Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Arantxa Tapia ASK Chemicalsek Bilboko portuan egin duen aurkezpenean egon da

2016.eko martxoak 10

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapia ASK Chemicalsek Bilboko portuan egin duen aurkezpenean egon da gaur. 50. urtemuga ospatzen ari den kimika-sektoreko enpresa horrek Bilboko portuko industrialdean abian jarri duen proiektua aurkeztu du. Enpresak bertan zentralizatuko du ekoizpena, Europako hego-mendebaldeko merkaturako sarbide estrategikoa delako.

Aurkezpenean izan dira, halaber, Europa hegoaldeko ASK Chemicalsen kontseilari delegatu Iñigo Zarauz, Bilboko Portu Agintaritzako presidente Asier Atutxa eta Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria.

Tapia sailburuak Bilboko portua nabarmendu du, atzerriko inbertsio zuzenak erakartzen dituelako. Horrenbestez, Tapiak gogora ekarri du Invest in the Basque Country kanpainari esker 22 inbertsio erakarri ahal izan direla 2015. urtean, guztira, 137 milioi euroko ekarpena egin dutenak, 608 lanpostu sortuz eta 1.000tik gora lanposturen etorkizuna bermatuz.

ASK Chemicals, galdaketa-industriara bideratutako produktuak ekoizten eta banatzen dituen enpresak 30 establezimendu ditu 25 herrialdetan. ASK Chemicalsek hiru ekoizpen-zentro ditu Espainiako iparraldean, zehazki, Castro Urdialesen (Kantabria), Idiazabalen (Gipuzkoa) eta Artziniegan (Araba), eta horiek Bilboko portuko 10.000 m2-ko pabilioi batean zentralizatuko ditu.

Lekualdaketa faseka egingo da, bezeroen hornikuntza-arazorik izan ez dezaten. Lehen fasean, apiriletik aurrera lekualdatuko dira Castro Urdialesen egiten diren eragiketen zati bat eta Idiazabalen eta Artziniegan egiten diren guztiak. Lan horiek 2016 urtearen amaieran burutzea espero da. Funtsean, bi aldibereko jarduera izango dira: pabiloiaren barnealdean, egungo instalazioak ekoizpen- eta segurtasun-betekizunetara egokitzea, hasiera batean, pinturak, zorroak eta bestelako galdaketa-produktuak ekoizteko; eta kanpoaldean, berriz, lehengaien andelei, sarbideei eta salgaien garraioari dagozkienak, hala nola zerbitzu-instalazioenak, indarreko legedia betez.

2017-18 urteen artean gauzatuko da gaur-gaurkoz Castro Urdialesen dagoen galdaketa-erretxinak egiteko instalazioaren lekualdaketa.

Lehen fasean, inbertsioa 6 milioi eurokoa izango da. Faseak amaitzean, guztira, 10 milioi eurokoa izango da egindako inbertsioa.

Gaur egun, ASK Chemicalsek aipatutako hiru lantokietan 80 langile ditu orotara. Bilboko portura lekualdatzean, kopuruari eutsi ez ezik, enpresak langile gehiago kontratatzeko aurreikuspena du, guztira, 90 edo 100 lanpostu izateko.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2016.eko martxoak 10

    Comentario de Twitter:
    Arantxa Tapia asiste a la presentación del proyecto ASK Chemicals en el puerto de Bilbao https://t.co/wJ4PX5jzdo

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)