Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak Estatu Batuetako armadak 1945 eta 1957 urteen artean Euskadiko lurralde osoari airetik egindako argazkiak erantsiko dizkio geoEuskadi zerbitzu digitalari

2016.eko martxoak 14
  • Ana Oregi: «argazki horiek egungoekin kalitate handiz konpara daitezke eta garrantzi handikoak dira hirigintzaren, katastroaren, ingurumenaren eta historiaren arloetan»
  • Argazkiak behar bezala atzitzeko eta erabiltzeko prestakuntza-saio teknikoa antolatu dute

Vitoria-Gasteiz, 2016/03/14

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak aukera berri bat erantsi du geoEuskadi (http://www.geo.euskadi.eus) plataforma digitalean: Estatu Batuetako armadak 1945 eta 1957. urteen artean Euskadiko lurralde osoari airetik egindako argazkiak azken urteetan Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek ateratakoekin konparatzekoa aukera. Ana Oregi sailburuaren arabera, 1956. urteko airetiko argazkiek garrantzi handia dute hainbat arlotan, hain zuzen ere, hirigintzaren ikuspuntutik, urte horretan estatuko lurzoruari buruzko lehen legea onartu zutelako; ingurumenaren ikuspuntutik, lurzoruaren erabileran eta landaredia-estalkian izandako bilakaera erakusten dutelako eta azterketa hidrologikoak, geomorfikoak eta edafologikoak egiten lagunduko dutelako; katastroaren ikuspuntutik, lurren mugen arteko gatazkak argitzeko; eta historiaren eta kazetaritzaren ikuspuntutik, garai hartako egoera eta teknologia erakusten dutelako, eta dokumentazio-iturri moduan.

 

Aireko Armadak Geografia Informazioko Zentro Nazionalaren bidez autonomia-erkidegoei bidalitako argazki historiko eskaneatuetan, beharrezko propietate metrikoak gehitzeko lan kartografikoak egin ditu Eusko Jaurlaritzako Kartografia Zerbitzuak. Hala, lurralde osoaren 1945-46 eta 1956-57 urteetako irudiak lortu ditu. Garai hartako teknologia nolakoa zen kontuan hartuta, kalitate geometriko eta erradiometriko handia dituzten bi airetiko argazki argitaratu ditu, eta horrek lurraldearen beste mapa eta informazio batzuekin konparatzeko aukera ematen du.

 

GeoEuskadi zerbitzuan eskaintzen den gainerako materiala bezala, argazkiak doako lizentzia ireki bidez argitaratu dituzte. Argitalpena bereziki administrazioei, partikularrei, profesionalei ikertzaileei eta historialariei zuzendu zaie.

 

Modu erraz eta intuitiboan, klik eginez bakarrik, edonork egiazta dezake bereizmen handiarekin, adibidez, egun Hondarribiko aireportuko pistak hartzen duen lekuan, 1945ean, soroak zeudela. Gauza bera gertatzen da Forondako aireportuaren edo Loiukoaren kasuan.

 

Estatu Batuetako Armadako Mapa Zerbitzuak (AMS ingelesezko sigletan) 1945. eta 1946. urteen artean egin zuen penintsularen gaineko lehen hegaldi amerikarra, Casey Jones edo «A seriea» izenez ezagutzen den proiektuaren baitan. AMS izan zen Espainiako kartografia sortu zuen zentro nagusia. Are gehiago, Espainiak eta AEBek 1953an sinatu zuten akordio militarren ondoren. Akordio horien ondorioz, Estatu Batuek hainbat base ezarri zituzten Espainian. Hala, 1956an eta 1957an, herrialde osoaren gaineko bigarren hegaldi amerikarra egin zuten, «B seriea» izenekoa, Armadaren Geografia Zerbitzuarekin eta Erakunde Geografiko Nazionalarekin lankidetzan. Azken urteetan, administrazioak elkarlanean aritzen dira plangintza hirigilean, ingurumenaren babesean eta garraio-kudeaketan nahitaezkoak diren argazkiak lortzeko.

 

 

INFORMAZIO GEHIAGO

Casey Jones hegaldiaren jatorria

1944ko ekainean Normandian lehorreratu ziren Aliatuek Europako lurraldearen kartografia edukitzeko beharraren ondorioz egin zuten hegaldia. Urte horretako urrian bertan proposatu zuten proiektua, baina Alemaniak gerra galdu arte ezin zuten egin. Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko aireko indarrek, USAF eta RAF hurrenez hurren, Europaren zati handi baten eta Afrikako iparraldearen airetiko argazkiak ateratzeko hegaldia prestatzeko, «Casey Jones» izeneko ezkutuko proiektua sortu zuten. Estatu Batuek Espainia funtsezko lurraldetzat jotzen zuten, herrialdearen kokapena estrategikoa zelako.

 

Espainiak eta Europako beste lurralde batzuek dituzten interes historiko handieneko argazkiak dira 1945 eta 1946 urteetako hegaldian ateratakoak, beren antzinatasunagatik eta estaldura handiagatik. Hala ere, argazkiak ateratzeko erabilitako kameragatik eta eskala txikiagoagatik, 50eko hamarkadakoek baino zehaztasun metriko txikiagoa dute. Herrialdeko airetiko argazki zaharrena denez da hain baliotsua.

 

Aliatuek gerran airetiko errekonozimenduko teknologiaren arloan lortutako aurrerapenei esker, Estatu Batuetako hegazkinek doppler nabigazio bidez, hau da, estazio hartzaileak Espainiatik kanpo edukita, doitasun-hegaldi esterosokopikoa egiteko beharrezko logistika zuen. Epe horretan Estatu Batuek 171 milioi argazki baino gehiago egin zituztela estimatu da. «A seriea» 1945eko otsailaren eta martxoaren artean hasi zuten, hasieran Francori proiektuaren berri eman gabe. Hala, Estatu Batuetako hegazkinak 1943an Gibraltarren eta Frantziako Istresen arteko garraio militarrerako hitzartutako ibilbideetatik desbideratzen zituzten. 1946ko otsailetik irailera bigarren fasea gauzatu zuten, Espainiari proiektuaren berri eman eta zenbait akordio sinatu ondoren, besteak beste, materialaren lagapena doan lortzeko eta Espainiako ehiza-hegazkinekin hegaldiak kontrolatzeko.

 

Lanak baldintza desegokietan egin zituzten: ekinokzioetatik urrun eta doppler nabigazio-sistemarekin (kalkulu-prozesu luze baten ondoren, hasierako hegaldi batekin hurrengo egunetan egin beharreko igaroaldiak planifikatzen zituzten, ondoren gainjartzeko eta estereoak edo hiru dimentsiotako irudiak sortzeko).

 

Material grafikoa

 

A seriea (1945-46 artekoa) 435 filmez osatuta zegoen, baina erdia positiboan soilik dago ikusgai (kalitate okerragoarekin). 1:50.000 orri bakoitzak 25 eta 30 fotograma artean ditu, 23 x 23 cm-koak, ekialdetik mendebalderako lau igaroalditan ateratakoak, igaroaldiko 7-9 fotogramatan. Fotogramek ez dute altimetroaren, orduaren, hegaldiaren, kameraren eta fokalaren daturik. 6.000 eta 8.000 metro arteko garaieran egindakoak direla estimatu dute, eta 150 eta 155 mm arteko fokalarekin. Horrenbestez, gutxi gorabehera 1:45.000 eskalan daude.

 

B serieko argazkiek(1956-57 urteetakoek) aurrekoak baino zehatzagoak dira, eta 1:33.000 eskala jatorrizko argazkietatik zuzenean atera da. 600 filmetan bildutako 60.000 fotograma dira, zuri-beltzean.

 

Aireko Armadak, Geografia Informazioko Zentro Nazionalaren bidez, autonomia-erkidegoei euskarri digitalean bidali die materiala, zaharberritzeko, digitalizatzeko, kokapena zehazteko eta artxibatzeko prozesu konplexu baten ondoren.

 

Airetiko argazkiak ikustea

Lortutako airetiko argazkiak zuri-beltzeko irudi jarraitua dira. Ezaugarri metrikoak dituzte erantsita, eta 50 cm-ko bereizmena eta metro baten inguruko zehaztasun planimetriko teorikoak. Jatorrizko hegaldiaren egoerari eta baldintzei esker, argazkien oreka erradiometrikoari eusteko lanak egin dituzte.

 

Material guztia geoEuskadi plataforman ikus daiteke (www.geo.Euskadi.eus). Airetiko argazkiak datu-geografiko ugarirekin aztertu daitezke. Gainera, argazkiak konparatzeko tresna bat dago. Helburu profesionaletarako, WMS_ORTOARGAZKIAK zerbitzua eta deskargetarako FTPa erabil daitezke.

 

ERREFERENTZIAK

 Project "Casey Jones" 1945-1946: Post-hostilities aerial mapping; Iceland, Europe, North Africa, June 1945-December 1946. Lufthwaffek hegaldi honen aurretik beste bat egin zuela eta irudiak Espainiari utzi ez ziotela uste dute batzuek.

 Juan Antonio Pérez Álvarez; Francisco Manuel Bascón Arroyo; Francisco Javier Crespo Pérez eta Maria Cristina Charro Lobato (2013). «Project Casey Jones, 1945-46: el vuelo histórico f“otogramétrico” de la serie A en España y sus aplicaciones cartográficas».  Mapping aldizkaria, 22 (159), 2013ko maiatza-ekaina, ISSN: 1131-9100

 

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @DavidNius
    2016.eko martxoak 14

    Comentario de Twitter:
    #geoEuskadi ya cuenta con las fotografías aéreas realizadas por el ejército norteamericano en los años 1945 y 1956 https://t.co/lrPuv9RvCT

  • @v_en_c
    2016.eko martxoak 14

    Comentario de Twitter:
    geoEuskadi incorpora fotografías aéreas realizadas por el ejército norteamericano en 1945 y 1956. https://t.co/q8eciULwAY

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Juan Carlos Barroso