pertzepzioak (6,4 0tik 10erako eskalan), baita Euskadikoarenak (5,8) eta Espainiakoak (4,1) ere, nahiz eta azken hori EAEkoa baino nabarmen okerrago ikusi. Gainera, Euskadiko biztanleek uste dute aurten egoera hori hobetu egingo dela. Duela bi hamarkadatako datuekin alderatuta, gaur egungo EAEko gizartea ez da ordukoa bezain positibo azaltzen egoera pertsonalari dagokionez, baina orduan baino hobeto ikusten ditu Euskadiko eta Espainiako egoerak.

Iñigo Urkullu Lehendakaria da, berriz ere, euskal buruzagi politikoen artean, 0tik 10erako eskalan 5etik gorako nota lortu duen bakarra (5,3). Haren atzetik datoz Andoni Ortuzar (4,7), Hasier Arraiz (4,4), Idoia Mendia (3,9), Alfonso Alonso (2,3) eta azkenik, Gorka Maneiro (2,0).

Independentziari buruzko jarrerari dagokionez, herritarren %38 kontra azaldu dira eta %19 alde; hau da 1998an neurtzen hasi zenetik jasotako independentziarekiko aurkakotasun handiena. Herritarren %30ek diote egoeraren arabera independentziaren alde edo kontra egongo liratekeela eta %12k ez dute erantzun. Independentismoaren beherako joera hau 2015eko hasieratik dator, Eskoziako erreferenduma (2014ko iraila) eta Kataluniako kontsulta (2014ko azaroa) eta Hauteskundeak (2015eko iraila) izan ondotik.

Euskadin demokraziak duen funtzionamenduarekiko poztasun maila nabarmen hobetu da, 2002an neurtzen hasi zenetik jasotako maila gorenera heldu delarik; %62k diote oso edo nahikoa pozik daudela. Ehuneko hori %29ra bakarrik iristen da Espainiako demokraziari buruz galdetutakoan, eta %31ra Europari buruz galdetuta.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)